Amanita Muscaria, perretxiko psikoaktiboa

Amanita Muscaria, perretxiko psikoaktiboa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amanita-muscaria-perretxiko-psikoaktiboa/@@download/image/drogak_amanita2_1444294682.jpg
2015/10/13
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea @Ailaket
Itxuraz kaltegabea dirudien arren, perretxiko honekin tentuz ibiltzea ezinbestekoa da; arriskua murrizteko neurri egokiak hartu gabe kontsumituz gero oso arriskutsua izan daiteke.    


Udazkena ezaguna da perretxiko eta onddoen garaia izateagatik. Era berean, jakina da horietako batzuk psikoaktiboak direla. Euskal Herrian mongiak dira ziurrenik ezagunenak, baina bada beste perretxiko psikoaktibo bat, Euskal Herritik kanpo hainbat lurraldetan ere aurkitzen dena, eta udazkenean ez ezik noizbehinka udan ere ikus daitekeena: Amanita Muscaria edo ‘pottokien perretxikoa’. Askok ipuinetatik ezagutuko dute. Txapela gorria du, borobil zuriz hornitua, eta identifikatzeko nahiko erraza da, nahiz eta batzutan aurkitzeko zaila izaten den, hosto eta belarraren artean ezkutatzen delako.

Konposaketa kimikoari dagokionez, ezin da orokortu, perretxiko ale bakoitzak bere psikoaktibitate maila duelako, baina Amanita Muscariarekin kontuz ibiltzea komeni da, azido ibotenikoa duelako, eta perretxikoa lehortzean muszimolea bilakatzen da (bost bider aktiboagoa). Bestalde, Amanita europearrean oso psikoaktiboa den metiltetrahidrokarbolinaren azido karboxilikoa ere aurkitu da Muscarian, zalantzazko enteogenoa den muskazonaz aparte. Gainera, batzutan muskarina pozoia izaten du kantitate txikietan, eta muskarinak zein azido ibotenikoak goragaleak eta gonbitoak sorrarazten dituzte. Osagai horiek perretxikoaren atal guztietan topa daitezke, baita zurtoinean ere, nahiz eta kontzentrazio handienak txapelan eta, batez ere, azalean aurkitu.

Aurreko guztia kontutan izanda, hartzekotan beharrezkoa da perretxikoa ondo lehortzea, inolako hezetasunik izan ez dezan. Eta sekula ez kontsumitu fresko dagoela, gonbitoak eragiten ditu eta. Horretaz gain, 10 gramotik gora hartuz gero, ziurrenik erietxerako bidea hartu beharko duzu; kantitateak gora-behera, koma egoera ere eragin dezake.

Eraginak zenbait minutu edo orduren buruan nabaritzen hasten dira; beti bezala, pertsona, dosifikazio eta testuinguruaren arabera erabat ezberdinak izan daitezke. Logura eta gonbitoak eragin ditzake, edo energia, alaitasuna, desinhibizioa, erlaxazioa, oreka eza edo bakea sentiarazi. Kasu batzuetan, ikusmena zein entzumena asaldatu ditzake.

Beraz, eraginei pazientziaz itxarotea beharrezkoa da, inolaz ere dosia handitu gabe, eta kontutan izan behar da eraginak hainbat orduz iraun dezaketela. Bestetik, oreka galtzea eragin dezakeenez, ingurune egokia hautatzea ere garrantzitsua da, esaterako, erorketa arriskutsuak saihesteko. Bukatzeko, kontsumitzean pertsona bakarrik ez egotea garrantzitsua da, baita alboan perretxikoa hartu ez duen norbait izatea ere.

Izena: Amanita Muscaria
Itxura: Zurtoin zuria eta txapela gorria borobil zuriekin.
Urtaroa: Udazkena eta, batzutan, uda.
Konposaketa: Azido ibotenikoa, muszimola, azido karboxilikoa, muskazona edota muskarina.
Eraginak: Aldakorrak. Logura, goragalea, gonbitoa, energia, alaitasuna, deshinibizioa, erlaxazioa, oreka eza, bakea, ikusmen zein entzumen asaldurak...
Arriskuak murrizteko neurriak: Lehortu, dosia handitu gabe eraginei pazientziaz itxaron, ingurune eta konpainia egokia hautatu.