Amaia Rekarte: “Segi-k bizirik jarraituko du"

Amaia Rekarte: “Segi-k bizirik jarraituko du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-rekarte-segik-bizirik-jarraituko-duquot/@@download/image/17p30-1_1369946409.jpg
2002/04/05
elkarrizketa
Hilabete honetan hasita, GAZTETXULOk sail berri bat irekiko du: "Gazteak eta bakea". Sail honetan Euskal Herriko gazte elkarteen iritzia biltzen ahaleginduko gara, gure herriak bizi duen gatazkaz, egoera politikoaz eta balizko irtenbideez. Egun bereziki gogorretan egin diogu elkarrizketa Amaia Rekarte Segi erakundeko eledun uztaritzearrari. Segi legez kanpo Hego Euskal Herrian, PSE-EEko JJSS-Eraz gazte erakundeko Eduardo Madinaren aurkako atentatua, gose grebak…     

Euskal Herrian bakea lortzeko, zein da bidea?
Lehen irizpidea konpromisoa eta engaiamendua da nazio eraikuntzan aurrera egiteko. Nazio eraikuntzaz ari garela, zentzu guztietan ari gara. Lurraldetasuna da ideia nagusietako bat, zazpiak bat edo seiak bat. Hau da, ez dugu pentsatu behar Euskal Herrian bi edo hiru erralitate daudenik. Beste arlo batzuk ere badira: autoantolaketa, hizkuntza, euskal eskola, ekonomia… Irtenbidea hortik etorriko da. Horrez gain, gizarte eragile guztien elkarrizketa ere beharrezkoa da, euskaldunok gure etorkizuna erabaki dezagun, Frantzia eta Espainiaren esku hartze gabe.

Hipotesi bat jar dezagun mahai gainean: denok zerbait gehiago egin dezakegu gure herrian dagoen gatazka gainditzeko. Zer gehiago egin beharko luke Ezker Abertzaleak?
Euskaldun eta abertzale sentitzen den orok engaiamendu handiagoa izan behar du. Hori biziki garrantzitsua da. Izan ere, su eten garaian erosotasuna zabaldu zen, jendea begira geratu zen. Kontua ez da noiz edo noiz manifestazioak egitea egunkarietan agertzeko. Aitzitik, egunero lan egin behar da, eta esparru anitz daude: ingurugiroa, euskara, gazteria… Antolaketa eta elkartzea, horixe da apustua.

Beste hipotesi bat: gatazkan zerikusia duten alde guztiek zerbait gaizki egin dute. Ezker Abertzaleak zer egin du gaizki?
Zaila da erantzuten. Nire ustez, Ezker Abertzaleak oso egoera zaila du eta errepresio gogorra jasaten ari da: Ekin, Askatasuna, Haika eta Segi legez kanpo utzi dituzte, Batasuna ere legez kanpo uzteko aukeraz hitz egiten ari dira, desobidentzian ari direnen kontrako errepresioa… Horrexegatik, batzuetan defentsan ari gara eta ez dugu lortzen jendea eraikuntzaren beharraz jabetzea. Eta kontua da defentsaren ondoan eraikuntza ere egin daitekeela.

Elkarrizketaren beharra aipatu duzu lehen. Segi prest egongo al litzateke, adibidez, PPko gazteekin hitz egiteko?

Guk, Ipar Euskal Herrian, RPRko edo PSFko gazteekin bilerak egin izan ditugu. Ez diogu elkarrizketari uko egiten. Hala ere, aintzat hartu behar da elkarrizketa zein baldintzatan edo zein helbururekin egiten den. Bestalde, hemen galdera da PPk gu onartzen ote gaituen. Izan ere, PPren politika faxista ikusita, gurekin hitz egin baino gu ezabatu nahi gaituela dirudi. Gaur egun elkarrizketa hori irreala da oraingoz.

Berriki PSE-EEko gazte elkarteko JJ.SS-Egazeko Eduardo Madinaren kontrako atentatua izan zen. Euskal gazteentzat eta oro har, gizartearentzat, gero eta ulergaitzagoa da ETAren borroka armatua, ezta?
Atentatu haren biharamunean hainbat gazte talde elkartu ziren. Baina zer egiten dute talde horiek egunerokoan? Zein konpromiso dute? Zer egin zuten Haika legez kanpo utzi zutenean? Batzuek Haika legez kanpo uztearen kontra zeudela esan zuten. Zer egin dute, ordea? Oso erosoa da atentatuen ondoren kalera ateratzea. Hala ere, gatazka bere orokortasunean aztertu behar da eta beste zenbait ondorio ere kontuan hartu. Jendea nazkatuta dagoela dio. Ni ere Frantzia eta Espainiaren errepresioaz nazkatuta nago. Kontua da mugitzea eta ez ibiltzea gaitzezpenak eginez prentsa oharren bidez.

Haika eta Segi legez kanpo utzi dituzte Hego Euskal Herrian eta zenbait kide kartzelan daude. Dirudienez, etorkizunari begira, Ezker Abertzaleko gazteek zailago izango dute elkarterik sortzea, ezta?
Bai, nazio mailako lana eta askatasuna biziki baldintzatuak dira. Hala ere, gazteen artean, sekulako borondatea ikusi dugu, ez dutela amore emango diote. Presio politiko ikaragarria dago, baita komunikabideetan ere. Dena den, gure herriaren historian ikusi izan dugun bezala, honelako egoeretan jendea bildu izan da eta bilduz gero, kontzientzia indartu egin ohi da.

Azken asteotan Ezker Abertzaleko gazteak protestaldiak egiten ari dira, Segi legez kanpo utzi izana salatzeko. Hor ditugu, esaterako, martxoa hasierako Bruselarako martxa eta gose grebak. Epe luzeera, ordea, zein izango da erantzuna?
Nire ustez, jendea, aurrerantzean ere, herrietan elkartuko da. Eta Lapurdiko edo Arabako herri batean gazteak, euskararen alde egiteko, espekulazioa salatzeko edo beste gai batzuk jorratzeko, elkartzen badira, Segi-k bizirik jarraituko du. Bestalde, ez dakit heldu den hilabeteetan zein neurri hartuko diren, baina argi dago ez garela horrela geratuko.