Aldez aurretik eman beharko da izena Durangoko Azoka bisitatzeko

Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurriak direla eta, Durangoko Azokak hartuko dituen neurriak indartzea erabaki du, "bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatze aldera". Hori dela eta, Landako Gunera zein Plateruenan egingo diren Ahotseneako kontzertuetara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, azokaren webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Azokaren gunean 1.200 bisitari egon ahalko dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean. Tartea amaitzean, Landakogunea hustu eta hurrengo txandakoak sartuko dira. Egunero bost txanda egingo dituzte, 10:00etatik 20:00etara.
Plateruenaren kasuan ere erreserba-sistema jarriko da martxan Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Abenduaren 4tik 8ra 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako agertokian, eta musikazaleek aldez aurretik azokaren webgunean izena eman beharko dute zuzenekoez gozatu ahal izateko. Plateruenan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo eta ezin izango da edari edo jatekorik kontsumitu, eta ezta Landako Gunean ere. Horretaz gain, derrigorrezkoa izango da uneoro musukoa erabiltzea bi tokietan.
Bisitariei arduraz jokatzeko deia ere egin diete: "Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa. Konpromiso horren baitan ere, osasun-neurriak zorroztasunez betetzea eskatu nahi dizuegu. Arduraz jokatu behar dugu, kulturaz gozatzen jarraitu behar dugu segurtasunez eta erantzukizunez. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Eta txanda-sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko hitzorduak hartzera". Azokaren guneetatik kanpo ere osasun neurri guztiak errespetatzeko eskatu dute, bereziki aisialdi eremuetan.
Aurrez aurreko azoka abenduaren 4tik 8ra egingo dute eta Landako Gunean 220 erakusmahai kokatuko dituzte. Bestetik, kultur ekitaldiak ere antolatuko dituzte. Horrez gain, abenduaren 3tik 7ra, online denda martxan izango da webgunean, eta hainbat ekitaldi streaming bidez ere jarraitu ahalko dira zuzenean.