Amaia Otazo: "Ekoliderretan batzen diren gazteek etorkizuna aldagarria dela sentitzen dute, eta aldaketa horretan beraiek eragile izan litezkeela".

Amaia Otazo: "Ekoliderretan batzen diren gazteek etorkizuna aldagarria dela sentitzen dute, eta aldaketa horretan beraiek eragile izan litezkeela". Gazte Ekoliderrak programa jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritzen den "formakuntza eta bizitza ibilbidea" da. 18 eta 30 urte arteko gazteak gizarte eraldaketaren sustatzaile izatea du helburu, Ekolider aktibista bilakatzea. Hurrengo formakuntza 2023ko urtarriletik ekainera egingo dute eta Amaia Otazo proiektuaren arduradunarekin hitz egin dugu, xehetasun gehiagoren berri izateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-otazo-ekoliderretan-batzen-diren-gazteek-etorkizuna-aldagarria-dela-sentitzen-dute-eta-aldaketa-horretan-beraiek-eragile-izan-litezkeela/@@download/image/IMG_5895.JPG
2022/12/05
elkarrizketa

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gazte Ekoliderrak programa jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritzen den "formakuntza eta bizitza ibilbidea" da. 18 eta 30 urte arteko gazteak gizarte eraldaketaren sustatzaile izatea du helburu, Ekolider aktibista bilakatzea. Hurrengo formakuntza 2023ko urtarriletik ekainera egingo dute eta Amaia Otazo proiektuaren arduradunarekin hitz egin dugu, xehetasun gehiagoren berri izateko.
Amaia Otazo:  "Ekoliderretan batzen diren gazteek etorkizuna aldagarria dela sentitzen dute, eta aldaketa horretan beraiek eragile izan litezkeela".

Ingurumenaren egoera, klima larrialdia, da gaur egungo kezka potoloetako bat, bereziki belaunaldi gazteentzat. Gazte Ekoliderrak egitasmoak ere hori izango du ardura nagusi, ezta?
Premiazkotasun horretan sakontzea baino, bakoitzak horren aurrean hartu nahi duen jarreraren ingurukoa da. Ardatza ez da Gazte Ekoliderrek horren berri izatea, badutelako jada, baizik eta egoera horren berri jakinda, eta batek baino gehiagok zerbait egiteko gogoa sentiturik, horren aurrean zer eta nola egin nahi duten erabakitzea.

Etorkizun jasangarriago baten bidean lidergoari heltzeko prest dauden gazteak bilatzen dituzue.
Ekoliderretan batzen diren gazteek etorkizuna aldagarria dela sentitzen dute, eta aldaketa horretan beraiek eragile izan litezkeela. Eragile izate horretan ‘lider’ hitza erabiltzen dugu, ez pertsona bakarreko lidergoa, bandera aurretik eramango duena masa atzetik duela, baizik eta geldi ez egoteko lidergoa hartuko duena eta pauso bat emateko oso prest egongo dena, akziotik arituko dena. Aktibista izateaz ari gara, baina zentzu zabalean, elkarteetan oposizioa eginez ideia batzuei edo gauza batzuk aldarrikatuz, baina baita politika publikoan ere, edo bakoitzaren formakuntzaren baitan zer egin. Urte asko dira hau martxan jarri zela, 130 ekolider pasatu dira, eta profil anitza dago: gobernuko aholkulari dira batzuk, energia gaietan, baina badaude hezkuntzatik datozenak ere, pedagogia berdean sartu direnak, beraien formakuntzaren baitan aplikatu dutenak; badira kooperante direnak, munduan zehar hemengo ongizatea haratago zabaltzen ari direnak; eta badira talde ekologistetan daudenak, hizkuntza aniztasunean…

Hortaz, bakoitzak bere rola topatu behar du, bakoitzak leku eta ingurumen desberdina dugulako, eta hausnartu beharko da gauden leku horretatik eta egongo garen toki horretatik nola eragin gure ingurua jasangarriagoa izateko. Jasangarriagoa ez bakarrik ingurumenaren alorrean, baita ikuspegi kultural eta sozialean ere. Helburuetako bat bada jasangarritasuna bere zentzu holistikoan ulertzea; hau da, hirigintzaz ari bagara, espazioaren ordenaz eta legeez ari gara, noski, baina horrek eragingo du inguru horretan arlo sozialetik, genero edo berdintasun ikuspegitik, zer aukera emango dituen, baina eragingo du zer kontsumo mota daukagun, zeren plaza bat eraiki badugu, agian plaza horretan merkatu bat izan daiteke, edo pedagogia aldetik, plaza hori jolaserako modukoa izango da ala ez? Ikusi behar da gai bakoitzak zenbateraino eragiten duen jasangarritasunaren alor guztietan. Hori da landu nahi dena, ez hainbeste jasangarritasuna janztea, baizik eta interkonexio guztiak.

Ekoliderrak entzunda, baliteke norbaiti kontzeptu potoloa iruditzea, baina bakoitzak bere esparruan eta ingurune hurbilean eragin dezake.
Bai, beti ere ahalik eta eragin handiena izateko helburuz. Ez da gauza bera Ekoliderretan 22 urterekin hastea, izan ere bere eremua une horretan murritzagoa izan daiteke botere aldetik, baina momentu ezberdinetan botere maila desberdinak dauzkagu. Momentu batean gure boterea egon daiteke familian, kuadrillan edo gure ingurunean, eta eremu hori ere oso baliagarria da aktibismorako; esaterako, ni batez ere kontsumo gaietan ibili naiz eta niretzat kontsumitzea bozkatzea da eta eredu bat bultzatzea. Horretan beti eragin dezakegu, baina baita berdintasun jarreretan eta abar ere. Jabetzen gara gazte batzuk ez direla identifikatuta sentitzen hitz horrekin, baina posizio hori hartzeko beldurra kentzea nahi dugu. Zergatik ez dugu esango lidergoa hartu duzula, zuk hautu kontziente bat egin duzunean zure helburua betetzeko, nahiz eta eremu hurbilean bakarrik eraginez izan? Baina zuk lideratu duzu aldaketa hori zure bizitzan.

Zer ezaugarri izan behar ditu Ekoliderrak?
18 eta 30 urte arteko pertsona bat izan behar da. Ekoliderretan sartu nahi duten zaharragoak izaten dira, baina sentitzen dugu adin-tarte horretan aldaketa momentu handiak daudela eta erabaki handiak hartzeke, eta lagundu dezakegula formakuntzatik. Horrek ez du esan nahi 35 urteko norbaitek ez duenik profila betetzen, baina ibilbide honek adin horretakoei lagun diezaieke bereziki. Horrez gain, euskaraz ulertzen duen pertsona bat izan behar da. Apustu garbi bat egin da taldearen babes-eremua norberaren hizkuntza errespetutik izateko, hortaz, euskara ulertu egin behar da. Eta, batez ere, zurrunbilo txiki bat izan behar du barruan, "zerbait egin behar dut eta ez dakit nola egin" esaten duena. Askotan oso bideratuta dagoenak ere eduki behar du inguruan pareko bat helburu berekin, akzio horrek amaiera on bat izan dezan. Hortaz, gauzak sakontasunean hausnartzeko eta egiteko gogoa izan behar du. Beste guztia taldean landuko da: pentsamendu kritikoa, entzutea, talde lidergoa... gaitasun asko bertan lantzen dira. Grina edukitzea behar da.

Formazioa nolakoa izaten da?
Fase desberdinak dituen ibilbide bat lantzen da. Hiru zatitan banatzen dugu kontzeptualki, baina lotuta dago dena. Alde batetik, jasangarritasunaren ikuspegia lantzen dugu. Gai bakoitzean gaur egungo erronka zein den ulertu behar da; pertsona batek ezin du orain ozono geruzaz hitz egin bere garaian entzun zuelako horren berri. Gaur egungo testuingurura jo behar da; energiaz ari garenean zein da erronka, hirigintzaz ari garenean zein, bioaniztasunean zein... hori jakin behar dugu eta horrekin konexioak egin beste gaiekin. Jasangarritasunaren inguruko formakuntzan pertsona erreferenteen hitzaldiak izaten dituzte eta beraien arteko eztabaidak. Talde dinamikak egiten dira, ez gaiak lantzeko bakarrik, baita pentsamendu kritikoaren lanketa egiteko ere: iturri desberdinak kontrastatu, zer da iritzia, zer da datua… Hori guztia lantzen da jasangarritasunaren atalean.

Bestetik, lidergoaren atala dago. Hiru fasetako ibilbide bat jorratzen da. Hasiko ginateke lidergo pertsonaletik, ekoantsietatea daukagun momentu honetan zainketa nola izan behar den, baina baita norberaren helburuaren bilaketa ere. Bakoitzaren xedea zein den, zer dugun helburu, erabakitzeko denbora hartu, eta teknika batzuk ematen dira hori argitzeko. Beti ere kontuan izanda gure asmo indibidualak eraldaketa globalera bideratuta egon behar duela. Ez da nik nire xedea aurkitzea hori delako garrantzitsua munduan, sinesten dugu oso pauso garrantzitsua dela benetako eraldaketa bat sortu nahi badugu. Normalean eraldaketak pasioz bideratzen dira eta ez baduzu aurkitzen zure indarra, agian energia gai batean ari zara, baina benetan ez duzu sentitzen barrutik eta zure lekua beste nonbait dago. Bakoitzak bere motibazio edo xedea ondo arakatu behar du. Eta lidergoaren bigarren pausoa talde lidergoa da. Elkarrekin arituko garenez honetan, eta eredu profesional berrietan geroz eta gehiago lan egingo denez transbertsalki, landu behar dugu lan taldeetan entzutea, feebackaren kalitatea, ikuspegi anitzek nola elikatu gure iritzi propioa… Eta lidergo sistemikoa edo eraldatzailea ere izaten da, sistemak zer konplexuak diren ulertzea eta konplexutasun horretan zer ez dugun ahaztu behar egin dezakegun ahalegina ahalik eta handiena izateko.

Azken atal bat ere bada, ekintzarena. Jasangarritasunean ikusitako teoria guztiarekin eta lidergoan hartutako gaitasunekin, taldeka lantzen da. Talde bakoitza duen helburu horren inguruan elkartzen da, gertutasuna zeinekin duten arabera, eta ideien fasea egiten da eta praktikan jartzen dituzte ezagutzak eta talde lidergoko gaitasunak. Hor ere tresna batzuk lantzen dira. Ekintzarako gaitzen da,  jakin behar dugu izan duen ideia hori ona den ala ez baloratzen, jendearekin kontrastatzen, alferrikako energiarik ez galtzen… Lehen pausoak zenbat eta sendoagoak izan, denbora asko aurrezten da. Hori alor guztietan egiten dugu, adibidez manifestazio bat egin behar baduzu, gogoratu behar da komunikatzen ez bada, ez dagoela horren emaitzarik. Kontuan izatea, edozein proiektu egiten duzunean, zer pauso eman.

Eduki asko dago, beraz...
Oso trinkoa da. Bost hilabete izaten dira eta nahiko transformazio handia izaten da. Batzuek esaten dute: “Nola aldatu naizen sei hilabetetan!”. Asko begiratzen eta hausnartzen da, informatu… 140 ordu dira bost hilabetetan, askorako ematen du.

Aurrez aurrekoa eta online eredua uztartzen duzue, eta egonaldi batzuk ere egiten dituzue.
Plataforma propioa dugu eta online saioetan batez ere edukia lantzen da. Euskal Herri osoko parte-hartzaileak ditugu eta online egiten dira hizlariekin saioak. Hartara, gainera, lanarekin eta ikasketekin uztar daiteke. Oso metodologia gertukoa izaten dugu, eta inguru birtual hurbilak sortzen dira. Ez da Zoom bidez hizlaria entzutea, interakzio gehiagoko gunea da. Aurrez aurrekoan  lidergo eta ideien gaiak lantzen dira. Horietan gertutasuna behar da eta aurrez aurre egiten dira. Gaiaren arabera, naturaren konexioaz hitz egin behar badugu esaterako, naturan egin behar da. Aurrez aurrekoak Donostian izaten dira orokorrean, eta asteburuko egonaldiak Uliako instalazioetan egiten ditugu, Uliako parkean, eta besteak gaiaren arabera. Lehen sektoreaz ari garenean ustiategi batera joango gara, edo balio handiko eremu natural batera beste batean…

Bestetik, proiektua ere egin behar izaten da, ezta?
Aurretik dakarten ideia bat izan daiteke eta hori garatu banaka edo taldean. Eta horren arabera lortzen da proiektuaren emaitza, prototipo bat. Horiek tutorizatu egiten dira bidean, prototipoa ahalik eta urrutien iristeko. Finantzaketa ere ematen zaie prototipo horien lehenengo bertsioak errealitate bihurtzeko.

Irakasleek bidelagun rola hartzen omen dute.
Hiru mailatako bidelagunak daude. Talde-gidaria, hasieratik bukaeraraino taldearekin egongo dena; denen beharrak ondo ezagutzera iristen da eta prozesu guztian orientatzen du. Taldearen trinkotasuna bultzatzea ere izaten da bere egitekoa. Bigarren mailako bidelagunak ere badaude, lidergoan edo ekintzan espezializatuak, kontzeptualki ideiatik prototipora nola pasa eta prototipoak diseinatzerakoan egoten direnak, edota bilaketak eta hausnarketak egiterakoan. Hizlariak ere bidelagun izendatzen ditugu, ez delako bakarrik hitzaldi bat ematen, baizik eta beraiekin kanala irekita mantentzen dugu, batez ere gazteek interes handia dutelako agenteak ezagutzen. Bide hau egiten dugunean ondo jakin behar dugu ekintza zeinekin egin, agian ez dugu norbanako bezala egingo, orduan bakoitzak atzetik duen erakundearekin zubia osatzen du. Erakunde bateko kide bat etortzen bada hizlari, bide ematen die aktibista izateko hor, zubia egiten du agentearen atzetik dagoen elkartearekin, baina taldearen galderak erantzuten ere jarraitzen du. Horregatik bidelagun figura hori.

Edizio dezente egin dituzue dagoeneko. Zer balorazio egin duzue?
2010etik 2015era egin genuen, bost urteko zikloa, eta lehengo urtean berriro aktibatu genuen. Lehen zikloa eta hau ez dira berdinak, baina helburuak, gutxi gorabehera, berak dira. Helburua pertsonegan aktibismoa bultzatzea eta tresnak ematea da. Esperientzia bereziki ona izan da proiektu honetan, beti oso ondo baloratu da, zeren parte-hartzaileek gaitasunen aldaketa nabarmena nabaritzen dute. Izan ere, oso profil interesgarria da gerturatzen dena; momentu zehatzak daude gure bizitzan behar duguna horrelako prozesu bat eta momentu horretan bidelagunak  badauzkazu, eraldaketa oso handia da. Aldaketa horren arrakasta bi zentzutan dator, galderak dauzkaten gazteekin egiten dugulako lan eta ez oraindik pauso hori eman ez dutenekin; fase horretan daudenean akonpainatuz gero, emaitza handia izaten da. Zer zentzutan aldaketa? Bada, beraien bokazioak pizten dizkie, eta nolabait ikusten dute nondik bideratu nahi duten beraien ibilbidea. Beste batzuek indarra hartzen dute edo konfiantza, falta zituzten tresnak aztertzen dituztelako benetan pausoak emateko. Taldean beste hainbat gazterekin elkartzeak ere saltoa ematea eragiten du, eta sare bat sortzea. Adibidez, lehengo urteko 26 gazteek elkarte bat sortzea erabaki dute, eta 2023rako zer akzio egin pentsatzen ari dira, piztutako gogo guztia errealitate bihurtu nahi dutelako. Balorazioa bereziki positiboa da.

Gazte Ekoliderren formaziorako izen-ematea abenduaren bukaerara arte izango da zabalik. 2023ko urtarrilaren 26an hasiko da ikastaroa eta ekainaren 3an amaitu. Abenduaren 15ean Ekoliderrak programaren inguruko doako saio irekia egingo dute, gaiarekin interesa izan dezaketenei zuzendua. Etorkizuneko enplegu berdeen inguruan arituko dira online dinamika parte-hartzailean.