Amatasunak eta ez amatasunak ikuspegi feministatik aztertuko dituzte Emaginek antolatutako jardunaldietan

Emagin elkarteak (Ez) Amatasunak Ikuspegi Feministatik jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 11n eta 12an, Donostiako Tabakaleran, gurasotasuna ikuspegi feministatik aztertu nahian. "Bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte eredu justuago bat aldarrikatzen gabiltza eta horri lotuta gure zaintza sistema jarri dugu jomugan. Bada, bizitzaz eta zaintzaz ari garen honetan, ezinbestekoa da amatasunak gizarte erakunde gisa duen papera aztertzea. Halaber, XXI. mendeak bere dituen ezaugarriekin batera aztertu behar da (ez)amatasunen afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak begirada eguneratzea eskatzen du", azaldu dute antolatzaileek.
Ostiralean hamarretan hasiko dituzte jardunaldiak, ongietorriarekin, eta handik ordu erdira, Marina Sagastizabal, Anna Molas eta Diana Oliverren mahai-ingurua izango da honako gai honen inguruan: (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik. Desioak, kontrolak eta denborak. Eguerdian erakusketa eta solasaldia izango da, eta Maria Romero Garciaren Amor de madre ikus-entzunezko proiektuaren zine foruma. Arratsaldean Anariren emanaldia izango da, eta jarraian Amatasuna ez da irla bat. Nola (ez)egin ama? gaia izango dute ardatz. Bizipenak partekatuko dituzte, Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariak arituko dira eta Estolda intimo-politikoak: (ez)amen ahotsak izango dute hizpide. Eguna amaitzeko, La Fêlure konpainiaren Hystérie performancea izango da.
Larunbat goizean Amatasunen arrastoak: ibilbide demografiko, historiko eta feministak gaia izango dute ardatz. Jarraian, amatasunen korapiloak askatzeko estrategia feministen inguruko taldekako eztabaida egingo dute. Ondoren, Beatriz Egizabalen Nik uste dut… emanaldia izango da. Arratsaldean, Mireia Delgadok (Ez)amatasunen inbentario bat narrazioa kontatuko du, eta amatasunaren itzal literarioez arituko dira Uxue Apaolaza, Iratxe Retolaza, Danele Sarriugarte, eta Arantxa Urretabizkaia. Azkenik, artefaktu feministen berrirakurketa egingo du Mursegok.