ALTER EGO: LIDE HERNANDO

Gitarra eskutan, kantautore lanetan imajinatzen zaitugu lokal txiki batean letrak konposatzen, melodiak probatzen... Baina noiz eta nolatan hasi zinen korrika?
Gurasoak super kirolariak dira: mendizaleak, eskiatzaileak, eskalatzaileak, korrikalariak... Eta txikitan beti apuntatzen ninduten kirol jardueratan, baten batekin afizionatuko nintzen esperantzaz...
Eta hala izan al zen?
Ba bai. 15 urte nituela korrika hasi nintzen nire kasa; izan ere, txikitan egindako kirol guztien artean atletismoa izan da sekula egin ez dudan kiroletako bat! Kontua da gurasoek urtero Behobian parte hartzen zutela eta 17 nituela aitak animatuko ote nintzen galdetu zidan...
Eta ordutik sei Behobia-San Sebastian egin dituzu. Nola gogoratzen duzu lehen erdi maratoi hura?
Oso goiz altxa nintzen eta aitaren lagun batzuk etorri ziren etxera gosaltzera kruasan eta napolitanaz betetako poltsa bat eskutan. Korrikalariek zuntza eta halako gauza osasungarriak gosaltzen dute, baina tira, guk erritual moduan hartu dugu egun horretan horrela gosaltzea eta orain arte ez digu kalterik egin... Gogoratzen dut oso urduri nengoela eta sekulako euritea bota zuela; ibilbide osoa bakarrik egin arren, primeran pasatu nuen.
Noizbait kale egin al duzu?
Bai, bitan. Behin Erasmusen nengoelako Holandan eta iaz Liherrekin kontzertu bat izan genuelako. Pena eman zidan baina aspaldi lotuta genuen...
Musikak kirolerako denbora kendu al dizu?
Ez naiz batere kirolari amorratua, astean ez dut lau egunez entrenatzen, baina egia da musikan hasi nintzenetik ezin diodala hainbeste denbora dedikatu kirolari... Hori bai, Behobia sakratua da.
Zer du Behobiak beste lasterketek ez dutena?
Horren popularra da eta horren ondo antolatuta dago! Sekulako giroa egoten da: jende pila animatzen, korrikalariak mozorrotuta, musika... festa bat da. Gogorra egiten da baina ez naiz sekula aspertu.
Lasterketa bakoitzaren aurretik prozesuren bat jarraitzen al duzu? Medikuren batekin osasun kontrola, entrenamendu zehatzak, dietarik...
Bai, lehenengo urtean hain urduri nengoen... bizitzan egingo nuen gauzarik zailena izango zela uste nuen eta aitak entrenamendu bat egin zidan, oso zorrotz jarraitu nuen. Orain, astean gutxienez bi aldiz irteten saiatzen naiz –hiru badira hobe–, egun batean entrenamendu luzea, eta beste batean abiadura (springak). Lasterketa aurreko astean pasta eta arroz gehiago jaten saiatzen naiz...
Ze sari ematen diozu zeure buruari lasterketan egindako esfortzuagatik?
Jana. Lasterketa amaitzean sagardotegira joaten gara, txuleta eder bat bazkaltzen dugu eta postrerako tarta on bat.
Korrika egitera zoazenean, ze musika eramaten duzu?
Diskoak osorik deskargatu eta entzuten ditut. Talde berriak ezagutzea gustatzen zait. Korrika egiten dudanean musika gehien entzuten dudan momentua da. Saiatzen naiz talde kañeroak aukeratzen, rocka edo musika elektronikoa. Egunotan, blues-rock estiloan, Royal Blod eta Rival Sons entzuten ari naiz. Beste batzuetan pelikulen soinu banda epikoak entzuten ditut: Pirates of the Caribbean, The Mission...
Noren alter egoa ezagutu nahiko zenuke?
Eneritz Furyak-ena. Iruditzen zait barne mundu oso interesgarria izan behar duela. Oso berezia ikusten dut eta seguru zerbait bitxia duela kontatzeko.