Alaitz eta Maider: Auskalo

Nolako diskoa da "Auskalo"?
Alaitz: Orain arteko lanekin alderatuta, zertxobait lasaiagoa dela esango nuke, ez da hain dantzagarria. Bestalde, folk kutsu handiagoa ere badu.
Ohi bezala, datozen hilabeteetan, udako kantuak lehiakide izango dituzue, tartean "Espainiako Rosa", Chayanne eta enparauak
A: Ez dakit, baina duela gutxi parrandan atera nintzen, eta mota horretako musika jartzen zuten tabernetan. Ni irakaslea naiz, eta ikasleen artean ere "Operación Triunfo"-k eta gisa horretakoek sekulako arrakasta dute, idolotzat dituzte.
Gozategitarrak, Maixa eta Ixiar, zuek biok
Ez al da joana duela hiruzpalau urteko trikiti boom-a?
Maider: Bai, boom-a pasatu da, nahiko nabaria da. Dena dela, trikitixak badu bere tokia eta gaur egun, jende pila ari da trikitixa ikasten. Oso aberasgarria da hori.
Plazan gero eta jende gutxiagok dantza egiten omen du, ezta?
A: Gu ahalik eta saio dantzagarriena egiten saiatzen gara. Hala ere, dantzarena zail ikusten dut, galtzen ari da, eta tabernek plazaren lekua hartu dutela dirudi. Ez dakit, nire ustez, garai batean, gu dantzaldietan ibiltzen ginenean, dantza gehiago egiten zen.
Zuen zalearen prototipoa: 15-16 urteko gaztetxoa, neska gehienetan, erritmo arinak eta dantzagarriak ikaragarri gustuko dituena. Egia al da?
A: Bai, hori izan daiteke, baina bestelakoak ere badira. Denetarik dagoela uste dut. Dantzaldiaren orduak eragina du horretan: arratsaldean gurasoak eta haurrak ibiltzen dira, gauean, berriz, 20 edo 25 urte ingurukoak.
M: Denetarik dugu. Egia da, adibidez, haur asko etortzen direla kontzertuetara, baina nik uste dut mota guztietako jendea inguratzen zaigula.
"Auskalo" izena jarri diozue diskoari. Auskalo nola ibiltzen zareten zuek festetan
M: Kar, kar, kar! Besteak bezala, parranda giroan, dantzan
Udan kontzertu ugari eman behar izaten ditugu, baina, hala ere, aukera dugunean festetan ibiltzen gara. Oso gozagarria da.
Oso parrandazaleak al zarete?
A: Bai, niri parranda asko gustatzen zait.
M: Niri ere bai, baina egia da orain, adinarengatik beharbada, beste plan batzuk ere egiten ditudala.
Emanaldi bat egiteko, Euskal Herriko zein toki aukeratuko zenukete?
M: Abaltzisketa. Arin-arina edo fandangoa jotzen hasi eta berehala hasten da jendea dantzan. Zoritxarrez, gaur egun, toki gutxitan gertatzen da hori
A: Nik Leitzaz oso oroitzapen polita dut: lehen diskoa kaleratu ondoren, hara joan ginen eta jendeak borobil handi bat egin zuen eta hor ibili zen dantzan jo ta ke.
Eta parrandan ibiltzeko?
A: Tabernaz taberna ibiltzeko, Hernani. Erromeria egiteko, Aia.
M: Nik ere Hernani oso gustuko dut, baina, hala ere, herri guztiek dute girotxoa. Ez zait inoiz gertatu toki batera joatea eta gaizki pasatzea.
"Euskaldunok munduan ez dugu parerik" dio abesti zahar batek. Gehiegitxo esatea da, noski. Festa kontuetan ba al dugu parerik?
A: Ez, ez dugu parerik. Euskaldunontzat edozein aitzakia ona da festa egiteko.
Txanogorritxu dibortziatu egin da. Bikotekide bila al dabil orain?
M: Ez, ez dabil bikotekide bila. Nik uste dut orain gustura dagoela.
Eta bikotekidea bilatu nahi balu, zer egin beharko luke? Itxura batean, Euskal Herrian ligatzea zaila baita
M: Ez da zaila, mito hutsa da hori, Euskal Herrian ligatzeko aukerak badaude. Niri, behintzat, jendeak ligatzen duela iruditzen zait.