ALTER EGO: AINHOA ETXEBARRIA

ALTER EGO: AINHOA ETXEBARRIA AINHOA ETXEBARRIA GÓMEZ (ONDARROA, 1993) ARRATSALDERO ‘GAZTEA BOX’-EN ETA ASTEAZKENERO ‘EL CONQUIS’ TELEBISTA SAIOAN BAZTERRAK NAHASTEN IBILTZEN DA ILEHORI ONDARRUTARRA. IRRATIA ETA PANTAILA TXIKIAZ GAIN, ETXEBARRIAK BADITU EZKUTUKO BESTELAKO BOTEREAK... https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/06/28

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Argazkia: Karobiphoto

AINHOA ETXEBARRIA GÓMEZ (ONDARROA, 1993) ARRATSALDERO ‘GAZTEA BOX’-EN ETA ASTEAZKENERO ‘EL CONQUIS’ TELEBISTA SAIOAN BAZTERRAK NAHASTEN IBILTZEN DA ILEHORI ONDARRUTARRA. IRRATIA ETA PANTAILA TXIKIAZ GAIN, ETXEBARRIAK BADITU EZKUTUKO BESTELAKO BOTEREAK...

 

• Noiz hasi zinen J. K. Rowling-en abenturen jarraitzaile izaten?
Beti gustatu izan zait irakurtzea eta zortzi bat urte nituela Harry Potter-en lehenengo liburua oparitu zidaten. Hainbeste gustatu zitzaidan, gaztelaniaz eta euskaraz irakurri nuela. Gero pelikulak atera zituzten eta engantxatzen hasi nintzen...
• Zein da modu berezian gogoratzen duzun estreinaldia?
Gogoratzen dut Harry Potter-en hirugarren pelikula Zaragozara ikustera joan nintzela gurasoekin. Ama hangoa da eta bertara joan ginen Gabonak pasatzera. Merkataritza-guneko igogailuan ataskata geratu ginen aita, ama eta ni ezin irten. Ni klaustrofobikoa naiz eta ez dut gogoratzen zenbat denbora eman genuen barruan... Negarrez irten nintzen pelikula galdu genuelako, baina hurrengo sesiorako sarrerak erosi eta disgustua pasa zitzaidan!
• Gurasoak ere Harry Potter zaleak dira?
Bai, garai horretan gurasoei asko gustatzen zitzaien Harry Potter eta nik sentitzen nuen umeentzako liburua izan arren, helduen gauza ere bazela eta hori pila bat gustatzen zitzaidan. Apur bat heldua sentitzen nintzen...
• Antzezle lanetan eskarmentua duzula, sagako ze pertsonaia gorpuztu nahiko zenuke?
Voldemort edo Draco Malfoy. Pertsonaia gaiztoak ikaragarri gustatzen zaizkit, sekulako morboa ematen didatelako. Are gehiago, liburuak irakurtzen nituenean Voldemort ez zitzaidan batere gaiztoa iruditzen; bazuen egiten zituen gauzak egiteko arrazoirik!
• Zein izan da gehien gustatu zaizun pelikula?
Lehenengoa dela esango nuke, gehien hunkitu ninduena izan zelako. Badira gerora egindako beste pelikulak, teknikoki hobeak direnak, baina lehenengo pelikulak eragin zidan inpresio hori izugarria izan zen.
• Kasu honetan pelikulak liburuak eragindako espektatibak bete zituela esango zenuke?
Dudarik gabe. Sorgin harria ikusi nuenean ezin nuen sinistu zelan lortu zuten nik buruan nituen pertsonaiak hain ondo gorpuztea... Nire imajinazioarekin oso bateratuak ziren pelikulen irudiak.
• Eta liburuetan, zein da gustuen irentsi duzuna?
Liburuetan gehien gustatu zaidana laugarrena izan da, Suaren Kopa. Bertan torneo bat antolatzen dute eta Robert Pattinsonek egindako pertsonaia azaltzen da. Torneoaren inguruan sortzen den lehia, Robert Pattinson akabatzen dute... Oso modu intentsuan bizi izan nuen irakurketa hori!
• Madrilen Harry Potter-en inguruko erakusketan egongo zinen, ezta?
Bai, noski! Bertan pelikuletan ibilitako gauzak daude ikusgai. Baina egia esan, ez zitzaidan gehiegi gustatu, mucha pasta pa poca cosa. Ordu erdian dena egin nuen. Oso ondo girotuta zegoen, baina mundu guztia mugikorra eskutan, giroa zapuztu egiten zuten nolabait...
• Merchandising pieza preziaturik?
Nahiko frikia naiz, baina gauza praktikoak erosten saiatzen naiz, katiluak, bolak... Etxean hainbat poster ere baditut, txikitan amak ez zidan paretan gauzak jartzen uzten eta...
• Pieza bereziren bat lortu nahian zabiltza azkenaldian?
Bai. Behin tipo bat ezagutu nuen telebistako kanalak aldatzen zituen barita magikoa zuena. Horren atzetik nabil zoro moduen, baina ezin topatu! Aitortu behar dut hilero soldata zatitxo bat halako txorakeriak erosten joaten zaidala, baina neure burua kontrolatzen saiatzen naiz.
• Noren Alter Egoa ezagutu nahi zenuke?
Leire Leturena. Kriminologoa da eta burutik jota dago... Dutxan flamenkoa kantatzen du eta tarot eta esoterismoan aditua dela entzun dut!