Altxorraren bila gastronomikoa. Kroketak (II)

Altxorraren bila gastronomikoa. Kroketak (II) Oinarrian, kroketak egitea ez da sukaldaritzan egon daitekeen errezetarik zailena, nahiko sinplea dirudi, lan gehien batez ere behin orea eginda biltzeak dauka, baina, ez al zaizue sekula pasa, zuen amonaren edo amaren edo lagun baten kroketen errezeta hartu, urratsez urrats jarraitu eta ez zaizkizuela berdin atera? Kroketena, niretzako, gastronomiaren munduko misterio handienetako bat da, eskuak edo pertsona berak, nork egiten dituen, eragin handiagoa du errezeta berak baino, kroketena eta kafearena, taberna berean, makina eta kafe berarekin bi zerbitzarik ez dizute kafe bera prestatzen. Bi horiek dira niretzako gastronomiaren misterio handienak, azaltzen zailenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/altxorraren-bila-gastronomikoa-kroketak-ii/@@download/image/SUKALDEKONTUAK_02.jpg
2020/07/10

Testua: Oraitz Garcia Gastroheroia

Oinarrian, kroketak egitea ez da sukaldaritzan egon daitekeen errezetarik zailena, nahiko sinplea dirudi, lan gehien batez ere behin orea eginda biltzeak dauka, baina, ez al zaizue sekula pasa, zuen amonaren edo amaren edo lagun baten kroketen errezeta hartu, urratsez urrats jarraitu eta ez zaizkizuela berdin atera? Kroketena, niretzako, gastronomiaren munduko misterio handienetako bat da, eskuak edo pertsona berak, nork egiten dituen, eragin handiagoa du errezeta berak baino, kroketena eta kafearena, taberna berean, makina eta kafe berarekin bi zerbitzarik ez dizute kafe bera prestatzen. Bi horiek dira niretzako gastronomiaren misterio handienak, azaltzen zailenak.
Altxorraren bila gastronomikoa. Kroketak (II)

Misterioak misterio, jarrai dezagun altxor gastronomikoaren bila jolasean, jarrai dezagun kroketa onenen bila.
Kroketak egiteko mila errezeta, mila modu daude, ziur etxe bakoitzak, familia bakoitzak baduela berea. Nik aitaren errezetarekin hasi naiz kroketak egiten. Litro bat esne berotzen jarri, irakin arte. Beste kazola batean 120 gramo gurin urtzen jarri, behin urtua dagoenean urdaiazpiko takotxoak bota, apur bat kozinatu eta irina gehitu, ondo nahastu eta esne beroa pixkanaka botatzen joan, bueltak etengabe eman eta irakitera eramaten dugu. Behin kroketen orea dugula erretilu batean jarri eta hoztu. Oinarria prest dugunean, hoztua eta ondo mamitua, koilara edo koilaratxo baten laguntzarekin, nahi dugun kroketa tamainaren arabera, kroketak egin, lehenengo ogi birrindutik pasa, gero arrautzatik eta gero berriro ogi birrindutik. Gero olio berotan frijitu eta et voilá, kroketa goxo goxoak!

Ama Taberna. Aroztegieta 13 (Tolosa)

Bai, Ama Taberna berriro ere hemen. Ez dizuet ukatuko nire taberna kuttunenetakoa denik. Bere onurak kontatu nizkizuen Sukalde Kontuak-en otsailean, baina, behin kroketei buruz hitz egiten hasita ezin aipatu gabe utzi. Urdaiazpiko kroketak ez dira falta, sekulakoak, noski, karratu formakoak, baina, horietaz gain, soberako kroketak eskaintzen dituzte. Izenak berak sukaldean jolasteko aukera ematen die Javi eta Gorkari, egunetik egunera aldatzen baitoa, biltegian edo hozkailuan dutenaren arabera, baina, orokorrean, kroketak bereziak bezain goxoak izaten dira.

Kolon Txiki. Herriko Enparantza 3 (Orio)

Orioko plazan bertan, kroketa eder askoak, bai tamainaz, bai zaporez. Behin bakarrik izan naiz bertan afaltzen eta erabat markatu ninduten bertako kroketak. Handi xamarrak, hainbat mokadutan jaten direnak, krematsuak, bexamel fin batekin eta urdaiazpikoa oso ondo barneratua. Ogi birrindu kapa oso fin bat du eta horrek kroketa asko laguntzen du, oso kroketa arina eta leuna, nahiz eta lehen begiratuan, tamainagatik kontrakoa pentsatu dezakezun.

Araneta. Meagako Errepidea, 8, 20749 (Zestoa)

Erretegi bat, Joseba Odriozolak bere zimenduetatik eraikia. Luxuzko lekua, luxuzko sukaldaritza eta benetan gomendatzen dizuedan lekua, meritu handi du Josebak egiten duena. Birritan izan naiz bertan eta parrilan egiten dituen arrain eta haragien maila bikaina da. Gainera nire azken bisitan ia hitzik gabe utzi ninduten bere kroketek. Errazio ederra, platera mahaian jarri eta 12 kroketa aurkituko dituzu, baina, di-da batean jaten dira, konturatzerako platera hutsa; tamaina erdikoak, biribiltxoak, urdaiazpiko kroketa zaporetsu eta finak.

Baserriberri. San Nikolas 32 (Iruñea)

Atal hau estreinatu zuen jatetxea, nire kuttunenetakoa Ama Tabernarekin batera. Zenbat eta zenbat bidai gastronomiko bizi izan ditudan bertan eta azkenaldian, gainera, bidai gastronomiko horietan beti azaldu da kroketaren bate edo beste. Gogoan, ditut bi onddo kroketa, nahiz eta, beste maila batean berau laguntzen zuen perretxiko salda egon; eta, txangurro kroketa, abakando saltsa batekin lagundua. Biak ala biak, sekulakoak, baita tabernan eskaintzen dituzten urdaiazpiko kroketak ere.

1990 Gastroteka. Euskal Herria Plaza 5 behea. (Tolosa)

Tolosan hasi eta Tolosan amaitzen dugu kroketa onenaren bigarren bilaketa hau. Urteak taberna honetara joaten, nahiz eta aurten ezin izan dudan oraindik bertan egon, ez bazkaltzen, ez afaltzen. Hala ere ez ditut ahaztuak dituzten kroketak, aipatzekoak baitira. Eskaintzan hiru aurki daitezke: urdaiazpikoarenak, txipiroiarenak eta onddoenak. Nik, gomendatzekotan, txipiroi kroketak gomendatuko nizkizueke, kroketa beragatik, eta gainetik duen, eta bikain laguntzen duen, Syracha saltsarengatik ere, bizigarri puntu interesgarria ematen diote kroketei.

Badakizue, zuen kroketen proposamenen zain geratzen naiz, bitartean on egin!