Alberto Ammann: Kanpoan uso…

Alberto Ammann: Kanpoan uso… https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alberto-ammann-kanpoan-uso/@@download/image/alberto_ammann_1358166407.jpg
2012/11/02
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Guraso ezagunen itzala. Ukondoek aktore askoren bidea errazten dutela esan ohi da. Aita kazetari eta idazle ezaguna politikan sartu eta Argentinako errepublikako presidente izateko hautagai aurkezteak bide asko zabaldu zekizkiokeen Alberto gazteari; edo ez.

Haurrak hilabete baino ez zuela, diktadura militarraren ondorioz, sorterria utzi eta Espainiara joan behar izan zuen familiak. 1983an bueltatu ziren eta urtebete geroago sortu zuen aitak Alderdi Humanista. 1989an errepublikako presidentegai bezala botoen %0,26 lortu zuen. 2007an, botoen %0,41. Argentinako zine-industriaren botere faktikoak mugitzeko beste ez, ziurrenik.

Umetako esperientzia onaren bidetik, aktore ikasketak Espainian osatzea erabaki zuen Albertok. Eta casting kontuetan hasiberri zela, Daniel Monzonek begiz jo zuen. Luis Tosar bikainaren parean aktore gazte ezezaguna nahi eta Ammann aukeratu. Horrela, kamera aurrean lehenengo aldiz 2009an jarri zen, espainiar zineman errege izan zen Celda 211 filmean, zer eta Malamadre bezalako munstro baten parean. Eta hasiberriak maila eman zuen, bai horixe. Tosarrek urteko aktorerik onenaren Goya saria irabazi bazuen, Ammannek aktore berri onenarena. Zailena ez omen da heltzea ordea, mantentzea baizik.

Bigarren filmean behar bezalako paper protagonista lortu zuen: Lope (2010). Pilar Lopez de Ayala eta Leonor Watlingekin poesia eta pasioa osagai zituen triangelua osatu zuen Lope de Vega idazlearen azalean. Eta hirugarrenean, zientzia-fikzioari heldu zion (Eva, 2011), zine espainiarrak adoptatutako beste aktore kontsakratuaren alboan, Daniel Brühl kataluniar-alemaniarraren ondoan. Hilabete honetan, aldiz, Daniel Calparsoro zuzendari donostiarraren esanetara ikusi ahal izango da aretoetan, Irakeko gerra ardatz duen Invasor filmean. Etxetik kanpo lortu du izena handi bihurtzea. Orain, etxeko lanak egitea falta zaio. Eta ondo hasteko, beste erronka handi bat, Hernan Goldfriden Tesis sobre un homicidio. Tosarrekin ondo joan zitzaion, ea Ricardo Darinekin nola doakion.

Nortasun Agiria


Izena: Alberto Ammann
Jaioteguna: 1978-10-20
Jaiolekua: Cordoba (Argentina)
Neska-laguna: Calu Rivero aktorea
Aktore kuttuna: Edward Norton
Gorroto ditu: Politikari ustelak
Maite du: Gailu elektrikoak konpontzea