Ama hizkuntzak plazaratzeko erronka bota du Bizkaiko Foru Aldundiak

Ama hizkuntzak plazaratzeko erronka bota du Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian 140 ama hizkuntza baino gehiago daudela eta, sare sozialak erabili nahi dituzte hori ikusarazteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ama-hizkuntzak-plazaratzeko-erronka-bota-du-bizkaiko-foru-aldundiak/@@download/image/958315379_202202181241524524652_22411.jpg
2022/02/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bizkaian 140 ama hizkuntza baino gehiago daudela eta, sare sozialak erabili nahi dituzte hori ikusarazteko.
Ama hizkuntzak plazaratzeko erronka bota du Bizkaiko Foru Aldundiak

Otsailaren 21ean, gaurko egunez, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzen da, UNESCOk 1999an hala izendatuta. Kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzea xede duen egunarekin bat egiteko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak sare sozialekin lotutako erronka jarri du martxan. Norbere ama hizkuntzan esaldi bat grabatu eta Facebook, Instagram edota Twitterreko kontuetan igotzeko proposamena egin dute, #AmaHizkuntzenEguna traola erabililiz. Hala, ama hizkuntzen balioa nabarmendu eta Bizkaian erabiltzen diren ama hizkuntzen presentzia azaleratu nahi dute. 

Bizkaiko Foru Aldundiak iaz argitaratu zuen ikerketa baten arabera, Bizkaian 140 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Aldundiaren hitzetan, "euskara, hizkuntza horientzat guztientzat zubi eta aterpe izatea denon zeregina dugu, eta horretan ari gara lanean". Ama Hizkuntzen Eguna baliatu nahi du Aldundiak "herritarrei euskarara hurbiltzeko gonbidapena egiteko, bakoitza beretik, bere ama hizkuntzatik, eta lurraldean dauden hizkuntza horiek guztiak aitortuz eta transmititzera bultzatuz".

Gainera, Ama Hizkuntzen Egunaren harira, Hizkuntza Aniztasunerako Europako Sarearen (NPLD) ekimenarekin bat egin du eta, Euskara Bizia Batzordeko kideekin batera, jatorrizko hizkuntzan sortutako bideo laburrak grabatu eta partekatu ditu NPLD sareko kide guztiekin. Euskarazko esaera zaharrak dituzten berrogeita hamar ikus-entzunezko labur baino gehiago bidali ditu.