Alzheimerra, zientziaren filosofia, eta ekologia izango dituzte hizpide 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi-zikloan

Alzheimerra, zientziaren filosofia, eta ekologia izango dituzte hizpide 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi-zikloan Hiru saio egingo dituzte eta, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, interes sozialeko gaiak landuko dituzte emakume zientzialariekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alzheimerra-zientziaren-filosofia-eta-ekologia-izango-dituzte-hizpide-emakume-zientzialarien-argitan-solasaldi-zikloan/@@download/image/Emakume zientzialarien argitan_horizontala.png
2024/03/04
Hiru saio egingo dituzte eta, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, interes sozialeko gaiak landuko dituzte emakume zientzialariekin.
Alzheimerra, zientziaren filosofia, eta ekologia izango dituzte hizpide 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi-zikloan

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloan hiru saio izango dira: martxoaren 12an, apirilaren 16an eta maiatzaren 7an. "Emakume zientzialariak ezagutzea" da egitasmoaren helburua, "historian euren ekarpenak ezkutuan izan baitira, eta gaur ere emakumeen kontrako diskriminazioa nabarmena baita arlo horretan". 

Hiru emakume zientzialari ezagutu ahal izango dira, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia-komunikatzaileak egindako aurrez aurreko elkarrizketen bidez: Miren Altuna Azkargorta, Arantza Etxeberria Agiriano eta Aitziber Sarobe Egiguren. Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Lehen saioa martxoaren 12an izango da, Miren Altuna Azkargorta (Zarautz, 1988) neurologoarekin, eta alzheimerraren diagnostikoan eta tratamenduan izandako aurrerapenen inguruan arituko da. Altunak garuneko gaixotasun degeneratiboak ikertzen ditu, bereziki alzheimerra. Azkenaldian izan diren aurrerapenei buruz hitz egingo du eta bizi-ohitura osasungarriek duten garrantzia azpimarratuko du. Gainera, Downen sindromea ere izango du aipagai. Izan ere, Downen sindromea duten pertsona guztiek, nahikoa urte bizi badira, alzheimerra garatuko dute.

Bigarren saioa apirilaren 16an izango da eta Arantza Etxeberria Agiriano (Oñati, 1962) filosofoa izango da protagonista. Filosofia, zientziak eta bizidunak gurutzatzen diren lekua izenburua du saioak. EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea da Etxeberria, eta bertako IAS-Research Group on Life, Mind and Society taldeko ikertzailea. Besteak beste, gai hauek lantzen ditu: autonomia eta indibidualtasuna biologian eta medikuntzan, garapenaren biologia ebolutiboa, heriotzaren ikuspegi biologikoa, eta, zientziaren filosofian, sailkapenak zientzian eta gizartean (generoa, arraza).

Hirugarren saioa maiatzaren 7an egingo dute, Aitziber Sarobe Egiguren (Zarautz, 1974)  biologoarekin, Zer esan nahi dute, benetan, jasangarri, trantsizio, ekologiko eta abarrek? izenburupean. Biologian doktorea da Sarobe, eta ekologian espezializatuta dago. Irakaslea da HUHEZIn, eta, militantzian, Arkamurka Zarauzko natura-taldeko kidea da, baita Naturkon Gipuzkoako talde ekologistarena ere. Urteak daramatza naturaren kontserbazioaren alde lanean. 

Hitzaldiak entzuteko aukera
Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira. Horretaz gain, zientzia.eus atariaren Emakume zientzialarien argitan podcastean solasaldi-ziklo honetan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak izango dira entzungai.