Alkoholaren kontsumoak erdibiturik

Alkoholaren kontsumoak erdibiturik Alkoholismoa arazo larria da herrialde askotan, eta heriotza kausa nagusietako bat da herrialde garatuetan; sekulako arrakala dago iparraldeko eta hegoaldeko herrien artean, baina zergatik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alkoholaren-kontsumoak-erdibiturik/@@download/image/alcohol_mitosrealidad.png
2019/10/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Alkoholismoa arazo larria da herrialde askotan, eta heriotza kausa nagusietako bat da herrialde garatuetan; sekulako arrakala dago iparraldeko eta hegoaldeko herrien artean, baina zergatik?
Alkoholaren kontsumoak erdibiturik

Gizarte guztiek izan dute inoiz alkoholarekin harremanik; herrialde arabiarretan erlijioaren poderioz kontsumoa minimoa eta ezkutukoa den bitartean, Europa hegoaldean ospatzeko eta sozializatzeko lotura bezala erabiltzen da, eta iparraldeko eremuetan aldiz, hotzaren eta bakardadearen antidoto moduan. Hain zuzen, Europako ipar eta hegoaldeko herrialdeak erdibiturik daude alkoholak eragiten dituen heriotza kopuruak kontutan hartzen baditugu; hala, iparraldean alkoholismoak askoz ere jende gehiago hiltzen du, eta edaten den kopuruak ez du zer ikusirik. 

Datuok Global Data Health Exchange (GDHx) eta Institute for Health Metrics and Evaluation (IHME) erakundeek 2016an egindako ikerketak eman ditu, eta bertan ikusi daitekeenez, alkoholismoak eragindako heriotza tasa munduko altuenetakoa da ipar Europako herrialdeetan. Finlandian, 100.000 biztanletatik 12,16 alkoholismoaren ondorioz hiltzen dira; Danimarkan, 12,14; Norvegian, 9,31; eta Suedian, 6,15. Aldiz, hego Europako herrialdeko heriotza tasak nabarmen baxuagoak dira; Italian, 1,42 heriotza; Espainian, 2; eta Portugalen, 2,32. Alkoholarekin batera, bestelako drogen kontsumoak eragindako heriotzen arrakala ere antzekoa da.

Harrigarriena, goian aipatu bezala, hauxe da; ez dutela kopuru aldetik gehiago kontsumitzen. Aldiz, hainbatetan, Europa hegoaldean kontsumitzen den alkohol kopurua iparraldekoa baino gehiago izan da. Berdin edaten dutenen kopuruari erreparatuta; alkohola kontsumitzen dutenen portzentaia ia berdina da herrialde guztietan.

 

Orduan, zerk eragiten du arrakala nabarmen hori? Edateko moduak. Badirudi alkoholaren kontsumo ohiturek edo kulturak eragin zuzena duela estatistika horiekin. Hala, hegoaldean askotan edaten da baina kopuru txikiagotan; aldiz, iparraldean ez dute horren sarritan edaten, baina edaten dutenean ez dute neurririk. Esate baterako, Finlandiarren %53 aitortzen du gutxienez hilabetean behin arrapatzen duela mozkor handi bat, heavy drinking deiturikoa. Mozkorraldi horietan gutxienez 60 gramo alkohol puru kontsumitzen dute, hau da, sei kopetan banatu litekeen alkohol kopurua. Suedian eta Danimarkan, mozkorraldi horiek hilean %32 errepikatzen dira.  Aldiz, Espainian halako mozkorraldiak ez dira %19 baino gehiago, eta Italian %6,2. 

Alkoholak rol soziala duen herrialdeetan alkoholismoa dezente baxuagoa da; etxean bakarka eta kantitate handietan kontsumitu ordez, biltzeko, hitz egiteko eta ospatzeko uneetan publikoki eta modu kolektiboan edaten delako izan daiteke?

EUROPA EKIALDEA, LARRIENA

Europa iparraldean alkoholismoa pisuzko arazoa bada, oraindik ere larriagoa da ekialdean. Hala, Errusian 100.000 biztanletatik 27,5 alkoholismoaren ondorioz hiltzen dira; Estonian, 21,7; Ikrainian, 20,8; Bielorrusian 18; eta Polonian, 9,09. Eta munduaren gainontzeko txokoetan? Soilik AEBek eta Guatemalak gainditzen dute Europako alkoholismo maila.