Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe eta Pelax izango dira Katapulta Tour Gipuzkoan
Katapulta Tour Gipuzkoa programaren IX. edizioak ere helburu bera izango du: musikako eta arte eszenikoetako proiektuei profesionalizaziorako bidean laguntzea. Parte-hartzaileek zuzeneko emanaldiak eta prestakuntza-programa egin ahal izango dituzte. Horretaz gain, entseguetarako espazioa eskainiko zaie eta sustapen-bideo bat ere egingo zaie. Gainera, deialdian izena emandako proiektu guztiek komunikazio eta sustapeneko, eszenografiako, produkzioko, ekonomiako eta fiskalitateko prestakuntza-programan doan parte hartzeko aukera izango dute.
Hamar artistak parte hartuko dute aurtengo edizioan. Horietatik zortzi musika arlokoak izango dira: Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax eta The Donkey Riders. Gainerako biak, berriz, arte eszenikoetakoak: Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up.
2024ko deialdian, hiriburutik kanpoko proiektu ugari aurkeztu dira, 82, eta baita euskarazko proiektu asko ere, 83 hain zuzen ere. 30 urtetik beherako kideak dituzten 67 proiektu izan dira eta emakumeen partaidetza duten 70. Bederatzi deialdietan, guztira, 713 artistaren 1.027 inskripzio jaso dira. Urtea amaitzerako, 114 proiektu babestuko dira, 88 musikakoak eta 26 arte eszenikoetakoak.
