Alberto Gastesiren 'Gelditasuna ekaitzean' filmatzen hasi dira

Apirilaren 4an hasi ziren Alberto Gastesiren Gelditasuna ekaitzean lehen lan luzea filmatzen. Istorioaren iraganari dagozkion sekuentziak grabatu zituzten joan den hilean, eta ekainean orainari buruzko eszena narratiboekin osatuko dute filmazioa. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da filma, zuri-beltzean, eta 85 minutuko iraupena izango du. Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi dira filmeko protagonistak, eta horiekin batera Aitor Beltran eta Vera Milan ere izango dira.
Filmak neska eta mutil baten maitasun istorioa du ardatz, euren iragana eta orainaldia uztarturik. "Larak (Loreto Mauleon) eta Danielek (Iñigo Gastesi) ekaitz egun batean ezagutu zuten elkar. Orduan gazteak eta grinatsuak ziren, eta etorkizunak aukeraz beteriko herrialde urrun bat zirudien. Handik urtetara, haien bideak berriro gurutzatu dira —beste ekaitz bat, hiri bera—, baina biak aldatu egin dira. Iraganaren eta orainaren artean, bi pertsonaren maitasun-istorioan barrena egiten du filmak; horien bizitzek, beste egoera batzuetan, beste garai batean, beste bide batzuk har zitzaketen", azaldu dute pelikularen inguruan.
Gastesi zuzendariaren hitzetan, "lehengoa bizitzeko ezintasunari buruzkoa istorioa da, baina baita zinema jakin batek duen ezintasunari buruzkoa ere. Leku bat aurkitzen ez duen eta kontakizun bat ez duen belaunaldi bateko jendeaz dihardu, bi arrotzen artean, hain arrotz ez izanik ere, konpartitzen den desengainu modu batez: orainean topo egin duten bi bizitza, nahiz eta lehenago ere gurutzatu ziren modu iheskorrean". Aukera hau askatasunez sortzeko baliatu nahi duela ere nabarmendu du, eta aurrez landu dituen gaiak eta formak ageri direla lan berri honetan ere.
Gastesik berak eta Alex Merinok sortu dute gidoia, eta Esteban Ramos da argazki-zuzendaria. Gainerako hauek ere parte hartzen ari dira: Itziar Otxoa ekoizpen zuzendaria, Alejandra Arrospide zuzendari artistikoa, Iona Lacunza jantzien arduraduna, Kizkitza Retegui makillaje arduraduna, Olga Cruz ile-apaintzailea, Andrea Saenz Pereiro soinu arduraduna, Jaione Daubagna zuzendari-laguntzailea eta Loinaz Jauregi ekoizlea.
Vidania Films ekoiztetxe donostiarraren filma udazkenean estreinatzea aurreikusten da.
Film laburretatik luzeetara
Gaztetan film laburra, bideoklipa eta bideo-sormena landu zituen Alberto Gastesik, eta horiekin batera Madrilen publizitate-iragarkiak zuzendu zituen. Hamahiru urterekin film labur bat filmatu eta muntatu zuen, eta handik gutxira Isabel Alba gidoilariak Larrotxenen zuzentzen zuen nerabeentzako zinema-lantegian sartu zen. Hasiera hartan Trampantojo lana egin zuen, eta Valentzian eta Atenasen sariak jaso zituen.
Azken urteotan hainbat film labur zuzendu eta fikziozko hainbat gidoi idatzi ditu Alex Merinorekin batera. Bere lehen lan luzea du eskuartean orain, Gelditasuna ekaitzean, eta hurrengo urterako Singular bere bigarren filma prestatzen ari da.