ALTER EGO: DANELE SARRIUGARTE

ALTER EGO: DANELE SARRIUGARTE Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989). Idazlea, itzultzailea eta kazetaria. Igartza literatur-sorkuntzarako beka irabazi zuen 2012an eta mihi gaiztoek diotenez, urte gutxira Donostiara bizitzera joan zen bere ezkutuko plazeraz patxadaz gozatu ahal izateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-danele-sarriugarte/@@download/image/ALTER_EGODanele 002.jpg
2017/10/12
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Argazkia: Karobiphoto

Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989). Idazlea, itzultzailea eta kazetaria. Igartza literatur-sorkuntzarako beka irabazi zuen 2012an eta mihi gaiztoek diotenez, urte gutxira Donostiara bizitzera joan zen bere ezkutuko plazeraz patxadaz gozatu ahal izateko.
ALTER EGO: DANELE SARRIUGARTE

Izozkia pertsona gehienei gustatzen zaie, baina zuretzat udako plazer txiki bat baino gehiago bada...
Niretzat izozkia zera da, poz iturri bat. Uda garaian, artisauak jatea gustatzen zait eta neguan izozki-dendak ixten dituztenez, tarrinak erosten ditut etxeko izozkailuan gordetzeko. Tira, erretzailea ez naiz beraz, bizioren bat eduki beharko dut!


Zer nolako efektua eragiten du zuregan?
Lasaitu egiten nau. Orokorrean ni oso berbatia naiz, baina gurasoek beti esan didate, izozkia jaten hasi eta isildu egiten naizela. Niretzako momentu hori sakratua da eta horretan jartzen ditut nire zentzumen guztiak. Gainontzeko guztia berdin zait.


Esaten dute plazeraren ostean gainbehera datorrela...
Bai, hala da. Izozkia bukatu ostean depresio puntu bat izaten dut...


Eta nola ematen diozu buelta?
Beste bat janez!


Zenbat tarrina jan izan dituzu jarraian?
Litro bateko tarrina bat osorik, hau da, zortzi bat tarrina txiki esango nuke.


Zein da guztien artean zure zapore gustukoena?
Sasoi kontua da, uda garaian, apirila-urria bitartean after eight, nata intxaurduna edota ron mahaspasekin jaten dut. Negua iristen denean, txokolatera eta bere deribatu guztietara pasatzen naiz. Esan beharra daukat izozki denda bakoitzean zapore ezberdinak fitxatuta ditudala –barrez–.


Eta ba al dago baten bat gustatzen ez zaizuna?
Fruitudunak, sekula ez ditut halakorik hartzen.


Zein da izozkia hartzeko momenturik egokiena?
Bazkalostetik aurrera edozein momentutan, baina bereziki itsasoan bainatu ostean gustatzen zait izozkia jatea....Mmmm! Momentu horretan lasai hil naiteke... Behin bukatuta, hori bai! –Algarak–.


Nola esaten diozu izozkiari?
Mantekaua, baina Donostian bizi naizenetik egokitu behar izan naiz eta orain helatua esaten diot.


Donostian bizi zara duela hiru urte, noizbait egin al duzu izozki-Boulevard paseotxo plana?
Hori ez dut egin, ez zait gustatzen izozkia jatea ibiltzen ari naizen bitartean. Leku batean geldi eta %100ean kontzentratua jan behar dut.


Kukurutxo ala tarrina?
Tarrina, bola oso azkar jaten dut eta kukurutxoa berehala hutsik geratzen zaidalako.


Dastaketa batean izozki industrial eta artisaua identifikatzen jakingo al zenuke?
Baietz esango nuke. Artisauak suabeagoak eta hobeak dira. Zapore gutxiago dute, baina gustagarriagoa. Hau etxeko janariarekin bezala gertatzen da, su motelean egindako babarrunak ala potekoak ez dira sekula berdinak izango...


Ez dut zoritxarrik eragin nahi, baina zer egingo zenuke esnekien intolerantzia izango bazenu?
Ufa! Beste zerbait topatu beharko nuke, ordezkatzeko... Baina egia esan ez dut hori pentsatu nahi. Oso kontu delikatua da niretzat, bizitzako oinarri sendo bat pikutara joango litzateke.