Amanda Peet: Komediante ona

Amanda Peet: Komediante ona https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Amanda Peet: Komediante ona
Amanda Peet 1972an jaio zen New York-en. Columbia unibertsitatean historia ikasketak egiten ari zela, Uta Hagen irakaslearen audizio batera joateko esan zioten. Konturatu ere egin gabe, Peetek lau urte eman zituen Uta Hagerekin. Orduntxe egin zituen lehen lantxoak Broodway-en.  
2000 urtean, “People magazine” aldizkariak munduko 50 pertsona ederrenen zerrenda sartu zuen hanka luzeko emakume hau. Zertarako ukatu: aingeru aurpegi horrek ate asko zabaldu dizkio Peeti, baina baita beste asko itxi ere. Hain zuzen, batek baino gehiagok edertasuna besterik ez dio aitortzen, eta hori ez da horrela: Peet aktore ona da, batez ere komediaren barruan. Komediante ona da.
Casting batetik bestera zebilela, zerbitzari lanetan aritu zen, eta gozo marka baten iragarkia ere egin zuen telebistarentzat. Haiek garaiak! 1990ean, baina, aldatu egin zen Peet-en zortea. Paper txiki bat lortu zuen “NYPD Blue” telebista saioan, eta hortik aurrera, eskaintzak heltzen hasi zitzaizkion. Konforme: eskaintza horietako gehienak aurrekontu txikiko film apaletarako ziren, baina Peetek asko zor die aukera horiek eman zizkiotenei.
2000 urtean heldu zen behin betiko aukera, eta ez zuen alferrik galdu. Jonathan Lynn zuzendariaren esanetara aritu zen “The whole ten yards” dibertigarrian, Bruce Willis eta Mathew Perry-rekin batera. Peetek oso paper polita egin zuen film hartan: hiltzaile espiritudun hortz-garbitzaile sexya zen, hain zuzen. Horren ondoren etorri ziren James Magold zuzendariaren “Identity”, kritika onak izandako “Igby goes down”, eta “High crimes” eta “Changing lanes” thriller komertzialak. Azken horretan, urrezko hirukote bat izan zuen lankide: Samuel L. Jackson, Ben Affleck eta Sydney Pollack. Neska gorantz ari zen.
Hala ere, Peetek duela bi urte hartu zuen txanparik politena. Nancy Meyers zuzendariaren “Something´s gotta give” dibertigarrian, Diane Keaton eta Jack Nicholson-ekin batera aritu zen. Peet lehendabizikoaren (Keaton) alabaren paperean aritu zen, baina istorioak azken bira eman aurretik, bigarrengoaren (Nicholson) neska-lagun gaztea ere bazen aldi berean. Hori dena gutxi balitz, iaz erdietsi zuen New York-eko aktorekume guztien benetako ametsa: “Melinda and Melinda” filmean, Woody Allen ttikiaren esanetara jardun zen. Orain, komediante eder hau galtzak bete lan dabil. Ez da harritzekoa.