Ajea nik?

Ajea nik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ajea-nik/@@download/image/42p39-1.jpg
2004/06/04
erreportajea
Ajea nik?
Atzo parranda eta gaur, bestondoa; ez da harritzekoa. Ez kezkatu: pixka bat zainduz gero, berehala egongo zara berriro parranda egiteko sasoian.

Haizea hartu
Atera zaitez etxetik eta paseoan ibili, haize freskoak on egingo dizu eta. Hori bai, ez igo mendi puntaraino; ajearekin gaudenean, oro har, motelago gabiltza. Eta, batez ere, eguna lasai hartu.

Ura, fruta eta zukuak

Bestondoari aurre egiteko, gorputzak ura eskatzen du. Urak mineralak eta bitaminak ematen dizkigu, besteak beste. Zukuak ere primerakoak dira, batez ere laranjazkoak eta limoizkoak. Jakina, neurrian hartu behar dira. Izan ere, laranja zukuek kakapirria eragiten dute. Bestela, har ezazu aspirina bat.

Bikarbonatoa

Substantzia honek gorputza garbitzen du. Basokada bat ur hartu eta bota bikarbonato goilarakada txiki bat. Gorputz zikinenak ere garbitzen ditu bikarbonatoak.

Gutxi jan

Ez jan gehiegi. Horrelako egunetan, patxada eman behar zaio gorputzari. Onena barazkiak, arrain zuria eta pasta jatea da; energia hartuko duzu eta hobeto sentituko zara. Eta amaitzeko? Kamamila-urak primeran utziko zaitu. Badakigu ez duela zapore onegia, baina ahalegina egin behar da.

Isiltasuna

Lo-kuluxkak biziberritu egingo zaitu. Zaratak saihetsi —nahikoa duzu buruan—, eta etzan zaitez nonbait. Badaezpada ere, itzal ezazu telefonoa, lo zaudenean jotzeko ohitura baitu madarikatuak. Bestalde, gurasoei eta anaia-arrebei bakean uzteko eskatu.

Ur azpian

Buruko mina ez bazaizu kendu, zergatik ez duzu bainu lasaigarri bat hartzen? Bete ezazu bainera eta bota itzazu uretara belar lurrintsuak. Erremedio honek ez du huts egiten… Baina, hurrengoan, ez tantorik edan, mesedez.