Albert Camus: Bizitzaren absurdoa

Albert Camus: Bizitzaren absurdoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Albert Camus: Bizitzaren absurdoa
50 urte beteko dira aurten Albert Camus idazleak Literatura Nobel Saria jaso zuenetik. Camus existentzialismoaren ordezkari nagusia izan zen, Jean Paul Sartre eta Martin Heidegger-ekin batera, eta bere lan nagusia, Izurria, XX. mendeko eleberri esanguratsuenetako bat da. Bigarren Mundu Gerrak eragindako hondamenaren eta gerra hotzaren arriskuaren aurrean, existentzialismoak auzitan jarri zuen bizitzaren eta heriotzaren zentzua. Albert Camusek, hain zuzen, izatearen absurdoa aztertu eta, era berean, pertsonaren defentsa sutsua egin zuen bere nobeletan. Izurria eleberrian, arratoi izurrite batek menpean hartu du Oran hiria, eta gertaera horren deskribapen bikaina egiten digu Camusek. Dena dela, Bigarren Mundu Gerra eta nazien okupazioa azaltzeko aitzakia da arratoi izurritea, eta zentzu zabalagoan, baita gizon eta emakumeen izateaz eta era guztietako zapalkuntzaz gogoeta egiteko aitzakia ere. Liburu honetako pertsonaiek hainbat jarrera agertzen dituzte sufrimenduaren, eritasunaren eta heriotzaren aurrean. Zoriontasunak, miseriak, pozak, bizi larritasunak... bat egiten dute kontakizunean.
Camus (1913-1960) Aljerian jaio zen, eta inoiz ahaztuko ez zuen pobreziaz inguratuta, Mediterraneoko eguzkipean, han igaro zuen haurtzaroa eta gaztaroa. Pied noir-a zen; hau da, AIjerian jaiotako frantziarra. Lehen Mundu Gerran aita hil zitzaion. Ama, bestalde, ia gorra zen, nekez hitz egiten zuen, eta ez zekien irakurtzen. Hamazazpi urterekin ikasketak alde batera utzi behar izan zituen Camusek, tuberkulosiak jota. Garai hartan ezagutu zuen filosofia, eta laster piztu zitzaion idazteko grina. Handik gutxira, kazetaritza ikasketak egin zi-tuen, eta Europan bidaia egin zuen. Bigarren Mundu Gerran erresistentzian aritu zen, Combat aldizkari klandestinoan zuzendari. 1960an hil zen Albert Camus, auto istripuan.