Alemania koarentenara itzuli da

Gaur, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko mugak ireki dituzte, eta "normaltasun berria" izendatutako mundu berrian murgildu gara. Baina ez genuke ahaztu behar normaltasun berri hau esperimentu bat dela eta arriskua ez dela desagertu; hain zuzen, Alemanian koarentenan sartu berri dira milaka biztanle.
Azken egunotan masiboki berragertu dira COVID-19 kasuak herrialdean; Gütersloh-eko Toennies haragi fabrikan 650 langilek positibo eman dute testetan, eta inguruko eskolak eta haurtzaindegiak itxi dituzte, 7.000 biztanle koarentenara behartuz. Berlinen, Neukölln distrituan, zazpi eraikin (370 etxebizitza) koarentenan sartu dira 70 kasu atzeman ondoren.
Haserre daude Gütersloh-eko gurasoak; eskolak eta haurtzaindegiak oporren ondoren arte itxi izana kontziliazio arazo larriak eragin dizkie, eta hainbat protesta abiatu dituzte.
HILTEGIAK, KUTSATZEKO ARRISKU EREMUAK
Dirudienez, hiltegiak eremu bikaina dira Covid-19a zabaltzeko, eta ikusi denez, kutsatze masibo ugari gertatu dira leku horietan. Arrazoiak ugariak dira: hiltegietan tenperatura baxua da haragia mantentzeko, eta zaila da bertan distantziak mantentzea edota maskarekin lan egitea. Gainera, aireztapen artifiziala izaten dute. Langileek babes neurririk gabe lan egiten dute hiltegietan, eta asko elkarrekin bizi dira pisu txikietan oso gutxi irabazten dutelako (gehienak Errumaniatik etorritako aldi baterako langileak dira).