Alaia Martin: “Ismael Serranoren kantek lasaitzen naute”

Alaia Martin: “Ismael Serranoren kantek lasaitzen naute” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alaia-martin-ismael-serranoren-kantek-lasaitzen-naute/@@download/image/63p68-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Bertsolaria eta idazlea. 18 urte. 2004an, Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa irabazi zuen, bat-bateko eta bertso paperen atalean. Idazten ere ez du boligrafo kamutsa: "Bertsoak adina gustatzen zait; bietan eroso aritzen naiz", dio oiartzuarrak. Ipuin lehiaketa bat baino gehiago irabazi du. Capricornus. 2007ko Herri Urrats-en  abestiaren hitza idatziko du. Zinezalea da oso.

Arrunt laket dut: Lagunartea.
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Aurreiritzietan oinarritzen den pertsona.

Lasaigarri zait: Ismael Serranoren kantak entzutea.
Sutan jartzen nau: Askotan ikusten dudan axolagabekeriak.

Gustura irakurri nuen: Paulo Coelhoren "Once minutos" liburua. Bikaina.
Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Apunteak… Presioa behar izaten dut ikasi eta kontzentratzeko.

Bertutea: Entzutea asko gustatzen zait.
Akatsa: Hoztasuna. Askotan, ez dut lortzen adierazi nahi dudana aditzera ematen.

Ametsa: Niretzat eta herriarentzat erabakitzeko askatasuna.
Amesgaiztoa: Norekin konpartitu ezin izatea.

Barre algara eragiten dit: Koadrilak.
Negargura ez dut urruti:  “Como agua para chocolate” liburuak asko hunkitu ninduen.

Urrea: Herriaren alde, modu anonimoan lanean dabiltzanei.
Ikatza: Mina egiten gozatzen duenari.

“Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…”: Ate batzuk joa naiz, baina zabaltzea biren kontua da. Kalabazin batzuk jaso eta emanak ditut.
“… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon”. Jasotako kalabazatxoetatik asko ikasi dut, nortasuna elikatzeko izan baitira.

Zure izenari ohore egiten al diozu? Ez itxuraz, baina bai izatez.
Noiz jartzen da serio Alaia? Behar baino gehiagotan. Niri edo ingurukoei min egiten digutenean.

Hatzak miazkatzen ditut: Jogurtezko izozkiak eta entsaladak janaz.
Gogoko ez dudan jakia: Arrautza duen edozein jaki.

Dirua ordainduko nuke: Lagunen bati ilusioa egingo liokeen zerbait lortzearren.
Ez nioke xentimorik ere emango: Xentimorik emateko prest ez dagoenari.

Oporretan, uharte batera zer hiru gauza eramango zenituzke? Lagunarte ona, izozki tona bat, eta konpainiaz aspertuz gero, ihes egiteko txalupa.
Zer hiru gauza egin daitezke udako euriari aurre egiteko? Zinemara, hondartzara eta paseatzera joatea, euritan bada ere.