Alex Merino: "Idazten diren gidoien erdia kaxoietan gelditzen da irakurri gabe"

Alex Merino: "Idazten diren gidoien erdia kaxoietan gelditzen da irakurri gabe" Sitges zinema jaialdian Sitges Pitchbox saria eskuratu berri du Alex Merino eta Alberto Gastesi gidoilari donostiarren 'Singular' proiektuak, eta 5.000 euroko dirulaguntza eskuratu dute proiektua aurrera eramateko; Merinorekin hitz egin dugu, zinemaz, Netflixez, jaialdiez eta ekoizleez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alex-merino-idazten-diren-gidoien-erdia-kaxoietan-gelditzen-dira-irakurri-gabe/@@download/image/WhatsApp Image 2019-10-14 at 10.38.49 (2).jpeg
2019/10/14
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Sitges zinema jaialdian Sitges Pitchbox saria eskuratu berri du Alex Merino eta Alberto Gastesi gidoilari donostiarren 'Singular' proiektuak, eta 5.000 euroko dirulaguntza eskuratu dute proiektua aurrera eramateko; Merinorekin hitz egin dugu, zinemaz, Netflixez, jaialdiez eta ekoizleez.
Alex Merino: "Idazten diren gidoien erdia kaxoietan gelditzen da irakurri gabe"

Nolako esperientzia izan da Sitgesen sarituak izatea?

Oraindik ezin dugu guztiz sinetsi. Gurearekin batera 250 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren leihaketara, eta bertatik zazpi aukeratu zituzten finalerako; jada finalerako aukeratuen artean izatea saria zen guretzat, sekulako prestigioa! Saria jasotzea ederra izan da, baina bereziena bertara joan, giroa barrutik bizi eta jendea ezagutzea izan da. 

Nola hasi zenuten proiektua?

Singular-en gidoia Albertok hasi zuen aspaldi. Hazia bertan zegoen, baina erakutsi eta elkarrekin lan egitea proposatu zidanean, goitik behera aldatu genuen. Noski, mamiak hortxe jarraitzen du, baina erabat aldatu da bion arteko elkarlanaren ondorioz. Ondoren, Film Market Hub plataformara igo genuen, eta Sitgesen izena emateko eskaintza ireki zutenean, animatu ginen. Behin Sitgesen, konturatu ginen gainontzeko proiektu asko dagoeneko ekoizle eta guzti aurkeztu zirela, dagoeneko martxan zeudela; guk ordea soilik gidoia genuen leihaketan aurkezteko. Horregatik, sekulakoa izan da irabazle suertatzea.

Zer kontatu duzue 'Singurlar' gidoian?

Esan genezake maitasun beharra duten eta beldurrez josita dauden androide tristeen istorioa dela Singular, baina kontaketan ezer ez da hasiera batean dirudiena. Adimen artifiziala eta zientzi fikzioa dira istorioaren oinarriak, eta aldi berean, kontakizunetan unibertsalena; gizatasuna, beldurra, bizirauteko sena. Amatasuna eta familia ere garrantzitsuak dira gure istorioan eta guzti horren muinean, galdera bat gailentzen da; robotek garatu ditzakete gizakien biziratueko mekanismo berberak?

"Maitasun beharra duten eta beldurrez josita dauden androide tristeen istorioa da Singular, baina kontaketan ezer ez da hasiera batean dirudiena".

Nolako esperientzia izan da Sitgesen parte hartzea?

Sekulakoa izan da. Saria jasotzea ametsa zen, baina espero ez genuena bertan jasotako arreta guztia izan da; Sitgesen ekoizle eta zinemaren munduko ordezkari garrantzitsuekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta baita gure proiektua zabaldu eta ezagutarazteko ere. Sari honek kalitate ziurtagiri modukoa jarrio dio gure proiektuari, eta horri esker, une honetan hainbat bilera izan ditugu gidoia errealitate bihurtu dezaketen ekoiztetxeekin hari gara hizketan. 

Sariak zertan lagunduko dizue?

Diruak lagunduko digu proiektua aurrera ematen, baina argi daukagu laguntzarik handiena sariaren oihartzunak eragindako zabalkundea eta prestigioa direla. Gure proiektua oraindik ez da paperetik pasa, eta aurkeztutako beste lan askok aldiz dagoeneko bazuten aurrera egiteko ekoiztetxea eta finantzazioa. Horregatik, datozen asteetan sortu daitezkeen elkarlan eta eskaintzen zain gaude. Nork daki, beharbada Apache Films-eko Enrique Lavigneren deia jasoko dugu... amestea libre da!

"Diruak lagunduko digu proiektua aurrera ematen, baina argi daukagu laguntzarik handiena sariaren oihartzunak eragindako zabalkundea eta prestigioa direla".

Egun zinema egitea nolakoa da? Zailtasun gehiagori aurre egin behar zaizkie, ala alderantziz?

Uste dut bi gauza gertatzen direla egun; alde batetik, zinemaren historian ez da une honetan bezainbeste ekoiztu sekula, baina bestetik, estreinatzen diren eduki asko eta asko "kontsumo azkarrekoak" dira. Netflix bezalako plataformek kalitatezko hainbat eduki sortzen dituzte, baina ondoren edukien gehiegoa entretenimendu hutsa da. Nahi bezainbeste jatetxe aukeratu ditzakegu, baina gehiena janari azkarreko kateak dira. 

Eta halako eskaintza zabalean, nolakoa da bi donostiar gaztek aurrera egiteko odisea?

Noski, industria erraldoi horretan zure gidoiak beste ehunka gidoi bikainen artean aurrera egitea ia ezinezkoa dirudi. Hain zuzen, idazten diren gidoien erdia kaxoietan gelditzen dira irakurri gabe. Guk geuk halako zerbait bizi berri dugu Singular-en gidoiarekin; Sitgesen saria iritsi aurretik, AEBetako ekoiztetxe batekin lanean ibili ginen sei hilabetez. Proiektuarekin biziki interesaturik zeuden, eta bazirudien dena aurrera zihoala, baina azkenean atzera egin zuten, gure istorioa ez zelako nahiko "amerikarra", "europearregia" baizik. Halakoak oso ohikoak dira mundu honetan, zoritxarrez. Dena den, sari honek proiektua aurrera ateratzeko behar dugun laguntza ekarriko digula sinetsita gaude.