Amaia Abanda ikerlariak jasoko du hirugarren Gladys Saria
Amaia Abandak (Donostia, 1989) irabazi du Puntu.eus-ek eta EHUko Informatika Fakultateak antolatutako III. Gladys Saria. Epaimahaiak irabazlearen "diziplinartekotasuna" nabarmendu du; izan ere, matematikaria da ikasketaz eta arlo informatikora bideratu ditu formazio osagarria eta jarduna.
Amaia Abandak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen matematikari ikasketak eta, ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko masterra egin zuen EHUko Informatika Fakultatean. Basque Center of Applied Mathematics eta EHUko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group taldeen artean egindako tesia aurkeztu zuen iaz.
Gaur egun Tecnalia ikerkuntza zentroan ari da lanean, datu zientzian ikerlari. Azken urteetan lankidetzarekin, dibulgazioarekin eta genero-berdintasunarekin lotutako hainbat proiektutan parte hartu du.
Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzeaz gain.
Abandak irailaren 26an, 11:00etan, jasoko du saria, EHUko Informatika Fakultatean.