Amaia Apalauza Ollok irabazi du VIII. (H)ilbeltza beka

Amaia Apalauza Ollok irabazi du VIII. (H)ilbeltza beka Núria Cadenes katalanaren 'Guillem' euskaratuko du eta Txapalartak argitaratuko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-apaulaza-ollok-irabazi-du-viii-h-ilbeltza-beka/@@download/image/big_amaia-apalauza-hilbeltza-1.jpg
2024/05/06
Núria Cadenes katalanaren 'Guillem' euskaratuko du eta Txapalartak argitaratuko du.
Amaia Apalauza Ollok irabazi du VIII. (H)ilbeltza beka

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatutako VIII. (H)ilbeltza bekak euskarazko nobela beltza sustatzea du helburu, eta, hala, sormen eta itzulpen lanak saritzen dituzte, txandaka. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da eta Amaia Apalauza Olloren lana aukeratu dute, aurkeztutako hamar laginen artean. "Katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen" bereziki aipagarria iruditu zaie epaimahaikideei, "horretarako joskera zaindu baitu eta euskararen baliabide ugariak baliatu baititu, testuari jario handia eta aberastasuna emanez".

Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 lana amaitutakoan. 2025eko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2026ko urtarrilean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean

Amaia Apalauza Ollok (Iruñea, 1979) Euskal Filologia ikasi zuen eta Nafarroako euskarari buruzko doktore-tesia aurkeztu zuen 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da egun, eta EIZIEko zuzendaritza-taldeko kidea. 2015. urtean argitaratu zuen lehen literatura-itzulpena, Sergei Dovlatoven Maleta ipuin-liburua. Ordutik hainbat liburu euskaratu ditu, eta katalana du lan-hizkuntzetako bat. Bi liburu itzuli ditu katalanetik: Irene Pujadasen Puskak (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora (consonni, 2024).

Hainbat lan argitaratuak
2019an abiatutako lehen ediziotik eleberri beltz hauek kaleratu dira bekaren bidez: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak; Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska, Josu Barambonesek euskaratua; Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu; Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskaratua; eta iaz garaile atera zen Joxan Oizen egitasmoa, 2025eko (H)ilbeltza ekimenaren baitan aurkezteko asmoa dutena.