Amaia Etxandi (Battitta Lauttitta): "Hemengo publikoa antzerkilari usatua da"

Amaia Etxandi (Battitta Lauttitta): "Hemengo publikoa antzerkilari usatua da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-etxandi-battitta-lauttitta-quothemengo-publikoa-antzerkilari-usatua-daquot/@@download/image/20121251394batt_1360058066.jpg
2012/12/05
elkarrizketa
Amaia Etxandi (Battitta Lauttitta): "Hemengo publikoa antzerkilari usatua da"
Kitzikazan/k taldeko hiru aktore eta Battitta Lauttitta-ko beste bi 'Behelainoa' obra taularatzen dabiltza. Hiru lapurtarrek, eta baxenafartar eta zuberotar banak osatutako ekipoa gazte askoren galderak argitzeko. Donibane Garazikoak honaino heldu bitarteko urratsez hitz egin digu.

Battitta Lauttittakoak orain urtebete elkartu ziren lehen aldikotz, Mattin Irigoieni esker, berak idatzitako Jendeen jende antzerkia muntatu nahian; bost neska ziren, elkarrekin lan egiteko prest. Orduko hura ez zen posible izan, baina gogoak ez zituen abandonatu: "Pentsatu genuen guhaurek idazten ahal ginuela antzerki bat. Ez ginuen sekula halakorik egin, bagenekien ez zela inondik ere perfektua izanen, baina..."

Baina... ideiarekin aitzinera egin zenuten.
Bai. Justu iazko abenduan Euskal Herria Zuzenean festibalekoek esan ziguten proiektu xume hau babestu nahi zutela diruz eta, gainera, festibalaren kari, ekainaren 29an Heletan lehena emaitea proposatu ziguten. Gure dudak baztertu genituen laster; zazpi hilabete genituen antzerki baten idazteko eta muntatzeko.

'Behelainoa' da obra hori. "Lan animale batek herri bateko bizia eta horko jendeen harremanak zangoz goratuko dituela" kontatzen duzuela dakigu. Zer gehiago?
Bost pertsonaiaren bideak agertzen dira taula gainean eta, horien itzalean, gure belaunaldiaren kezkak eta galderak. Baina lan irrigarri bat nahi ginuen eta, hara, galderak eta umorea ditugu eskaintzeko.

Nondik sortu zen ideia?
Orain urtebete Laida –beste taldekide bat– eta biok Gasteizera bidean gindoala, Eugitik pasatu ginen eta herri honen historia ezagutu genuen: urtegia eraiki zutenetik, herriaren iraganaren parte bat ur azpian da. Pentsatu genuen metafora ederra izaten ahal zela gure herriak ezagutzen dituen aldaketen eta aro berriaren islatzeko.

Eta zer bilatzen duzue?
Lehen helburua jendeak gurekilan momentu goxo bat pasatzea da. Eta, bigarrenik, antzerki honek galderak sortzen ahal baldin baditu jendeen baitan ere, hainbat hobe.

Nola ari da erantzuten publikoa?
Irriekin! Emanaldi guztiak desberdinak dira, baina aski baikorra da.

Zer moduzko osasuna du antzerkigintzak Euskal Herrian?
Hegoaldekoaz ez dakit hainbeste, barka, baina Iparraldean ona da. Hemengo publikoa antzerkilari usatua da, aditua. Talde eta idazle ugari dira eta izan dira aspalditik: Hiruak bat, Xirrixti mirrixti... Publikoa hor zen Behelaino sortu aintzin, Kitzikazan/k eta Battitta Lauttittak zerrenda luze eta zahar bat osatzen dute. Tankera honetako euskarazko obrek harrera baikorra dute gehienetan, justuki jendeak antzerki obra batek dituen kode eta jokoak ongi ezagutzen dituelako. Bestalde, beti plazera da guretzat Hegoaldera joatea antzerki batekin, plazera den bezala Dejabu Panpin Laborategiak, Lipusek edo Artedramak ematen dituenak ikusteko parada ukaitea etxe ondoan. Iduritzen zait gero eta emanaldi gehiago egiten dituztela han eta hemen. Erran nahi du sare handiago bat garatzen ari dela, muga gaindituz.