Alberto Mella: "Zaletasun hutsez hasi zena betebehar bilakatu da"

Alberto Mella: "Zaletasun hutsez hasi zena betebehar bilakatu da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alberto-mella-quotzaletasun-hutsez-hasi--zena-betebehar-bilakatu-daquot/@@download/image/20122293262albe_1360825402.jpg
2012/03/02
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Otxandion jaio zen eta Beasainen bizi da Alberto Mella, lanbidez informatikaria den korrikalaria. Euskal Herriko hamaika lasterketatan parte hartu izan du aspalditik eta egun erreferentziazko atari bilakatu den lasterketak.com webgunea sortzera eraman zuen zaletasunak. Berak bakar-bakarrik kudeatzen du atari ezaguna; "konstantzia eta eraberritzea" dira arrakastaren muina. 

Zer eskaintzen du lasterketak.com atariak?
Euskal Herriko lasterketa guztien inguruko informazioa eskaintzen du, egutegi bateratu bat eta albisteak.

Lanbidea eta zaletasuna uztartu dituzu proiektu honekin. Nola sortu zen ideia?

Korrikalaria izanik, probetan izena emateko edo informazioa bilatzeko Internetera jotzen nuen maiz, baina konturatzen nintzen Sarean ez zegoela kasik ezer. Orain bai, lasterketa gehienek badute beren webgunea, baina duela bost urte ez zegoen horrelakorik, eta behar hori asetzeko asmoarekin sortu nuen egutegi bateratua.

Eskarmentua baduzunez eta beste aldean egona zarenez, erabiltzaileak aurkitu nahi duen horretara egokitu duzu webgunea. Jaso duzu oniritzirik?

Mezuak jasotzen ditut, bai, eta denak oso positiboak izaten dira gainera; horrek asko motibatzen nau. Normalean, erabilera sinplea izatea eskertzen dute, informazioa azkar bilatu ahal izatea.

Mezuak ez ezik, Buber Saria ere jaso zenuen abenduan.

Proiektu honekin aurrera jarraitzeko bultzada izan zen. Ideia afizio hutsetik abiatu zen, eta orain, afizioaz haratago, betebehar bilakatu da. Jendeak erreferentziatzat hartu du webgunea, eta orain ezinbestekoa da etengabe eguneratzea. Buber Sariak, gainera, are oihartzun handiagoa eman dio atariari; medio askotan atera da, eta pozgarria da.

Nola finantzatzen duzu?

Proiektu partikularra da eta den-dena nire poltsikotik jartzen dut. Ampo Kooperatibarena da daukadan laguntza bakarra. Bigarren urtez, Internet erabiltzeko 'pintxo' bat finantzatzen ari naiz laguntza horrekin, kanpoan nagoenean ordenagailuarekin webgunea elikatzen jarraitu ahal izateko.

Lan taldea handitzeko asmorik eta baliabiderik baduzu?

Momentuz ez dut beste inor sartzea pentsatu. Orain emaztearen laguntza dut, elikaduraren eta kirolaren inguruko artikuluak publikatzen hasi gara, eta harrera oso ona izan dute! Oraingoz sare sozialetan bakarrik zabaldu dugu eta webgunean pixkanaka integratzen ari gara. Gainontzeko guztia, hala ere, nik neuk kudeatzen jarraituko dut.

Facebooken 2.000 jarraitzaile baino gehiago ditu lasterketak.com-ek eta Twitterren 1.000 izango ditu aurki. Zenbateraino da gaur egun Sarea kirol sustatzaile?

Gaur ezinebestekoa da Sarea. Webgunean sartzen dudan informazioa Twitterrera eta Facebookera bidaltzen dut, eta azkenean 2.000 eta piko lagunengana segundu bakar batean iristen zara. Gainera, kontuan izan jada jendeak ez duela ordenagailuaren beharrik, mugikorrean informazioa Facebooken edo Twitterren bitartez jasotzen baitute.

Sareaz gain, hortaz, mugikorretara iristea ere beharrezkoa ikusten duzu.

Zalantzarik gabe. Orain garapen fasean dut lasterketak.com webgunearen aplikazioa mugikorrerako. Denbora gehiegirik ez dudanez, oraindik hor nabil, baina laster informazioa mugikorretik zuzenean kontsultatzeko aukera izango du erabiltzaileak.

Azken urteetan zuzen-zuzeneko argazkiak igo dituzu webgunera, streaming-a ere erabili izan duzu.

Beasaingo Ehun Milak eta Goierriko Bi Handiak frogetan probatu nuen lehenengoz streaminga, garai horretan ezagutu bainuen mugikorrekin bideoa zuzenean emititzeko aplikazio bat. Webgunean leiho bat jarri nuen azalean, eta irteeran nahiz helmugan hartutako irudiak zuzenean emititu nituen. Sari banaketa ere streaming bidez ikusi ahal izan zuten erabiltzaileek. Ongi atera zen!

Argazkiak ere aurkitu ditzake erabiltzaileak lasterketak.com-en?


Inguruko lasterketetan parte hartzen ez dudanean kamera hartu eta argazkiak egiten ditut. Hurrengo erronka, patrozinatzaileren bat lortuko bagenu, kamera on bat eskuratzea da. Orain etxeko kamera batekin nabil, baina kalitatea hobetzeko ezinbestekoa da aldatzea. Argazkiak, gainera, erabiltzaileek eskertzen dituzte, deskargatzeko aukerarekin publikatzen baititut.

Bestela, zein beste erronka duzu etorkizunerako?

Martxan dauden proiektuak amaitzea eta orain arte bezala jarraitzea. Eguneratzeari eustea da orain garrantzitsuena.