Amets Gozoak

Amets Gozoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amets-gozoak/@@download/image/8p18-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Auskalo non eta zein egoeratan. Neska edo mutil batekin zaude, edo birekin, edo hirurekin... Beharbada, zure sexu berekoak dira. Jolasean ari zarete, noski. Eta gozo-gozo zaudenean, orduantxe, unerik gozagarrienean, iratzargailu madarikatuak orruka hasi beharra... Kakazaharra!

Halaxe izaten da. Nork asmatu ote zuen ditxosozko iratzargailua? Hil arteko kartzelaldia merezi zuen, benetan. Tira bada, zer egingo diogu! Utopiak maite ditugunez, ametsak gauzatzen ahaleginduko gara...
Gezurra dirudien arren, ez zara amets erotikoak dituen bakarra. Mundua sexuzalez beterik dago eta! Batzuk ezkutukoak, jakina... Duela hamar bat urte egindako ikerketaren arabera, gizonezkoen %98ak eta emakumezkoen %73ak amets erotikoren bat izan dute inoiz. Zer dela eta emakumeen eta gizonen arteko alde hau? Zenbaitek diotenez, sexuan, beste hainbat esparrutan bezala, mutilak eta neskak ezberdinak gara. Hala ere, inkestak horixe dira, inkestak besterik ez, eta zergatik esan behar diot nik galdezka datorkidan tripontzi bizardun honi nolako ametsak ditudan? Bestalde, urte luzez gizarteak emakumeari sexuaren gozamena ukatu dio eta ez da harritzekoa batzuek honelako kontuak isilpean gorde nahi izatea. Inkestak inkesta, zenbait sexologoren esanetan, denok ditugu amets erotikoak.
Onuragarriak
Gozagarriak izateaz gain, amets erotikoek bestelako funtzioak ere badituzte. Esate baterako, gorputzaren sexu gaitasuna pizten dute, lo egin ondoren prest egon dadin. Erdi Aroan batzuek amets erotikoak gaitz fisikoekin eta psikikoekin lotu zituzten. Gaur egun, aldiz, badakigu onuragarriak direla.
Gai honetan, ikerketek ez dute zalantzarako tarterik uzten: gizakiok noiz edo noiz ondo pasatzen dugu ametsetan. Hona hemen adibide bat. Loaldiak hainbat zati ditu, haietako bat, REM deitutakoa. Aserinsky eta Kleitman ikerlarien arabera, loaldiaren garai honetan gorputza sexua egiteko prestatzen dugu; emakume askoren titiburuak gogortu egiten dira eta alua zabaldu, eta gizonezkoen artean, zakila zutitu egiten da.
Antza, zenbat eta sexu harreman gutxiago izan, orduan eta aukera handiagoa dago amets erotikoak izateko. Adituen esanetan, nerabeek eta helduek dituzte amets erotiko gehien. Nerabeek, sexua egiteko aukera gutxi dutelako. Eta helduek, bestetik, aukera duten arren, nahi adina egiteko gai ez direlako.
Fantasiarekin jolasean
Baina honelako ametsetan zer demontre dugu buruan? Denok ez baikara gogoratzen... Aukera zabala da benetan: orgiak, sexu bereko pertsona batekin larrutan ari garela, neskek mutilak direla eta alderantziz, Di Capriorekin edo Julia Robertsekin... Noski, gainerako ametsei bezala, erotikoei ere esanahia bilatu zaie. Hala ere, ez da erraza esatea amets batek honako hau edo hango hura esan nahi ote duen. Izan ere, norberaren esperientziak aintzat hartu behar dira. Teoriak badira, ordea. Zenbaiten esanetan, adibidez, gizonezkoek jendaurrean biluzik daudela amesten badute, horrek esan nahi du euren sexu gaitasuna zalantzan jartzen dutela. Gure bikotekidea beste norbaitekin txortan ari dela amestuz gero, jeloskorrak garela esan nahi omen du. Sexu harremanetan menpekoak direla sinestuta dauden emakumeek prostitutak direla amestu ohi dute.
Ildo honetatik, ikerlari batzuek diote gizonekin alderatuta, emakume askoren amets erotikoak gaiztoak direla. Dudarik gabe, tratu txarrek, bortxaketek edo bortxaketa arriskuak, gizona "asetu" beharrak, sexua gozagarri ez izateak... eragin handia dute horretan.
Dena den, amets erotiko gozoak badituzu, bejondeizula! Fisikoki, eta baita buruan ere, sasoian zaudela esan nahi du, eta hori ezinbestekoa da sexuarekin gozatzeko eta orgasmoak izateko.
Oheratzeko garaia da. Dutxa bero bat hartu, lasaitu eta utz itzazu alde batera buruhausteak. Gauak ezusteko atseginak ekartzen ditu. Iratzargailuak amets gozoren bat pikutara bidaltzeko asmoa badu, itzal ezazu! Eta eskolan edo lantokian, inork berandu iristeagatik zeozer esaten badizu, emaiozu artikulu hau irakurtzeko. Argia itzali, eta ondo lo egin!