ALTER EGO: RAFA RODRIGO

ALTER EGO: RAFA RODRIGO https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-rafa-rodrigo/@@download/image/alter_ego_rafa__1479289593.jpg
2016/11/14
erreportajea
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi/ Argazkia:Karobiphoto
Nahiz eta Donostian jaio izan, Irungoa da Rrp. Eszenatokiaren gainean gitarra astinduz, bere kamararen objektiboa enfokatuz edota praketako atzeko poltsikoetan daramatzan koloretako paperak tolesten okupatuta izaten ditu eskuak.

• Skunk eta Willis Drummondekin batera urteak eman dituzu gitarra eskutan. Noiz konturatu zinen zure eskuak paperezko eskulturak egiten trebeak zirela?

Txikitan paperezko hegazkinak egiten nituen, gure garaiko ume guztiak bezala. Baina duela bederatzi bat urte Jupiter Jon taldeko Nerearen kotxeko atzeko eserlekuan origami liburu bat ikusi nuen. Oparitu zidan berak ez baitzuen ezer egiten lortzen eta agian ni ondo moldatuko nintzalakoan... Etxean paperarekin borrokan hasi eta pentsatu nuen: Hau niretzat egina da!

• Berezko trebetasunik behar al da origamia egiteko?

Edornork egin dezake origami, gauza sinpleak egin daitezkeelako gehiegi sakondu gabe. Origamizale askori oso gauza konplikatuak gustatzen zaizkie, detailez beteta. Ikusgarriak dira baina ez naute betetzen.

• Orduan baldarrek ere badute origamin aritzeko aukerarik?
Egia esan, origamin aritzeko psikomotrizitate fina izan behar da eskuetan eta oso zehatza izan. Hasieran okertze txiki bat hurrengo pausoetan arazo handia bilakatu daiteke...

• Eta behin hanka sartzen hasita?
Ufa! Niri gertatu zaidan putadarik handiena zera izan da: sei orduz papera tolesten ematea eta egin nahi dudan figurarako aukeratutako papera ez dela egokia konturatzea.

• Orduan?
Hainbeste orduz gindako lana zaborretara bota behar izan dut noizbait.

• Origamin ezin dira artaziak edo pegamenturik erabili. Eskuak dira tresna bakarra...
Bai, origamiak joko puntu bat du eta etengabeko erronka bat izaten da. Afizio hau musika bezalakoa da, abesti batzuek teknika handia behar dute eta beste batzuek nahiz eta teknikoki errezak izan, badute gustuko dudan dotoretasuna... Nik gehiago disfrutatzen dut prozesuaz azken emaitzaz baino. Egin ditudan figura gehienak oparitu izan ditut.

• Eta zer nolako opariak izan dira?
Neskalagunarentzako lore hilezkorrak, ilobentzako jostailuak, txoriak... Batzuetan metroan edo tabernetan, baten bat uzten dut datorren hurrengoarentzako opari gisa.

• Origamiak badu orduan artetik haragoko balioa...
Bai, izan ere, eguneroko gauzetan oso baliagarria izan daiteke. Minutu batean gutunazal bat edo kutxa bat egin daiteke. Erabiltzen dudan kartera adibidez, paperez eginda dago!

• Paperaz baliatuz, ez da afizio garestia izago...
Ez, ez da batere afizio garestia. Papera edozein tokitan topatu dezakezu. Hasieran liburu batzuk eta testura ezberdinak dituzten koloretako paperak erosi eta kitto! Egunero eskura ditugun edozein paper arruntekin gauza pila egin daitezke.

• Origamiarena laster pasako zaizun zaletasuna dela esango zizun norbaitek...
Egia esan, ez dut uste sekula pasako zaidanik. Koloretako paperak tolesten bizitza osoa emango dudala iruditzen zait.