Alkoholik edan gabe mozkorraldia eragiten duen gaitza

Alkoholik edan gabe mozkorraldia eragiten duen gaitza Oso eritasun ezohikoa den arren, hesteetan hartzidura sortzen duten mikroorganismoen hazkundeak eragin dezake mozkorra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alkoholik-edan-gabe-mozkorraldia-eragiten-duen-gaitza/@@download/image/pexels-kindelmedia-7298905.jpg
2026/02/06
Oso eritasun ezohikoa den arren, hesteetan hartzidura sortzen duten mikroorganismoen hazkundeak eragin dezake mozkorra.
Alkoholik edan gabe mozkorraldia eragiten duen gaitza

Auto-garagardotegiaren sindromea edo hesteetako hartziduraren sindromea deitzen diote, ingelesez ABS, eta ez da erraza gaitz hau diagnostikatzea.

Sindrome hau dela eta, hesteetako mikrobio batzuek karbohidratoa etanol bihurtzen dute, eta odol-zirkulazioan sartzen da alkohol hori. Guztiok sortzen ditugu alkohol kopuru txikiak digestioa egiterakoan, baina sindrome hau duten pertsonek kopuru handiagoan izaten dute eta mozkortu egiten dira. 

Nature Microbiology zientzia aldizkarian honen inguruan duela gutxi egindako ikerketa baten berri eman dute. ABSa zuten 22 pertsonaren digestio-traktuko mikrobioak aztertu zituzten, eta baita ABSrik ez zuten 21 bikoterena ere. Horretaz gain, beste 22 pertsona osasuntsu ere hautatu zituzten, kontrolerako. 

ABSa aktibatzerakoan sindrome hau zuten pertsonek egindako gorotzetan askoz etanol gehiago aurkitu zuten, beste bi taldeetakoen laginekin alderatuta. Horrek erakutsi du kasu hauetarako berariazko gorotzen analisia sortu beharko litzatekeela diagnostiko fidagarriak egite aldera.

Izan ere, ez da erraza diagnostikatzeko eta horrek pazienteen bizitzan eragina izaten du. Ikerketaren arduraduna izan den Bernd Schnabl medikuak azaldu duenez, "inork ez die sinesten pazienteei, ezta medikuek ere. Norbait ospitalera horditurik iristen bada, ezkutuan edaten aritu dela uste izaten da. Eta haien bizitzetan eragin handia izan lezake: lana galdu, familia arazoak, lege-arazoak...".

Gaitz honi irtenbidea emateko moduren bat ere topatu dute: gorotz-mikrobiotaren transplantea. Hau da, osasuntsu dagoen pertsona baten bakteriak sartu pazientearen hesteetan, galdutako oreka berreskuratzeko. Hala ere, bere mugak ditu eta bestelako konponbideen bila dabiltza: "Gidatuagoak eta errazagoak diren aukerak nahiko genituzke".