American Crime

American Crime https://www.gaztezulo.eus/albisteak/american-crime/@@download/image/telesaila_ameri_1468239635.jpg
2016/07/11
erreportajea
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
American Crime
Bi denboraldi, bi istorio ezberdin. Lehenengoan, lau pertsona kartzelan sartzearen ondorioz sortzen den zurrunbiloaren lekuko izango gara. Bigarrenean aldiz, tsunami bilakatuko den ur tanta batean urperatuko gara. Bi denboraldietako alfonbra astintzean aterako den zikinkeria guzti horrek, ondorio konponezinak ekarriko
dizkie pertsonaia guztiei.


Urtea:
2015-2016.
Sortzailea: John Ridley.
Herrialdea: AEB.
Denboraldiak: Bi (hirugarrena konfirmatua).
Atal kopurua:
22.



ZERGATIK IKUSI
• Sortzaileak, John Ridleyk, 12 Years a Slave filman, egokitutako gidoi onena irabazteagatik ezaguna, istorio gozagarri baina era berean mingarri bat sortzea lortu duelako. Alor guztiak daude zainduak ekoizpen honetan; muntaia oso eraginkorra da eta istorioa sinesgarriagoa izaten laguntzen du. Baina lortutako errealismoa etengabe arnastearen erantzule nagusiak, gidoi sendo eta interpretazio maila altuei esker izan da.

• Telebista komertzialak normalean saihesten dituen galdera deseroso horiek, eskrupulurik gabe, zuzenean mahai gainean jartzen dituelako. Ikuslea deseroso sentiarazi nahi horrek, ekoizpen oso interesgarri bilakatu du.

• Gizarte kritika ziztatzailea eta ezohikoa –mutil baten ustezko bortxaketa– kalitatezko ekoizpen bati lotua egon daitekeenaren froga nabarmena delako. Arrazismoa, homosexualitatea, nerabetasuna, drogak, heziketa-sistema, politika, klasismoa, komunikabideak eta ustelkeria bezalako gaiak, bikain uztartu ditu bigarren denboraldiak. Ez dezagun ahaztu, telesailaren izenbururako American Crime aukeratu izana, zerbaitengatik izan dela.

• Gizarte estatubatuar zizelkaturiko erretratu soziokultural hau, beste behin, kontakizun unibertsal bilakatu delako; munduko edozein hiriko eskola batera estrapolatu daitekeen istorioa baita. Garrantzitsuena ondorioak direnean, ‘egia’ hori, bigarren maila batera pasatuz.

BINGE WATCHING
Bai, baina hiru atal gehienez.

BITXIKERIAK
• Azken urteetan Fargo eta True detective telesailetan gertatu bezala, American Crimen lehen denboraldiak ez du batere zer ikusirik bigarrenarekin. Trama eta pertsonaia guztiz desberdinak dira, baina kasu honetan beste bereizgarri bitxi batekin: lehen denboraldiko aktore berberak azaltzen dira, baina pertsonaia desberdinak gorpuztuz.

• Telesaila Modesto hirian kokatua dagoen arren, gehiena Texasen grabatuta dago.

• Lehen denboraldiak sei izendapen lortu zituen Emmy sarietan eta hiru urrezko globoetan. Bigarrenak nazioartean harrera hobea izan duenez, eta kritikarien artean adostasun gehiago, arrakasta handiago lor lezake aurtengo sarietan.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
•   American Crime Story: The People v. O.J. Simpson (2016).
•   The Good Wife (2009-2016).
•   Accused (2010-2012).