'Altza Apain' kaleko artearen topaketa egingo dute irailean

'Altza Apain' kaleko artearen topaketa egingo dute irailean Ekimen honen helburua hiriko auzoen garrantzia artearen bidez nabarmentzea da. Horma-irudiez gain, hitzaldiak, tailerrak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/altza-apain-kaleko-artearen-topaketa-egingo-dute-irailean/@@download/image/Altza.jpg
2021/05/27

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Ekimen honen helburua hiriko auzoen garrantzia artearen bidez nabarmentzea da. Horma-irudiez gain, hitzaldiak, tailerrak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte.
'Altza Apain' kaleko artearen topaketa egingo dute irailean

Donostia Apain programaren barruko ekimena da Altza Apain eta, honen bidez, hiriko auzoen garrantzia nabarmendu eta balioetsi nahi dute artearen bidez. Horretarako, horma-irudiak egiten dituzten artisten topaketak antolatuko dituzte eta edizio bakoitzean auzo bat aukeratuko dute. Altza Apain irailaren 27tik urriaren 3ra egingo dute eta astebete horretan jarduera artistikoak eta ekintzak uztartuko dituzte; kaleko arteari buruzko hitzaldiak eta tailerrak izango dira, besteak beste. 

Horma-irudiak egiteko lekuak hautatzeko garaian, interes sozial edota urbanoa hartuko dute kontuan; ikusteko moduko tokiak eta ezagunak direnak erabiliko dituzte: plazak edo elkartzeko guneak, eskailera eta igogailuetako inguruak...

Parte hartuko duten artistak aukeratzeko, artista plastikoen "ibilbidea eta kalitatea" izan dute aintzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, "kanpoko eta bertako artista ospetsu askok gogotsu daudela jakinarazi digute, euren lanentzat espazio aproposik baldin bada". Auzokoa den Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailea izango da horietako bat.

Ohikoa izaten den moduan, horma-irudietako batzuk desagertu egingo dira denborak aurrera egin ahala. Izan ere, denboraren joanak, eguraldiak edota berriztatzeek eragina izaten dute. Ekimenak auzoan sustraiak errotzea espero dute, eta etorkizunean beste horma-irudi batzuek hartzea aurrekoen lekua. 

Ekintza osagarriak

Obra artistikoez gain, auzotarrek eta kaleko artean interesa dutenek parte hartu ahal izateko moduko ekintzak ere izango dira; esaterako, horma-irudi bat egiten duten bitartean jasoko duten ikastaroa, grafiti historikoen inguruko lantegia eta video mapping-a. 

Kaleko-arte diziplinetan interesa duten gazteei zuzenduak daude ekintzak batez ere. Honen harira, eremu publikoaren erabilera artistikoaren inguruko eztabaida irekia egingo dute grafitigile, abokatu, artista eta pentsalarien artean. Horretaz gain, grafitigile gazte amateurrentzako hormak eskainiko dituzte. Material eta aukeraren truke, grafitigileek sinadura edo etiketa utzi beharko dute bertan, parte hartu dutela islatzeko. 

Egitarau osoa uda igaro ondoren aurkeztuko dute.