Alaba faboritoa

Alaba faboritoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alaba-faboritoa/@@download/image/20119227508sangue_IV.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Abaroa
Momentuz, eta sorpresarik ezean, Sail Ofizialeko nire faboritoa da 'Sangue do meu sangue' film portugaldarra. Ikusteko ederra delako, zuzendariak hartutako lizentzia artistikoak narrazioaren alde egiten dutelako, aktore talde aparta duelako, istorioa gogorra izanda ere guztiz sinesgarria delako, eta bi ordu eta hogei minutuak hasperen batean joan direlako.

Ama bat bere bi seme-alaba eta ahizparekin bizi da Lisboa kanpoaldeko auzo batean. Harremanak ez dira errazak eta are gehiago nahastuko dira alaba ezkondutako gizon batekin eta semea droga kontuetan sartuta dabiltzala azaleratzean. Hasiera batean familia arteko tira-bira direnak etxetik kanpo leku ilunagoetara zabalduko dira eta drama kostunbristak gizakiaren alderdirik krudelenari utziko dio lekua.

Bide horretan, aipatzekoa aktore talde guztiaren lana, baina batez ere Rita Blanco eta Anabella Moreirarena. Lehena, Marcia amaren azalean, konplize, arduratsu ageri da alabarekiko eta urrun, iheskor, semearekin. Hala ere, Blancok trinkotasun erabatekoa ematen dio. Moreira aldiz, Marciaren ahizpa legez, eder bezain triste dago bere bakardadean. Inork maite ez duela, bere burua maite ez duen emakume hauskorra eratu du.

Joao Canijo zuzendariak aktore protagonistekin eurekin elkarlanean idatzitako gidoiak zailtasun nagusi bat du zuzendariarentzat. Sekuentzia gehienak eraikinen barnean errodatuta daude, normalean, bi pertsonaia baino gehiagorekin eta sarri espazio oso txikian. Canijok kamera leku egokian jartzen du, nor planoan eta nor planotik kanpo utzi elkarrizketaren esanahiaren arabera erabakita, eta ez hainbeste uneoro nork hitz egiten duen kontuan hartuta. Horri gaineratu behar zaio irudien plastikotasun fotografikoa. Eta azkenik, baliabide arkitektonikoak baliatuz eszena askotan planoa bitan zatitzen du modu ederrean, baina garrantzitsuagoa dena, momentuan jazotzen ari diren bi elkarrizketak eramangarri eginez.

'Sangue do meu sangue'


Zuz: Joao Canijo

Akt: Rita Blanco, Anabela Moreira, Cleia Almeida, Rafael Morais.