Amazonia baino gehiago erretzen ari da Afrika

Amazonia baino gehiago erretzen ari da Afrika Angola eta Kongon bakarrik 10.000 sute daude aktibo, Brasilen 2.127. Nekazariek laborantza teknika bezala erabiltzen duten sua, baina horien %10 ez da kontrolatzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amazonia-baino-gehiago-erretzen-ari-da-afrika/@@download/image/1566978341_414043_1567014113_noticia_normal_recorte1.jpg
2019/08/30

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Angola eta Kongon bakarrik 10.000 sute daude aktibo, Brasilen 2.127. Nekazariek laborantza teknika bezala erabiltzen duten sua, baina horien %10 ez da kontrolatzen.
Amazonia baino gehiago erretzen ari da Afrika

Amazoniako suteak begirada triste behatzen gabiltzan honetan, NASAk euren sateliteekin hartutako beste irudi bat zabaldu du. Bertan ikusi daiteke, momentu honetan, Afrikan Brasilen baino sute gehiago daudela. Angolan eta Kongon bakarrik 10.000 sute aktibo daude, hego amerikako herrialdean aldiz 2.127. Biarritzen burutu berri den G7 bileretan Macron-ek iragarri zuen diru bat bideratu zitekeela Afrikako suteak itzaltzera. Afrikako sute gehienak, eta urtero gertatzen dira, aitzinako laborantza teknikengatik gertatzen dira. Gehienak kontrolatuak daude eta ez dute ingurugiroan eraginik, baina badira kontroletik at dauden suteak ere.

Nekazarien sistema gustukoena da, batez ere diru-sartze urriak dituztenen artean. Gainera, laborantza ez dago mekanizatua eta sistema merkeena denez, hauxe lehenesten dute gehienek. Hori bai, ez dira ohartzen epe luzera horrek ekarri ditzakeen kalteeez, lurraren higadura baitakar.

Satelitearen irudiek erakusten dutenez, Zambia, Mozambike edo Madagaskarren ere suteak aktibo daude. Haatik, suteek Afrikan ez dakarte horrenbesteko kalterik, askotan onurak ere ekarri ditzaketeelarik. Amazonian basoak lehorteagatik eta aldaketa klimatikoagatik daude sutan, Afrikan ordea laborantza praktikengatik da. Halere, egoeraren kontrola edukitzea ezinbestekoa da arriskuak ekiditeko.

Honen inguruan sortu den alarma ikusirik Angolako gobernuak adierazi du Brasilgo egoera eta Afrikakoa ez direla alderagarriak: “Egoeraren dramatizazioak eta desinformazioak kalte gehiago egin dezakete.” Urte garai honetan ohikoak dira lurralde horietan sortzen diren suak, nekazariek lurra prestatzen baitituzte datorren euri sasoirako.

Hala ere, aipatu bezala badaude arriskuak. Azken urteetako ikerketen arabera urtero Lur planetako gainazalaren %3 eta %4 artean erretzen da. Afrikan joera beheraka badoa ere suteek gehien eragiten duten kontinentea da. Kalkulatzen da suteen %10 ez daudela kontrolatuak eta ezinezkoa da horiei aurre egitea klima edo su hartzen duten erregaien baldintzak aldatu arte. Honen aurrean, Afrikako herrialde askotan suteen erabilerarekiko kontrola ez dago ongi garatua. Arazo hauen muinean arriskurik ez ikustea, prozedura gaizki aplikatzea edo istripuak izan ohi dira.