Alex Txikon: “"Orain arte egin dudana ez da alpinismoa”"

Alex Txikon: “"Orain arte egin dudana ez da alpinismoa”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alex-txikon-quotorain-arte-egin-dudana-ez-da-alpinismoaquot/@@download/image/201210302820ale_1360187067.jpg
2012/11/02
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, 
Argazkiak: Galder Izagirre
1981ean sortu zen hamahiru anaia-arrebatan gazteena. Mutil kozkorra zelarik Ganzabal taldearekin egindako lehendabiziko mendi irteera haiek gustatu zitzaion, antza, 2003an, 21 urte zituela, Broad Peakeko tontorreraino igo baitzuen grinak. Beste zortzi zortzimilako eta hainbeste espedizio etorriko ziren atzetik. Baina, zer du orain buruan?

"Hauxe da gure herria eta gure auzoa; begira, han goian Gorbeia ikusten da", harrera bero eta, batez ere, gozoa egin digu Lemoako etxean. Croissantak, opilak, esnea eta kafea mahai gainean bisitan datozenentzat. Amari eta arrebari aipamen berezia zor diegu, laranja zuku zoragarri haren ordainetan eta, bereziki, agian protagonistak kontatuko ez lizkigukeenak esateagatik. Berak ere badaki emakume indartsu asko dituela inguruan.


Modu kaotiko xamarrean agian, baina gogoa eta kemena ipintzen du egiten duen guztian, eta kasu!, ez baitira gauza gutxi egunak oparitzen dizkion 24 orduetan. Ondo gosalduta, Opel Corsan zurian artu (auto gizajoa...) eta baserrira eraman gaitu, aizkorak atera ditu argazkitarako, enborrak ere bai, zorrozkailua... hantxe jarri zaigu aizkorakadaka, zuuuup!, izerditan; sagardo botila ere ekarri du, edalontzia... "behar duzuena!". Pagadi batera mugitu gara gero; parapentea, soka, pioleta, mailua, arnesa... hamaika traste zintzilikatu ditu soinean inoiz eskatu dioten "argazki zailena" egiteko; baina bera beti prest.


Zaila da Txikonen bizitasun nekagaitza sei mila edo zazpi mila metrotik gorako altuerara eramanda imajinatzea, baina egin dezagun saiakera, halakoxea omen da eta. Dena dela, tarte batez bada ere, aulkian eseri eta elkarrizketara lotu dugu, txintxo.

Mendia, aizkora, igeltseritza... zein da afizio eta zein ofizio?


Bfff... ba aldaketa unean harrapatu nauzu! Igeltseroa naiz eta hamasei urte nituenetik orain arte hori izan da nire lana, eraikuntza enpresa bat eduki dut martxan, zortzi bat langile gara. Mendia gehiago izan da afizioa, baina orain baten edo bestearen alde egiteko unea heldu dela sentitzen dut eta, momentuz behintzat, mendiari egingo diot tartea, nahiz eta oraindik ez dudan proiektu zehatzik eta babesle finkorik. Enkargatua zenaren esku utziko dut enpresa, nik 'txapuzak' egiten jarraituko dut noski, baina mendian aurrerapausoa eman nahi dut.

Nondik atera duzu astia Himalaiarako?


Ba ez dakit, baina aitortu behar dizut, zintzotasunez, egin dudana ez dudala behar bezala prestatuta egin. Lan handiko boladetan, hemen nengoen bitartean, gutxienez hamalau orduz aritzen nintzen eraikuntzan, eta bi txanda ere sartu izan ditut: gauez eta egunez, apenas lorik egin gabe. Astean zehar, ahal nuen moduan, txarto eta buru barik entrenatzen nuen eta, garai batean, asteburuak aprobetxatzen nituen Pirinioetara-edo joateko, baina gero enpresa handituz joan zen eta... badinotsut ez naizela batere zentratuta ibili. Horrela ezin da.

Eta aizkora?


Lagun handiak eman dizkit. Gure herri kirolak gustatzen zaizkit orokorrean, eta pena ematen dit ikusteak, gutxienez Bizkaian, lehen zuten garrantzia galdu dutela. Barakaldo ingurura joaten garenean, adibidez, zirku hutsa gara: "Mira, los aizkolaris!" –Begira, aizkolariak!–. Edozein kasutan, sasoia mantentzen laguntzen dit eta, horretaz gain, alde psikologikoa lantzeko aproposa da: egurrak hor iladan ikustea eta denak moztu behar dituzula pentsatzea... Dena den, txapelketak ere aurreko hamabost egunetan entrenatuta jokatzen ditut, orain izozketen ondorioz oinak ezin ditut ondo ezarri, ez daukat pisu handirik... halamoduz nabil.

Igeltsero, aizkolari edo mendizale gisa, harreman estua duzu medioekin. Bloga dela, kolaborazioak direla, saio bereziak, Nafarroa Oinez, Harria... gustatzen zaizu, ezta?

Horretara behartzen nauen babeslerik ez daukadan arren, ez naiz deseroso sentitzen kazetari artean eta, gainera, iruditzen zait mendiari edo abenturari buruzko halako kontuek oso harrera ona dutela Euskal Herrian. Aurrerantzean honetara bideratu nahi baditut indarrak, gustatuko litzaidake hurbileko harreman horri eustea jarraitzen gaituen jendearekin; zor diegun zerbait da.

Baina baduzu showman puntu bat, ez zaizu iruditzen?


–Algaraka hasi da– Ba agian bai. Lemoako mendi taldeko lagun batek "farandulero" deitzen dit –barrez–. Egia esan, ez dakit nondik datorkidan, agian ez dakit ezetz esaten, nire akatsa da, deitzen didaten guztietara joaten naiz, eta tarteka egin izan ditut gustatu ez zaizkidan gauzak ere.

[Iraila hasieran Groenlandiatik itzuli zen, eskalada eta base jauziak konbinatu zituen abenturatik.]

Abenduko Mendifilm Festibalerako aurkeztu duzue 'Next stop: Greenland', udako esperientzia hura biltzen duen dokumentala. Gorakada handia genero honena, ezta?

Ni behintzat erabat engantxatuta nago! 2002 urteaz geroztik, espedizioak filmatzen nabil, ikasten, eta, kamera profesionala ez naizen arren, saiatzen gara gero eta lan teknikoagoak egiten. Groenlandian, behintzat, kristoren lana hartu nuen time-lapseekin batez ere.

Zaleek goi mailako alpinismoa jarraitzeko modua irauli du horrek. Lehenago, espedizioan zehar eta ondoren gertatzen dena ezagutu dezakegu.


Bai bai eta, ez hori bakarrik, nahi duenak gure pausoak uneoro jarrai ditzake kanpoan gaudenean! Harrigarria da. Gogoratzen naiz 2007an, Al filo de lo imposible saioarekin, oso bestelako espedizio bat egin genuela Shisha Pangmara, Tibeten. Pertsona bakoitzeko yak bi besterik ez genituen trasteak kanpamentu nagusira igotzeko eta, hortaz, ezinbestekoa ez zen beste guztia behean utzi genuen. Ez telefonorik ez ezer! Mahaiak eta aulkiak ere guk geuk egin genituen harriekin, eta parte metereologikoei ordez izarrei begira jardun ginen: zenbat eta dizdira handiagoa, eguraldi hobea zetorrenaren seinale. Oso esperientzia berezia izan zen, teknologia ezabatzen duzunean galduak zenituen beste pertzeptzio batzuk azaleratzen direlako.

Donostiko Zinemaldian ere ikusi zintugun, 'Pura Vida' filmaren estreinaldia babesten. A priori, morboso samarra iruditu zitzaidan 
 rreskate bati buruzko dokumentala egitea...
Bai, tira, egia da ardatza Iñaki Otxoa De Olzaren erreskate saiakera eta heriotza bera direla, baina iruditzen zait zabaldu nahi duen mezua askoz ere positiboagoa dela. Alexey Bolotoven hitzekin geratzen naiz esaten duenean bera ez doala mendira ospe, ohore eta diru bila; edo Denis Urubkok mendizaleen arteko harremanaren kontura dioenarekin: guztiok herrialde berekoak garela, mendietakoak...

...ez dut uste dena hain arrosa kolorekoa denik.

Ez, noski. Oso bestelako jarrerak ere ikusten dira: bidean jendea botata uzten dutenak, tontorra lortzearren printzipio guztiak galtzen dituztenak eta abar. Baina etikoki eta balore argiekin jokatzen duen jendeaz ari nintzaizun hizketan, bizitzan bezalaxe mendian ere denetarik dagoelako. Bestela ba, gure egunerokoan gertatzen den moduan, normala da tarteka gaizkiulertuak edo desadostasunak sortzea, baina elkar errespetatzea behar da guztiaren gainetik. Adibidez, Iñakirena –Iñaki Otxoa De Olza– gertatu zenean, bion arteko harremana aldrebestuta zegoen eta, albistea jaso nuenean, irudi bat etorri zitzaidan burura, Astunen mendi eskia egiten koinziditu genuenekoa. Orduko hartan, berak ikusi ez ninduen arren, aukera eduki nuen hurbildu, agurtu eta, agian, gure artekoa konpontzeko, lagun onak ginelako; baina ez nuen egin, eta beti damutuko zait, pena daukat ez nintzelako agurtu.

Otxoa De Olzak berak behin aipatu zuen kanpamentu nagusian punk musika entzuten pasatzen zenuela egun osoa. Gordetzen duzu ohitura hori oraindik?


Punka eta beste gauza batzuk... –barrez–, aklimatazio prozesuak luzeak izaten dira eta. Ni ez naiz geldirik egoten! Sukaldean sartzen naiz sherpekin, footbolean hasten gara, boleibolean, harriak jasotzen...  Seguru aski, gehiago irakurri beharko nuke, ikasteko, beste modu batera gozatzeko... baina horretan pakete hutsa naiz.  

Mendiak ematen dizkizun lagunez hitz egin didazu lehen. Kendu ere kendu dizkizu.


Hiru lagun han utzita bueltatu nintzen Karakorumetik –Pakistan– martxoan, eta denbora behar izan dut nire baitan pentsatzeko eta hausnartzeko gertatutakoaz. Absurdoa dirudi zergatiekin tematzea atzera bueltarik ez dagoenean, baina ikasi egin behar da, momentu jakin bateko intuizio-bulkadak edo erabaki batek izan ditzakeen ondorioez jabetu, Himalaian bezala hemen ere. Bizitza eta heriotza banantzen dituen lerroa hain estua da denontzat... 2007an Ricardo Balencia Daulaghirin hil zenean, adibidez, asko kostatu zitzaidan mendira itzultzea, grina hori berreskuratzea; baina etorri zen, apurka-apurka.

Arriskuari gehitu hotza, nekea... "mendira, zertara?!" pentsatuko dute askok.


Ba, bizirik sentitzera. Mendian, kanpamentu nagusitik goruntz aterata edo base jauzi bat egitekotan naizelarik, oso une intentsuak bizitzen ditut, %100era, azken eguna balitz bezala. Bihotz taupadak nola bizkortzen diren, izerdi hori... zaila da azaltzea, baina bizirik sentiarazten nau. Badakit gauza asko galdu ditudala; koadrilakoak udaberrian Gazte Topagunera joaten zirenean, adibidez, nik kale egiten nuen, ni mendira. Dena dela, gehiago da eman didana kendu didana baino.

Ez duzu aipatu baina hor dago, baita ere, gurea ez den beste kultura batzuekin elkar eragiteko aukera aberasgarri hori.


Bai, tira, jada ez gara berritasun handia elkarrentzako, esan nahi dut aspaldi hasi zela kontaktua baina, oro har, rollo ona dugu joaten garen lekuetako jendearekin, eta harrera atsegina egiten digute, nahiz eta beti dagoen baten bat zugan dirua besterik ikusten ez duena, eta normala da gainera. Baltiak, adibidez, bereziki abegitsuak dira; zenbat eta behartsuagoak, orduan eta gehiago emateko prest daude. Beharbada, umetxoak pobrezia testuinguru horietan edo lanean ikustea da gogorrena jakinda erantzuleak geu garela eta, Pakistanen kasu zehatzean, emakumeek animaliek baino gutxiago balio dutela ulertzea ere bai. Dena den, tamalez, ez dago haraino joan beharrik halakoak ikusteko.

Soldadu pakistandarrek, hain zuzen, base bat dute Karakorumen, 5.000 metroko altueran. Hilabeteak pasatzen dituzte han balizko inbasio baten aurka altxatzeko prest.

Baldintza penagarritan bizi dira han, Gasherbrum I-eko kanpaleku nagusiaren alboan; hilabeteak ehun euroren truke. Behin bizia salbatu genion bati. Tripetako gaitza zuela esan ziguten bere kideek, baina oxiosimetroa jarri –oxigeno kontzentrazioa odolean neurtzeko– eta sekulako edema zeukala konturatu ginen. Desametasona sartu genion berehala, justu-justu zegoelako. Han, bestalde, 80ko hamarkadako gerraz geroztik izugarrizko eremu minatua daukate, orain gutxi arte hesitu gabe egon dena gainera; Stinger misilak, pertsonen kontrako minak... oso arriskutsua.

Haiek eta zuek paraje berean. Haiek izorratuta eta zuek plazerez.

Ba bai, handia da kontrastea baina, orain arte behintzat, elkarri lagundu diogu posible izan denean. Nondik gatozen ere azaltzen diegu... joe, grazia handia egin zidan Barricadaren disko zahar batzuk jarri genizkiela eta ez zitzaiela ezer gustatu: "Ze musika txarra!" –barrez–.

[2008tik 2010era bitarte, Edurne Pasabani hamalau zortzimilakoen lasterketan lagundu zion taldean aritu zen Alex Txikon. Espedizio komertzial eta mediatikoak ziren, azpiegitura tekniko eta humano handikoak, tontorra beste helbururik ez zutenak. Ez lortzea porrota zen.]

Eroso sentitu zinen? Jarduteko modu hori konpartitzen duzu?

Ba begira, orokorrean, ez zidan kontraesan handirik sortu hasiera-hasieratik jakin nuelako zein zen Edurneren papera espedizio haietan eta zein gurea edo nirea. Banekien soldatapeko langile bat nintzela, besterik gabe. Gustatzen zitzaidana egitearen truke ordaintzen zidaten, eta ni pozik!

Edurne Pasabani eta Miss Oh-ri buruz denetarik entzun dugu, halako babesarekin aritzeak egindakoari meritua kentzen diola ere bai.


Miss Oh-ren lasterketa azkarragoa edo fulminanteagoa izan zen eta Annapurnan muntatua zuena bezalakorik nik ez dut beste inon ikusi: helikopteroak, material pila, ez dakit zenbat sherpa... milioika euroko aurrekontua zegoen han. Edurnerena ez zen hainbesterainokoa izan. Gu laguntzera joan ginen eta berak ez zuen hutsik egin, are gehiago, batzuetan bera izan zen aurrea hartu eta segitzeko kemena atera zuena. Egia da zortea izan zuela istripuei eta elur jausiei dagokionean... baina gorgortasuna eta ausardia erakutsi zituen.

Argi duzu zein zen zure papera orduan, baina badakizu zer nahi duzun orain?

Seguru aski, nahi dudana eta lortu dezakedana ez datoz bat. Badakit, esate baterako, hamalauak osatzearena proiektu salgarria dela, baina ez da gustatuko litzaidakeena. Oraintxe txoratzen nago, adibidez, Patagoniara joateko eskalatzera, edo Makalu igotzen saiatzeko ipar paretatik –2005ean 7.600 metrora geratu ziren mendebaldetik igota–, 7.000 metroko hainbat tontor ere baditut buruan, Ipar Polotik edo Antartidatik zeharkaldia egitea, Trango dorreak... mendia, eskalada, saltoak... denetarik tartekatzea gustatuko litzaidake, abentura azken batean. Baina batzuetan pentsatzen dut hamalau zortzimilakoak igo beharko ditudala, salgarriak direlako, ondoren nik nahi dudana egin ahal izateko.

Orain arte zer egin duzu ba?


Tontoarena! –barrez–, alpinismoa behintzat ez. Zortzimilakoetara egindako irteera horiek ez ditut sailkatzen alpinismoaren barruan. Alpinismoa da lau laguneko kordada bat hartu eta Alpeetara edo Pirinioetara joatea hamabost egunerako, gasolinan eta janarian 500 euro utzita, bideak eta korridoreak egitera. Baina 2005ean Al Filo de lo imposible saiorako deitu zidatenetik gurpil zoro batean sartuta ibili naiz eta... ez da ezin duzula atera, baina eroso zaude, soldata bat duzu... iruditzen zait oso urte onak galdu ditudala. Agian, sartu izan ez banintz, alpinista ona nintzatekeen orain; baina alpinista eskasa naiz, hori badakit, gabezia asko ditut. Dena dela, inoiz ez da berandu. Nire alde dut argi dudala hau gustatzen zaidala.

Iaz neguko saiakera egin zenuen Gasherbrum I-ean. Simone Moro, Denis Urubko eta Cory Richardsi film baterako adina eman zien neguko hotzak: 'Cold' (2011). Eta...

... –barrez algaraka hasi da– Kabroia da hotza! Dudarik gabe, neguan zabiltzanean, garrantzia irabazten duen faktore bat da, baina esango nuke azken urte bi hauetan ikasi egin dudala ez sufritzen. Tira, garaiera handian eta zero azpitik 40 graduko tenperaturan zaudenean, ba ezinezkoa da ez sufritzea; baina kanpamentu nagusi batean, nahiz eta ezin duzun egunez eguneko desgastea saihestu, posiblea da kontzentrazio puntu bat lortu eta hotza eramangarri bihurtzea. Konfiantza, itxaropena eta egiten duzun horretan sinestea ezinbestekoa da; sufrimenduaren %80 buruan dago.

Beharbada gogortasun hori eta irrika dira zure indarguneak aspektu teknikoa baino gehiago?


–Barrez hasi da berriz–. Askoz ahulgune gehiago ditut indarguneak baino, hori hasteko. Baina egia da zintzilik dudan asignatura dela hori, gaitasun teknikoa erakustea alegia, orain arte zortzimilakoak egiteagatik ezagutzen nau-eta jendeak. Badut buruan orain dela urte batzuk haitz eskaladan lortutako maila berreskuratzea, adibidez, baina horretarako zentratu beharra daukat. Burugogorra naizela bai, onartuko dizut, onerako eta txarrerako; baina ez dut uste anbizio handiko tipoa naizenik ere.

Behin baino gehiagotan entzun dugun masifikazio hori ezagutu duzu zuk han goian?


Tira, masifikazioa oso mendi zehatzetan ikusten da. Everest aldean Himalain, Aconcaguan Amerikan, Kilimanjaron Afrikan... eta egia da gehienetan ez dela behar bezala prestatutako eta beharrezko baldintza fisikoak dituen jendea izaten. Dirutza ordaintzen diote agentziaren bati dena antolatzeko, eta aurrera. Dena dela, kontu delikatua da, kasu batzuetan agentzia hauek dirutxoa uzten dutelako herrialde hauetan, lana ere ematen diote hainbat jenderi... ez dakit, ziur aski, gehiago erregulatu beharreko zerbait da, ingurumena gehiago zaintzearena bezala.


Ingurumena aipatu duzula eta, mendizaleek naturarekin duzuen harreman zuzena kontuan hartuta, ze iritzi duzu gurean eraiki nahi dituzten edo egiten ari diren obra handiei buruz?


Orain AHT-ren pilarrak begiratzen nabil base jauziak egiteko, baina ez, ez dute nahikoa altuerarik! –barrez–. Kristoren suntsiketa izaten ari da, Euskal Herria apurtzen ari dira, eta ez gara guztiz kontziente honek ez ezik egiten dituzten gainerako autopistek ere basoengan eta animaliengan duten inpaktuaz; dena porlanaz josita dago. Frantzian, Suitzan eta Alemanian, adibidez, oso bestelako mentalitatea dute, izugarrizko aldea ateratzen digute eta oso barneratuta dute ingurumena zaindu beharra. Bizkaiko mendiak pinuz beteta daude adibidez... pena da.

Planifikatu dituzu datozen hilabeteak?


Udaberrian Kanchenjungara itzuliko naiz, eta udan K2ra. Baina lehenago, neguan, Gabonak pasata, Layla Peak aldera –Pakistanera– aterako naiz. Beste espedizio batzuetatik bueltan, askotan geratu natzaio begira; 6.000 metroko mendi ederra da eta, horregatik, Ramon Portillak eskalatzera joateko gonbidapena egin zidanean, ez nuen zalantzarik izan. Ohorea izango da Ramonen soka-laguna izatea.