ALTER EGO: JULEN TELLERIA

ALTER EGO: JULEN TELLERIA Julen Telleria Lopetegi, 1990ean Iruran jaiotako Tolosar peto-petoak kamara aurrean zein mikroaren atzean topatu du bere konfort eremua. Ahozko komunikatzaile fina bada ere, baditu publikoaren belarriak gozotzeko bestelako tresnak... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-julen-telleria/@@download/image/ALTER_EGO_Julen telleria.jpg
2017/03/16
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi Argazkia: Karobiphoto

Julen Telleria Lopetegi, 1990ean Iruran jaiotako Tolosar peto-petoak kamara aurrean zein mikroaren atzean topatu du bere konfort eremua. Ahozko komunikatzaile fina bada ere, baditu publikoaren belarriak gozotzeko bestelako tresnak...

• Noiz hasi zinen bateriari astinduak ematen?
Txikia nintzela, zortzi bat urte izango nituen Tolosako Musika Eskolan instrumentu bat aukeratzeko eskatu zigutenean. Nik denak nituen gustuko beraz, aitak sukaldeko mahai gainean eseri ninduen eta eskuekin perkusioa egiten hasi zen. Markatutako erritmoari jarraitzeko eskatu eta horretarako jaio nintzela esan zidan.


• Etxeko sukaldean jaio, baina non hazi zinen bateria jole gisa?
Tolosako Musika Eskolan zortzi urte eta ondoren akademia batean beste lau urte eman nituen bateria ikasten. Nahiko modu librean aritzen nintzen, sekula ez bainaiz oso akademikoa izan beraz, teknika handirik ez nuen baina bateriak betetzen ninduen. Musika jarri eta horren gainean jo eta jo eta jo eta jo...


• ...eta jo eta... zein momentutan egin zenuen eszenatokira salto?
Kuadrillako anaia bikiak bere anaia zaharrarekin batera panderoa eta trikitixa jotzen ibiltzen ziren auzoetako plaza txikietan. Momentu batean eszenatokian talde formatuan aritzea erabaki zuten: bikietako batek gitarra joko zuen, besteak panderoa eta anaia zaharrenak trikitixa. Bateria faltan, haiekin elkartzeko proposamena egin zidaten, Unsain anaia adoptibo gisa [barreak].


• Instrumentuak zeintzuk ziren ikusita ez da zaila zuen musika estiloa asmatzea...
Bai, izan ere, Tolosan fenomeno kuriosoa dago: oso txarangeroak gara eta txarangan jo izan dut txitxi-txikitatik. Gainera, aita erdi leitzarra denez, ukitu naparra badugu eta nahiko berbeneroak ere bagara. Gaztetan Trikizio, Triki Trak eta horrelakoak ikustera joaten nintzen eta euren playlistak deskargatzen nituen (Gatiburen Alkondarie, Gozategi, Alaitz eta Maiderren estilokoak) eta badaezpada ere, prest izaten genituen sekula inork jotzeko deituko baligu...


• Eta noiz izan zen estreinaldi handia?
Aristerrazuko erromerian 15 urte nituela. Aiako auzo horretan igandero jarraitzen dute erromeriak egiten eta hantxe izan genuen aurrestreinaldia Errege egun batean. Halere, guretzat estreinaldi ofiziala 2006ko otsailaren 3an Tolosako Bonberenean egindako kontzertua izan zen.


• Momenturen batean bertsioaz gain, abesti propioak sortzeko asmoa izan al zenuten?
Bai ba, egun batean gure abestiak sortzea ideia bikaina iruditu zitzaigun eta ni saiakera egitera animatu nintzen. Aitak AHTren aurkako letrak idatzi zizkidan eta ganbarako organilloarekin melodia bat ateratzen saiatu nintzen... Kaka hutsa atera zen. Orduan kontziente izan ginen hobe zala Alkondarie jotzen jarraitzea...


• Zuen arrakasta ikusita, noizbait pentsatu al zenuen musikaz bizitzea?
Bateria jole bezala bizia atera beharko banu, gose handia pasako nuke seguru!


• Dirutxo bat irabaziko zenuten kontzertuekin...
Egia da 15 urtekin nire patrika klasekideena baino askoz beroago nuela baina banekien horretarako ematen zuela eta kitto.


• Zertan lagundu dizu musikak zure egungo lanbidean?
Gazteako lehenengo castinga egin zidan tenikariak belarri ona nuela esan zidan eta irratian entzumenaren sensibilidadea garatzen lagundu didala esango nuke.


• Noren Alter Egoa ezagutu nahiko zenuke?
Ba nire bi talde gustukoen kideenak, Gorka Urbizu edo Kaotikoko bateria zertan dabilen jakin nahiko nuke... Ah! Lander Garroren oso fana naiz ere, ea zerbait ateratzen diozuen!