'Algaraka' umorezko bakarrizketa lehiaketa sortu dute

'Algaraka' umorezko bakarrizketa lehiaketa sortu dute Bizpahiru minutuko bideo bat aurkeztu beharko da apirilaren 19ra arteko epean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/algaraka-umorezko-bakarrizketa-lehiaketa-sortu-dute/@@download/image/algaraka.png
2024/04/02
Bizpahiru minutuko bideo bat aurkeztu beharko da apirilaren 19ra arteko epean.
'Algaraka' umorezko bakarrizketa lehiaketa sortu dute

Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak Algaraka izeneko umorezko lehen bakarrizketa lehiaketa irekia antolatu du. Antolatzaileek azaldu dutenez, "talentua bultzatzeko, euskarazko sortzaileak eta kultura sustatzeko, euskarazko
ahozkotasuna areagotzeko, bakarrizketen zirkuitua Gipuzkoara eta Euskal Herrira zabaltzeko eta kultura, umorea, gozamena eta irria euskaraz ahalbidetzeko" sortu da Algaraka. "Zer egingo genuke umorerik, gozamenik, irri eta algararik gabe? Umorea
sendagarri da, eta zer hoberik Euskal Herrian euskal kultura aberasteko lanean diharduten bakarrizketariei espazioa eta tokia egitea baino", adierazi dute.

Lehiaketa maiatzeko lau ostiraletan egingo da, 20:00etan. Lehen kanporaketa maiatzaren 10ean izango da, Bergarako Seminarixoan; bigarrena, maiatzaren 17an, Urretxuko Labeaga aretoan; hirugarrena, maiatzaren 24an, Zumaiako Aita Mari aretoan; eta, azkenik, finala, maiatzaren 31n, Bergarako Seminarixoan. Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte.

2008an edo aurretik jaiotako edonork parte har dezake eta bakarrizketak euskaraz sortutakoak izan beharko dute. Aurrekanporaketarako bakarrizketaren iraupena bizpahiru minutukoa izango da eta beste bi faseetarako, berriz, 6-8 minutukoa.

Lehiaketan izena emateko komunikazioa@algaraka.eus helbide elektronikora idatzi behar da, eta parte-hartzailearen datuez gain, bizpahiru minutuko bakarrizketa bidali beharko da, ikus-entzunezko formatuan. Horretaz gain, irudien babeserako baimen-orria beteta eta sinatuta helarazi beharko da. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake.

Apirilaren 19a izango da bakarrizketa aurkezteko azken eguna, eta apirilaren 29an jakinaraziko da zein hamabi lehiakide pasako diren hurrengo fasera. Miren Nogales eta Jon Olivares izango dira aurkezleak, eta epaimahaia honako hirukote honek osatuko du: Idoia Torregarai, Josu Zubia eta Aner Peritz.

Sariei dagokienez, lehen saria irabazten duenak 1.000 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak jasoko ditu. Bigarren postuan geratzen denak, berriz, 600 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak eskuratuko ditu. Bestetik, bergarar onenaren saria ere banatuko da eta hark 250 euro lortuko ditu, herrian erabiltzeko bonuetan. Publikoaren Saria ere izango da eta irabazleak Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazal-etxean gaua eta gosaria izango ditu.