Alkoholaren errealitatea fikzioan

Alkoholaren errealitatea fikzioan Alkohola eta tabakoa izan dira betidanik aktoreei zineman eta telesailetan lagundu dien tandem perfektua; zigarroak baina desagertzen joan dira apurka, tabakoaren aurkako kanpaina indartsua medio; alkoholaren presentzia aldiz, inoiz baino indartsuagoa da. Zergatik onartzen dugu horren libreki droga honen presentzia fikzioan? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alkoholaren-errealitatea-fikzioan/@@download/image/erreportajea_07.jpg
2021/04/09

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Alkohola eta tabakoa izan dira betidanik aktoreei zineman eta telesailetan lagundu dien tandem perfektua; zigarroak baina desagertzen joan dira apurka, tabakoaren aurkako kanpaina indartsua medio; alkoholaren presentzia aldiz, inoiz baino indartsuagoa da. Zergatik onartzen dugu horren libreki droga honen presentzia fikzioan?
Alkoholaren errealitatea fikzioan

Emakume bat ordulariari begira dago, antsietatez gainezka; goizeko 11:55ak dira, eta etxean semea zaintzen egoteaz nazkatuta dagoenez 12:00ak iristeko uneari eusten dio indar guztiekin, erlojuak baimena eman eta berehala ardo botila ireki eta kopa bat zerbitzatzeko. Gizon bat etxera iristen da, egun osoa lanean igaro ondoren; sukaldean sartu, eta ezer baino lehen garagardo bat irekitzen du, egun gogor baten ondorengo saria balitz bezala. Pertsonaia batek egoera triste bat bizi du, eta arintzeko etxeko alkohol guztia irensten du; berdin egoera zorionekoa bada, lagunekin ospatzera irtengo da, arrastaka amaitu arte edanez.


Drogak beti egon dira presente telesail zein filmetan, eta hala izatea beharrezkoa da ehunka kasuetan, fikzioa errealitatearen isla delako. Baina zer gertatzen da drogak normalizatu eta gauza positibo baten moduan islatzen direnean?


Alkohola eta tabakoa pertsonaia nagusiak izan dira historikoki fikzioan. Eszena batek indarra hartzen zuen bi horiek pantailan agertzen ziren bakoitzean. Baina alkoholak ez bezala, tabakoak zentsura gogorra jasan du droga honen aurkako lege zorrotzak martxan jarri zirenetik; gauzak horrela, egun arraroa egiten zaigu pertsonaia batek zigarro bat besterik gabe piztea testuinguruak justifikatzen ez badu. Alkohola aldiz, askatasun guztiarekin agertzen da etengabe pantailan.


Tabakoaren aurkako kanpainak arrakasta izan zuen, eta dagoeneko ez da glamourrarekin lotzen; orain, erretzen duten pertsonaiek arazoak izan ohi dituzte, eta tabakoa orokorrean zentzu negatiboan agertzen da pantailan, dela gaizkileak gaiztoagoak egiteko ala pertsonaia baten suntsipena erretratatzeko (salbuespenak salbuespen). Eta halere, oraindik ugariak dira tabakoaren presentzia telesail eta filmetan salatzen dutenen ahotsak; gauzak horrela, Netflixek tabakoaren aurkako politika onartu zuen 2019an.


Alta, alkohola libreki irensten dugu fikzioan, adin guztiei zuzendutako edukietan gainera. Telesail ikusienen adibide batzuk jartzearren; The Simpsons telesailean, Homer Simpson garagardoz itsu jartzen da Moeren taberna zapaltzen duen bakoitzean; How I Met Your Mother-eko protagonistek ez dute arazorik egunero-egunero edateko, eta berdin Sex & The City telesailean. Alkohola pertsonaia nagusi bilakatzen da ere hurrengo telesail ezagunetan; The Good Wife, Mad Men (ez dago alkoholik gabeko atal bakar bat ere), Boardwalk Empire, The Sopranos, Peaky Blinders, The Wire, Bojack Horseman, True Detective, Breaking Bad, Ray Donovan, Cheers, Shameless, Its Always Sunny in Philadephia... adibideak ehunka dira. Aipatutakoak telesailak besterik ez dira; beste horrenbeste gertatzen da filmetan.



Noiz, zer eta zenbat
Alkohola mota guztietako fikzioan egon ohi da presente, dela komedia, drama, marrazki bizidunak... telesail zein filmetan topatu dezakegu, herrialde guztietako ikus-entzunezko ekoizpenetan. Drogarik globalena da tabakoarekin batera, baina alkoholaren kasuan mugarik ez da existitzen honen erabilera pantaila handian ala txikian erakusteko orduan.


Alkoholaren presentzia hori, gainera, egoera ugaritan ematen da, ez soilik mozkorraldi bat ala adikzio bat islatzeko orduan; ospatzeko, arazoei aurre egiteko, asperdura arintzeko, edo soilik keinu automatiko moduan, denean egon daiteke alkohola eszenan txertaturik. Pertsonaiek edozein aitzakia erabiltzen dute esku artean ardo kopa bat, garagardo bat ala bestelako edari bat hartzeko; lagunekin afari bat, parranda bat, etxean bikotearekin ala bakarrik afaltzean, telebistaren aurrean esertzean, lan bilera baten ondoren ala bileraren erdian... adibideak zenbatezinak dira.


Fikzioan gehien erabilitako alkohol moten artean erregea garagardoa dela pentsa genezake, baina telesailetan ardo zuria da gehien kontsumitzen den alkohol mota; ondoren garagardoa dator, eta hirugarren postuan ardo beltza aurkitzen da. Gertutik jarraitzen diote gradu gehiagoko edariek, whiskia guztietan errege delarik, batez ere, Mad Men telesailaz geroztik. Vodkak eta ginak gertutik jarraitzen diote, eta baita konbinatuek; Sex & The City-k oso modan jarri zuen Cosmopolitan edaria.


Genero aldetik, fikzioan alkoholaren kontsumoa antzekoa bada ere, edateko ohiturak ezberdinak dira emakume eta gizonen artean; orokorrean, gizonek graduazio altuagoko edariak aukeratzen dituzte, batez ere whiskia, eta bestela garagardoa da haien edari kuttuna; lagunekin edo lankideekin kontsumitzen dute alkohola, eta bakarrik bada taberna baten barran eserita izaten da gehienetan. Aldiz, emakumeen edari kuttunena ardoa da, gehienetan zuria eta lehorra. Bakarrik edaten dute sarrien, etxean daudenean.


Eta zer esan telesail eta filmetan edaten dutenen adinaren inguruan? uste daitekeenaren aurka, pertsonaia helduenak dira gehien edaten dutenak; hala, 40-50 urte bitarteko pertsonaiak dira zurrutari gehien ematen diotenak. Gainera, adin tarte horretan alkoholaren kontsumoa ia kronikoa izan ohi da, eta bakarka kontsumitzen dute etxean. Gazteagoek aldiz, alkohola harremanetarako tresna moduan erabiltzen dute, tabernetan eta parrandetan lagunekin kontsumituz.



Normalizazioa, arrisku faktorea?
Alkoholaren kontsumoa guztiz normalizaturik dugu gizartean, eta fikzioak ez du egoera hori aldatzen laguntzen. Alderantziz; alkoholaren etengabeko presentziak droga honen kontsumoa ia ezinbestekoa bilakatzen du. Aldiz, alkoholaren mendekotasunean erortzen direnak epaitzeko joera dugu, alkohola edaten duen edonork gaixotasun bera sufritzeko aukerarik izango ez balu bezala, adikzioaren errudun bakarrak gaixoak balira bezala.


Alkohola gizartean zein fikzioan horren ohikoa izateak zein punturaino eragin dezake norbanakoen adikzioan? Arriskutsua ote da droga honen etengabeko presentzia? Galdera horri erantzun aurretik, hona beste bat; zergatik tabakoarekin argi ikusi den arrisku faktore hori ez zaio alkoholari aplikatzen?
Hain zuzen, tabakoaren kasuan ehunka ikerketa topatu daitezke fikzioan izandako presentziak kontsumoaren igoera ekartzen duela frogatzen dutenak. Urtetan bultzatu dira tabakoaren aurkako kanpainak, legeak sortu dira, eta pixkaka, tabakoa fikziotik baztertu dute; oraindik ere noiz edo noiz agertzen den arren, duela urte batzuekin alderatuta nabarmen jaitsi da tabakoaren presentzia film eta telesailetan. Horrekin batera, gogoratu behar dugu publizitatetik guztiz desagertu dela tabakoa, alkohola ez bezala. Aldiz, alkoholarekin ez dira halako kanpainak martxan jarri; alkoholaren arriskuak ohartarazten dituzten ikerketak egin dira, baina horiek ez dira lotu pantailan droga honek duen presentzia zabalarekin. Antza, ez da horretarako interesik sortu.


Tabakoaren presentzia pantailetatik ezabatzeak kontsumoaren jaitsieran eragin positiboa izan badu, zergatik ez zaizkio alkoholari arau berdinak aplikatzen? Ikerketek argi diote alkoholaren arriskuak larriak direla osasunean, baina oraindik ere, droga honi barkatu egiten dizkiogu eragin negatibo horiek guztiak, eta trukean, bertute tranpatiak eskaintzen dizkiogu; ospakizunetarako elixirra da, arazoak eta penak itotzeko baltsamoa, ligatzeko tresna, tratuak ixteko eta bizitzako unerik ederrenak ospatzeko garaikurra. Eta bitartean, Our World in Data erakundeak 2016an egindako ikerketa mardulak alkoholaren kontsumoarekin lotutako datu beldurgarriak uzten dizkigu: 15 urtetik gorako herritar batek bataz beste urtean 6,4 litro alkohol garbi kontsumitzen ditu, hau da 53 ardo botila urtean (14 vodka botila). Ikerketak bildutako datuen arabera, gainera, alkoholarekin lotutako heriotza goiztiarrak, istripuak, adikzioak eta gaixotasunak askoz ere ugariagoak dira alkohol gehien kontsumitzen den herrialdeetan. Topa?