Alkohola ez da errege

Abstemioa izatea da moda berria, eta alkoholdun edariak tronutik kanporatu dituzte AEBetan zein Erresuma Batuan. Alkohola zokoratzea erabaki dute gazte askok, Sober Curius izeneko belaunaldiari lekua eginez. Gurera oraindik iritsi gabeko mugimenduak arrakasta nabarmena du dagoeneko Denver, Los Angeles edota New York bezalako hirietan; bertan, alkoholik gabeko klub eta tabernak ugaritzen hasi dira, eta sekulako arrakasta dute bertan zerbitzatutako irudimen handiko koktel edota irabiatuek.
Alkohola baztertzeko joera geroz eta arrakastatsuagoa da gazteen artean, eta mugimendu bilakatu da. Hala, alkohola dagoeneko ez da erakargarria; aldiz, alkoholik gabeko edariak trendy bilakatu dira. Baina, nolatan galdu du alkoholak bere fama? Dirudienez, gazteek dagoeneko ez dute alkohola harremantzeko aitzaki moduan erabiltzen; sare sozialen garaiak ligatzeko beste metodo "osasuntsuagoak" ekarri ditu, eta beraz, ez dute alkoholaren "laguntzarik" behar. Bestalde, bizimodu osasutsuagoa eramateko tendentziak ere eragina du, eta horrekin estuki lotuta dago alkoholaren kalte larrien inguruan jasotako informazioa.
Gizarte presioari aurre eginez, beraz, geroz eta gehiago dira erabat abstemioak izateko erabakia hartzen dutenak. Noizbehinkako garagardo edo ardo kopa ere baztertzen dute. Urtebetetze bat ospatzen ari zarela? Lagunekin afaria antolatu duzula? Egun on edo txar bat izan duzula? Erantzunak ez du zertan alkohola izan behar. Hain zuzen, eta batez ere gure gizartean (Europako herrialde gehienetan) alkohola egunerokotasunean oso txertaturik dugu; ia ezinezkoa zaigu edozein ospakizun edota ekintza antolatu alkoholez inguratu gabe. Baina uste denaren aurka, alkoholak ez du zoriontasunik ekartzen, alderantziz.
ALKOHOLA, DROGARIK ZABALDUENA
Oraindik egun, alkohola da mundu osoan gehien kontsumitzen den droga, erabat onartua baitago gizarte gehienetan. Baina usteek diotenaren aurka, alkoholak gure bizi itxaropena murrizten du, eta bai, noizbehinkako zuritoak ere. Ez dago osasungarria den alkoholik ezta kantitate txikienetan ere. Gure buruari esandako gezurrak dira, publizitateak bultzatuta. Baina dirudienez, millenialen belaunaldiak bizkarra eman dio droga honi. Gurean ere, jaitsiko ote alkohol kontsumoa?