Alaine Agirre eta Leire Vargasek irabazi dute Irun Hiria literatura saria

Alaine Agirre eta Leire Vargasek irabazi dute Irun Hiria literatura saria Inoizko parte-hartzerik handiena izan da aurtengo sariketan, euskarazkoan igoera apalagoa izan bada ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alaine-agirre-eta-leire-vargasek-irabazi-dute-irun-hiria-literatura-saria/@@download/image/Alaine_Agirre.jpg
2021/09/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudi nagusia: Juan Carlos Ruiz / Foku

Inoizko parte-hartzerik handiena izan da aurtengo sariketan, euskarazkoan igoera apalagoa izan bada ere.
Alaine Agirre eta Leire Vargasek irabazi dute Irun Hiria literatura saria

Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien 44. edizioan inoizko parte hartzerik handiena izan dela jakinarazi dute antolatzaileek. Orotara, 1.675 lan aurkeztu dira, aurreko edizioan baino 1.103 gehiago. Aurkeztutako lanetatik euskarazkoak 25 izan dira nobelan eta poesian 36. Gaztelaniazko modalitatean nabarmendu da gehiago igoera, euskaraz 22 lan gehiago izan baitira aurrekoarekin alderatuta, horietatik bost eleberriaren arloan eta 17 poesian. 

Alaine Agirre Garmendiak Karena lanagatik jaso du saria eleberrigintzan eta Leire Vargas Nietok, berriz, Dena ametsa den irudipena lanarekin euskarazko poesian. 

Gaztelaniazko modalitateari dagokionez, eleberriaren alorrean David Monthielek jaso du saria, Historia provincial de la infamia izeneko testuarekin eta olerkigintzan Pablo Luque Pinillak Greenwich lanarekin. 

Eleberriaren ataleko irabazleek 25.000 euro eta trofeoa jasoko dituzte, eta olerkian sarituek 15.000 euro eta trofeoa.

Parte hartu dutenen jatorriari dagokionez, lanen %14 Madrilgo autonomia erkidegokoak izan dira eta %9ko parte-hartzea izan dute EAE eta Andaluziakoek. Espainiako Estatutik kanpokoak ere izan dira, %39 hain zuzen ere, aurreko edizioan baino %17 gehiago. 

Joan den larunbatean izandako sari-emate ekitaldian Antonio Colinasi egin zioten omenaldia, bere literatur ibilbideagatik eta azken 50 urteetan epaimahai gisa egindako lanagatik.

Euskarazko alorrean honako hauek aritu dira epaimahai lanetan edizio honetan: Felipe Juaristi Galdos, Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde Uria, Arantza Urretabizkaia Bejarano eta Jon Kortazar Uriarte nobelagintzan; eta Lourdes Otaegi Imaz, Iñaki Aldekoa Beitia e Itxaro Borda poesian.