Aldaketa klimatikoari aurre egiteko gobernuek hartu ez dituzten ezinbesteko 5 neurri

Lau urtean behin, munduko herrialdeak bildu egiten dira klimarekin lotutako arazoei elkarrekin aurre egiteko saiakeran. Saiakera hutsalak izan dira denak orain arte, alde batetik, herrialde kutsakorrenek ez dutelako parte hartzen (Oraingo honetan kanpoan gelditu dira AEBak, Txina eta India) eta bestetik, gainontzeko herrialde parte hartzaileak ez direlako gai neurri zehatzak eta irmoak hartzeko. Aurtengo bilerak inoiz baino protesta oihu gehiago aireratu ditu; Fridays For Future mugimuenduarekin bat eginez, mundu osoko ikasleek greba deiari erantzun diote, eta Greta Thunberg 16 urteko aktibista gaztearen irudipean, konpromiso garbiak eskatu dituzte. Baina, beste behin, herrialdeek huts egin dute, eta ez dira ados jarri. Soilik neurri promesa bat atera da bileretatik: karbono isuriak 2050. urterako amaitzea.
Mota askotako neurriak proposatu zituzten bileretan: ikatza alde batera uztea elektrizitatea sortzeko; energia berriztagarria eskuratzeko azpiegiturak areagotzea; aberastasunen banaketa hobetzea; eta erregai fosilei diru laguntzak kentzea, besteak beste. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak oihan tropikalak babesteko aliantza bat aurkeztu zuen, Txile eta Kolonbiarekin batera, baina Brasilek ez du bat egin aliantza horrekin.
Thunberg aktibista suediar gazteak hitz egin zuen New Yorkeko gailurrean, eta argi utzi zuen krisi klimatikoa ez dela txantxa bat: «Nik ez nuke hemen egon beharko; nire haurtzaroa lapurtu didazue zuen hitz hutsekin». Hain zuzen, hauek dira munduko herrialdeak aldaketa klimatikoari aurre egiteko hartzeko gai izan ez diren ezinbesteko 5 neurri:
1. AKZIORA PASA: Beroketa klimatikoa gelditzea ez da bakarrik lortu daitekeen zerbait; horregatik, Nazio Batuen Erakundeak mandatarien babesa lortu nahi du Iraultza Industrialaren aurretik graduetara itzula ahal izateko. Baina herrialde handienen parte hartzerik gabe, jai dugu.
2. JATEN DUGUNAREN INGURUAN HAUSNARTU: NBEak elikagaien ekoizpen eta kontsumoaren inguruan ikerketak bideratu ditu, eta aste honetan ezagutuko dira emaitzak. Dagoeneko egin dituzte haragi gorriaren kontsumoa murrizteko gomendioak, haragiaren ekoizpen masiboa zuzenean lotuta dagoelako CO2 isurketekin, baina hori ez da nahikoa; elikagai guztien ekoizpen eta banaketaz hausnartzea beharrezkoa da ingurugiroa guztiz suntsitzea nahi ez badugu.
3. HEGAZKINEI ALTERNATIBA BILATU: Greta Thunberg itsasontzi ekologiko batean iritsi zen Europatik Amerikara, eta hegazkinen aurkako protesta argia zabaldu du. Badira bidaiatzeko beste moduak, eta ez dugu ahaztu behar aeronautika industriak atmosferara isurtzen den CO" guztiaren %2 eragiten duela.
4. GUZTIEK HARTU DEZATELA KONPROMISOA: Hitzak haizeak eramaten ditu, eta ez du balio bileretara agertu eta entzuten egoteak. AEBek eta Brasilek ez dute bileretan parte hartu ere; herrialdetako presidente Donald Trumpek eta Jair Bolsonarok ez dute aldaketa klimatikoan sinisten. Nola egin krisiari aurre, krisia eragiten dutenak itsu jarraitzen badute?
5. ISURKETARIK EZ 2050. URTERAKO: Hasiera bat da, baina kontutan izan behar da 2050 ez dagoela horren urruti, eta helburua bete nahi badute berandu baino lehen jarri behar dutela martxan. Hala, datozen 10 urteetan berotegi efektuko gasen isurketen %45 murriztu beharko dute herrialdeek. datozen 30 urteetan zerora iristeraino. Gai izango ote dira?