ALTER EGO: Amancay Gaztañaga

ALTER EGO: Amancay Gaztañaga Egun batean Amancay Gaztañaga Sagarzazuk (Guayaquil, 1980) Pandoraren kutxa ireki eta mila koloreko mundua deskubritu zuen. Grises taldearekin batera abeslari eta musikari lanetan ikusten badugu ere, @lagatadepandora musikaria, sabel dantza irakaslea, aktore eta osagarri diseinatzaile lanetan dabil. Hainbeste aukeren artean, azken honetaz aritu gara hizketan bere bi katuak zelatan ditugula... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-amancay-gaztanaga/@@download/image/ALTER_EGOAmancay Gaztañaga 24x17.jpg
2017/07/19
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Argazkia: Karobiphoto

Egun batean Amancay Gaztañaga Sagarzazuk (Guayaquil, 1980) Pandoraren kutxa ireki eta mila koloreko mundua deskubritu zuen. Grises taldearekin batera abeslari eta musikari lanetan ikusten badugu ere, @lagatadepandora musikaria, sabel dantza irakaslea, aktore eta osagarri diseinatzaile lanetan dabil. Hainbeste aukeren artean, azken honetaz aritu gara hizketan bere bi katuak zelatan ditugula...
ALTER EGO: Amancay Gaztañaga

Mila saltsatan zabiltzala iritsi zaigu: sabel dantza irakaslea, aktorea, musikaria... Baina noiz hasi zinen bitxiak eta osagarriak diseinatzen?
Eskulanen zaletasuna txikitatik datorkit. Astebururo aitarekin eskulanak egiten ematen genuen igandea. Kriston ondo pasatzen genuen eta denetarik egiten genuen gainera: koadroak pintatzen, maketak muntatzen, materialak zahartzen...

Etxea izan duzu beraz, irakaslea...
Ba bai, hala da. Aitak ez du sekula ikasi baina Ekuadorren gauzak norberak egiten ditu. Do It Yourself kultura hori aspaldikoa da han! Gurean ordea, asko galdu da gauzak konpontzeko eta berrerabiltzeko ohitura...

Eta nola eragin du eskulanetan duzun abilezia zure beste sortze prozesuetan?
Madrilen ez nuen batere sosarik. Saltseatzen hasi nintzen zorroak, bitxiak eta bestelako osagaiak ikusten... eta pentsatu nuen: “ Ez da zaila izango hau egitea...”. Gainera, arte dramatikoan gabiltzanok badakigu denetarik egiten ikasi beharko dugula: telak josi, zahartu, atrezzatu...

Noiz hasi zinen zure sormen lanak saltzen?
Poltsak egiten hasi nintzen eta joe, ondo geratzen ziren! Orduan jendea galdezka hasi zitzaidan non erosi nuen eta eta nik egindakoa zela esaten nienean eurentzako bat egiteko eskatzen zidaten. 

Eta lagunartetik enpresa bilakatzera?
Saltoa izan zen autonomotan nengoela. Jakina da autonomook langabeziarik kobratzen ez dugula eta urtero Zestoan antolatzen den Gabonetako azokan postu bat jarri nezakeela pentsatu nuen... Familia eta lagunentzako opariak erosteko dirutxo bat ateratzeko aukera ona!

Zelan joan zitzaizun?
Dena agortu zen! Azkenean jendea kexaka etorri zitzaidan, hain denbora gutxian bukatu zirelako...

Enkarguak barra-barra egiten hasiko zinen...
Bai, baina gaur egun ez ditut enkargurik egiten. Zaletasuna izaten jarraitzea nahi dut. Donostiako denda batzuek gauzak eskatu dizkidate baina ez dut nahi kontu hau handiegi bilakatzea, esklabotza bilakatzeko arriskua izan daiteke eta.

Ze material erabiltzen dituzu?
Narru itxura duten tela binilikoak eta AEBetatik ekarritako kotoi organikoa. Indiakoa organikoa da baina hango lan-baldintzak ez dira berdinak.

Zure tailerrean ez dugu josteko makinarik ikusi...
Prozesu osoa eskuz egiten dut. Horregatik izaten dira hain ‘garestiak’... Lagun sastre batek azaldu zidan gauza batzuk eskuz egitea komeni dela, makinaz jositako telek tente geratzen direlako.

Artisau lana egiten duzu beraz...
Bai; izan ere, Gipuzkoako Artisauen Elkartean izena eman nuen eta kide izateko prozesuan nago. Oso zorrotzak dira eta lan prozesu osoa aztertu behar dute benetako artisaua zarela ziurtatzeko.

Eta zuretzat, zer izan behar du artisau batek?
Imajinazioa, pazientzia eta eskuz egindakoak ez direla perfektuak ulertzeko gaitasuna; egiten den gauza bakoitza bakarra da.

Zergatik @lagatadepandora izena?
Katuek flipatzen naute. Eta Pandorarekin harreman berezia izan dut betidanik, eta oso gogoko dut maltzurkeria piztu zuen neska hau. Seguru nago berak ere katua duela –barrez–.

Non topatu ditzakegu @lagatadepandora-ren altxorrak?
www.lagatadepandora.com webgunean edo facebooken orrialdean. Material pila erosita daukat eta udan josten eta sortzen ibiliko naiz!

Noren Alter Egoa ezagutu nahiko zenuke?
Gorka Urbizu edo Uxue Alberdirena, seguru bitxikeriaren bat izango dutela kontatzeko...