Altxorraren bila gastronomikoa. Kroketak (I)

Altxorraren bila gastronomikoa. Kroketak (I) Konfinamendu garai hauetan ezin jatetxe eta tabernak bisitatu, ezin Gastroheroiaren aitzakiarekin leku interesgarriak ezagutu eta zuei bere onurak kontatu. Hori dela eta, “askatasun” egunetara begira jarri naiz. Gure inguruko taberna eta jatetxeetan topatu ditzakegun altxor gastronomikoen bila jarri naiz nire artxibo gastronomikoan. Bi hilabeteotan ‘Sukalde Kontuak’ ataleko protagonista kroketak izango dira, gure gastronomiaren eta betiko sukaldaritzaren altxor preziatua, adin guztietako jatunei gustatzen zaiena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/altxorraren-bila-gastronomikoa-kroketak-i/@@download/image/SUKALDEKONTUAK_01.jpg
2020/07/08

Testua: Oraitz Garcia Gastroheroia

Konfinamendu garai hauetan ezin jatetxe eta tabernak bisitatu, ezin Gastroheroiaren aitzakiarekin leku interesgarriak ezagutu eta zuei bere onurak kontatu. Hori dela eta, “askatasun” egunetara begira jarri naiz. Gure inguruko taberna eta jatetxeetan topatu ditzakegun altxor gastronomikoen bila jarri naiz nire artxibo gastronomikoan. Bi hilabeteotan ‘Sukalde Kontuak’ ataleko protagonista kroketak izango dira, gure gastronomiaren eta betiko sukaldaritzaren altxor preziatua, adin guztietako jatunei gustatzen zaiena.
Altxorraren bila gastronomikoa. Kroketak (I)

Ez dakit zuek, baina, ni behintzat oso kroketazalea naiz, aitortu behar dizuet, taberna batean kroketa on bat topatuz gero, akabo, eskaintzan izan ditzaketen gainerako pintxoek bost axola, nire begi eta dastamen-papilek ez dute beste inora begiratzen eta kroketekin osatzen dut nire bisita bakoitza. Nahiko burugogorra izaten naiz horrelakoetan, zer egingo diogu.
Nik hainbat kroketa proposamen ekarriko dizkizuet datozen bi aldizkarietan, niri gehien gustatu zaizkidanak aipatuko ditut, hautaketa erabat pertsonala. Gipuzkoa eta Nafarroan zehar ibiliko naiz, horregatik, erronka bat luzatu nahi dizuet, osatu dezagun GAZTEZULOko jarraitzaileen artean Euskal Herriko kroketa onenen gida. Zuen laguntza behar dut, ziur zuen herri eta hirietan, txokorik ezkutuenean ere, badagoelako kroketa bikainak egiten dituen sukaldariren bat. Zuen proposamenen zain geratuko naiz, plazer handiz jasoko ditut. Edo, zergatik ez, zuen etxeko kroketen argazkiak edo kroketa berak bidali eta gustu handiz dastatuko ditut begien bidez bada ere!

Lizarra Kanpina. Ordoiz z/g (Lizarra)

Ausartuko nintzateke esatera Lizarra Kanpineko kroketak direla nire bizitzan gehien markatu nautenak. Nire amonaren kroketak kontuan hartu gabe, horiek bezalakorik ez dut sekula berriro jan. Urteak dira kroketa hauek dastatzen ditudala eta urteen gora beherak ere eragina izan du, baina bertako sukaldari Lailak egiten dituenean hitzik gabe uzten nau. Bola txikitxoak dira, pintxoan bi jartzen dizkizute, bexamel fin batekin, zaporez ere leunak, baina, badute zerbait berezia hitzez deskribatzea zaila dena, onena bertara joan eta dastatzea.

Gure K2a: Zubiondo Industriagunea B2-2 (Hernani)

Arantxa Aduriz, emakume sukaldari bikaina, ia bizi osoa kazola eta zartagin artean, betiko errezetekin zoriontsu egiten ditu bertaratzen direnak bere kroketekin batez ere. Finak, krematsuak, tamainaz ez oso handiak, mokadu batean jateko modukoak. Urdaiazpiko kroketak mundialak, baina, niri, gehien harritu nindutenak, bakailao kroketak izan ziren, leunak, bakailao puntu fin bezain bikain batekin. Azkenekoz bertan egon nintzenean familiarekin, menua kroketak eta arkume errea, gure K2ko bi erregeak.

Naparrak Taberna: Barren Plaza 1 (Zarautz)

Naparrakeko kroketak Gipuzkoako Kroketa Txapelketako finaleko epaimahai lanetan ari nintzela ezagutu nituen. Gogoan dut nola kroketa sofistikatuen artean, bapatean, begi aurrean tamaina oneko urdaiazpiko kroketa bat jarri ziguten eta aho bete hortz utzi gintuen kroketa hark epaimahaikide guztia. Koxk eta bexamelak ihes egin nahi zuen, urdaiazpiko zati ederrak,…oraindik ere gogoan dut utzitako aho zapore bikaina. Zarauzko Pilarren dagoen Naparrak tabernan topatuko dituzue kroketa horiek, Onda familiaren errezeta oinarri dutenak. Gainera, asteazkenetan 1€n truke dastatu ditzakezue.

Iriarte-Enea: Goiko bailara 15 (Gaintxurizketa-Lezo)

Erretegi familiarra, gure sukaldaritzan nahiko erreferente ere badena, baina, ezaguna bere kroketengatik. Edozein otordu hasteko aukera bikaina dira kroketak, urdaiazpiko zein bakailaorenak, gainera, banaka eskatu ditzakezu, nahi adina. Paula Arbelaitzen urdaiazpiko kroketen errezeta oinarri hartuta, bere hiru seme-alabek bakailao kroketak ere sartu zituzten eskaintzan. Bexamel leuna eta zaporetsua, ahoan desegiten dena, kroketa on baten ezinbesteko ezaugarriak.

Bodegon Usarbi. San Francisco 12 (Gros-Donostia)

Akaso hauek izan dira, gogoan dudala, Donostian jan ditudan kroketarik onenetarikoak. Ezusteko ederra izan zen egia esan. Leku ezkutua dela esan genezake. Groseko Kataluña Plazan kokatua, eskailera batzuk jaitsita. Leku ezkutu honek sukaldaritza maila bikaina ezkutatzen du. Bertan izan nintzenean, kroketak mokadu gisa atera zizkiguten, aperitibo bezala, eskatu gabe, eta a zer urdaiazpiko kroketak! Platerkada eder bat jateko modukoak! Gehiago jateko gogoz geratu nintzen eta hori seinale ona izan ohi da.
Hurrengo zenbakian jarraituko dugu gure altxor gastronomikoen bila. On egin!