ALTER EGO: MIKEL PAGADI

ALTER EGO: MIKEL PAGADI https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/09/19
berria
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi - Argazkilaria: karobiphoto
ALTER EGO: MIKEL PAGADI
Mikel Pagadizabal Amiano (Villabona, 1974) euskal aktore, gidoilari, aurkezle eta umorista da. Zuzenbide karrera ikasi bazuen ere, inoiz ez da abokatu lanetan aritu. Bere etxera gonbidatu gaitu, bertan gordetzen dituen altxorrak erakusteko. Sekula entzundako barre kutsakorrena du Pagadik, baina broma gutxi bere –orain arteko– ezkutuko afizioaz aritzerakoan...


• Bigarren Mundu Gerraren zale amorratua zarela jakin berri dugu. Zein arlotan zehazki?

Konfliktua modu globalean interesatzen zait, arlo guztiak ditut gustuko: politika, historia, batailak... Eta baita orduko detaileak ere: garaiko armamentua, uniformeak eta abar. Gaur egungo gauza askok Bigarren Mundu Gerran dute jatorria.

• Esaterako?
Egungo pentsamendu politikoa bi bloketan –ezkerra eta eskuina– banatzeko modua, besteak beste. Teknologikoki ere, asko aurreratu zen orduko interesen alde; izan ere, Bigarren Mundu Gerrari Aro Atomikoa esaten zaio, radarrak, enkriptazio makinak eta ordenagailuen erabilera areagotu zelako.

• Noren erruz hasi zitzaizun zaletasun hau?
Aitona gudarien sarjentua izan zen 36ko gerran eta orduko istorio batzuk kontatzen zizkigun, gutxi baziren ere. Haritik tiraka hasi eta bat-batean konfliktuarekin lotura zuen guztia interesatzen hasi zitzaidan.

• Zertan datza zure altxor-bilduma?
Bibliografia nahiko konpletoa dut eta uniforme batzuk ere. Gaur egun oso erreplika onak egiten dituzte, baina ez dira gauza merkeak izaten... Piezarik preziatuena 1944ean Normandian salto egin zuten parakaidista amerikarren uniformea da.

• Guztiak erreplikak dira orduan?
Gauza gehienak erreplikak dira erosteko ahalmen mugatua dudalako... Garaiko gauza bakarra Alemaniako Wehrmacht zalduneriako ofizial baten botak dira. Gustatzen zait imajinatzea zer nolako tipoa izango zen bota hauek jantzitakoa.

• Horrek morbo punttu bat badu...
Bai, baliteke morbo punttu egotea... Uniformeek duten benetako koloreak eta materiala ikutzeko erosten ditut, garai bateko argazki guztiak zuri-beltzekoak dira eta!

• Ezaguna omen da emakumeek uniformeak gustuko dituztela. Ligatzeko balio izan al dizute?

Oklahoman agian ligatzeko balioko dute, baina hemen ez!

• Eta armairuan gordeta uzten dituzu? Ogia erostera joateko bada ere...
Badira gai honen inguruko topaketak baina ez naiz sekula izan, lotsa ematen dit kalera ateratzea horrela jantzita...

• Lotsa? Zenbatek dute zaletasun honen berri?
Inork ez du ezagutzen. Lagunen batek eta Interneteko foroetako adiskideek bakarrik. Tira, kuadrillako batek gerrako maketak egiten ditu eta horrek ere badaki. Orain arte ez naiz armairutik irten zentzu honetan...

• Uniformeak, liburuak, figurak... egunen batean gainezka egingo dizula iruditzen zaizu?

Ez ba! Uniformeen piezak banaka erosten ditut; egun batean txaketa, beste batean prakak... Ebookak deskargatzen ditut... Etxe normal batean bizi naiz eta lekua mugatua dut!

• Eta jauregi erraldoi batean biziko bazina?
Argi daukat. Etxean gerra-museo horietako bat antolatuko nuke, audiogidak eta guzti!