Alferra naiz eta harro nago

Alferra izatea gaizki ikusita dago gure gizartean. Zergatik ordea? Izan ere, alfer asko eta asko oso zoriontsuak dira. Beste batzuk lanpetuta, muturluze eta estresak jota dabiltzan bitartean, alfer askok irribarrea dute beti ezpainetan. Inoiz pentsatu al duzue zein onura ekar dezakeen bizitza honetan kolpe zorrik ere ez jotzeak? Zur eta lur geratuko zarete. Hona hemen horietako batzuk.
Lehenik, primerakoa da osasunarentzat. Hori bai, alferregia izateak kilo batzuk hartuarazi eta kalte egin diezaguke. Estresak kortisol izeneko substantzia eragiten du eta substantzia horrek ahuldu egiten du gure sistema inmunologikoa. Beraz, estresaren kontra, lasaitasuna. Lasaitasun handia.
Bigarrenik, oso ona da sexuarentzat. Psikofisiologoen arabera, sexua egin baino lehen, komenigarria da ordu t'erdiko lo kuluxka egitea. Ordu t'erdi ohean lo seko! Primeran! Antza, lo gauden bitartean, odol gehiago pilatzen da zakilean eta alu jarioa ere handitu egiten da.
Hirugarrenik, independentzia ematen du. Nola ez bada! Alferrei eginkizun gutxiago agintzen zaizkie. Beraz, lan gutxiago egin behar dute, lasaiago daude eta nahi dutena egiteko tarte handiagoa dute.
Laugarrenik, gogoko ez ditugun pertsonekiko harremanak hautsiarazi egiten digu. Denok izan dugu noizbait atsegin ez dugun ezagunen bat. Nola hautsi harremana? Oso erraza da: ez deitu telefonoz, hitzordurik ez jarri, ez galdetu beretaz... Ez zaitezte harritu hainbeste "ez" irakurtzen gadituzue, alferren bizitzaren oinarria ezetza da eta.
Dena den, argi ibili behar da, neurrian izan behar da alferra, joera honek abantailak ezezik, arriskuak ere baditu eta. Ikerlariek diotenez, alferrak zenbat eta gutxiago egin, orduan eta gutxiago egin nahi du. Bestalde, alferkeria gaizki ikusita dagoenez, autoestimua jaitsiarazi dezake. Era berean, bakardadea ere eragin dezake, jendeak ez baitu alferrenganako konfiantzarik.
Zertan ari zara hau irakurtzen? Jantzi ezazu pijama, joan zaitez ohera eta bihar arte! Praktikarik gabeko teoriak ez baitu piperrik balio.
ALFERRA IZAN NAHI DUZU LANTOKIAN?
Lantokian ere alferra izan zaitezke. Arriskua badu, ordea, kalera bidal zaitzakete eta. Horrexegatik, itxura egitea nahitaezkoa da. Hona hemen aholku batzuk.
Motela izan zaitez. Eguneroko zereginak poliki-poliki eginez gero, nagusiek gainerako lankideei baino eginkizun gutxiago agintzeko ohitura hartuko dute.
Harreman ona izan nagusi eta lankideekin. Inork alferra zarenik ez leporatzeko, landu itzazu nagusi eta lankideekiko hareemanak. Beharrezkoa bada, oparitxoak egin diezazkiezu.
Atsedenak hartu. Noizean behin pare bat orduko atsedenak har ditzakezu, kafea hartzeko, egunkaria irakurtzeko, paseoan ibiltzeko edota erosketak egiteko. Aitzakiak bilatu behar dira, noski. Garrantzi handiko pertsona batekin bilera duzula esan dezakezu, adibidez.
Lantokian gora eta behera ibil zaitez, lanpetuta ibiliko bazina bezala. Jendeak estresak jota zabiltzala pentsatuko du. Lankide guztiei etengabe zein lan zail eta neketsua duzun erran behar diezu.
Gaixotu zaitez. Alferrentzat ez dago egun osoa ohean goxo-goxo pasatzea bezalakorik. Beraz, inoiz lantokira joateko gogorik ez baduzu, telefonoz deitu eta gaixo zaudela esan ezazu (edo amari edo mutil edo neska lagunari deitzeko esan). Gaixotasuna lan pilaren ondorioa dela esaten baduzu, askoz hobe.