Alex Sardui: "Euskal Herri kantaria gura nuke"

Alex Sardui: "Euskal Herri kantaria gura nuke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alex-sardui-quoteuskal-herri-kantaria-gura-nukequot/@@download/image/53p60-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Alex Sardui: "Euskal Herri kantaria gura nuke"
Jaiotzez gernikarra izan arren, Muxikan bizi da. Scorpius. Gatibu taldeak lehen diskoaren 20.000 ale saldu zituen: "Hura ezusteko atsegina! Zerua ukitu genuen". Fotokopia denda batean lan egiten du duela zortzi urtetik, eta esan digunez, "hasi dira ikasleak azterketetarako txuletak egiten". Athletic-zalea. Aitatasunaren rola estreinatu berri du.

Arrunt laket dut: Kirola egitea; esaterako, areto futbolean jokatzea. Baita footinga egitea ere.

Ez dut parean ikusi nahi: Gizartean, oro har, ikusten dudan faltsukeria.


Lasaigarri zait: Duela hiru hilabete Danel semea jaio zenez, familiarekin egotea.

Sutan jartzen nau: Berbetan aritu, eta norbaitek zerbait inposatu nahi izateak. Baita lagun giroan ere, e!


Gustura irakurri nuen: Sofia de Melo Breyner idazle portugesaren poesiak gaztelerara itzuliak.

Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Egunero, libururen bat irakurriz lokartzen naiz: hamar minuturen buruan, lo seko nago.


Bertutea: Pazientzia handia daukat.

Akatsa: Oso presaka bizi naiz.


Ametsa: Semearekin eta bikotekidearekin egotea. Euskal Herria kantaria ere gura nuke.

Amesgaiztoa: Jende arteko hartu-emanak galtzen ari direla ikustea.


Barre algara eragiten dit: Txiste batek, lagun giroan sortzen den momentuko umoreak, irtenaldi xelebreek…

Negargura ez dut urruti: Munduko amildegi sozialak ikusitakoan.

Urrea: Gizarte guztiari!

Ikatza: Politikariei. Hanka sartzen, zaila da horiei konpetentzia egitea.


"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Zorteduna naiz: duela urte ezagutu nuen Bego bikotekidea, eta gaurdaino. Primeran.

"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon". Begoren aurretik, ate ondoan eta hor konpon! Bi egoerak ezagututa nago.


Zein izan da inoiz sinatu duzun autograforik bitxiena? Nik ez, baina behin batean, bi taldekidek tanga batean 'gustura' sinatu zuten.

Oholtzan inoiz "biluzik" sentitu al zara? Kantari ari nintzela, abestiaren zatiren bat ahaztu izan zait; nola edo hala moldatu eta aurrera!


Hatzak zupatzen ditut: Lapikokoko babarrunak, garbantzuak… janaz. Baita arrainarekin ere.

Gogoko ez dudan jakia: Lekak ez ditut "oso" begiko.


Dirua ordainduko nuke: Euskaldunok garen modukoak ager gaitezen: lanean, parrandan...

Ez nioke xentimorik emango ere: Politikariei!


Itsasoko kresala ala landako berdetasuna: Kresala. Mutikoa nintzenetik, alergiek irensten naute udaberria iritsi orduko: mukiak, konjuntibitisak…
San Joan suak berarekin eraman ditzala: Ilusio berriak suspertu daitezen… Nire kezka guztiak eraman ditzala.