Aitziber Etxeberria: “Idazteak askatasuna ematen du”

Aitziber Etxeberria: “Idazteak askatasuna ematen du” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aitziber-etxeberria-idazteak-askatasuna-ematen-du/@@download/image/36p37-1_1368643061.jpg
2003/12/05
elkarrizketa
Aritz Gorrotxategi
Aitziber Etxeberria: “Idazteak askatasuna ematen du”
Aitziber Etxeberria zarauztarrak lehen eleberria kaleratu berri du: "Tango urdina". Hiria eta bertako biztanleak dira liburuko protagonistak.

Nortzuk jarri dituzu dantzan?
Pertsonaia arruntak. Nobela hiri bateko zenbait biztanleren inguruan dabil jira biraka. Nor bere etxean bizi da, besteengandik banandurik, bere arazoekin; itxuraz, gainerakoenekin zerikusirik ez dutenak. Gerora, ordea, bestela gertatzen da. Nobelan hainbat belaunalditako pertsonaiak ageri dira.

Pertsonaia horien aniztasuna bizi al du Aitziberrek bere baitan?
Egia da arazo edo gertaera baten aurrean ikuspuntu desberdinak izan ditzakedala. Alde horretatik, idaztean, beti duzu inoiz egingo ez zenituzkeen gauzak egitea. Idazteak mundu paraleloak sortzeko askatasuna ematen du, eta alde horretatik, denok barruan daramagun aniztasun hori, modu imajinarioan behintzat, gauzatzeko aukera ematen du.

Zergatik korapilatzen ditugu gizakiok harreman sentimental guztiak? Zertan egiten dugu huts?
Beldurrak zapuzten ditu, askotan, giza harremanak. Ia denok aurrean dugun pertsonaren gogoko izan nahi dugu eta horrek muga gaindiezinak jarri ohi dizkio gure buruari.

Zer eman diezaioke idazle batek gizarte globalizatuari? 
Mundu globalizatu honetan, idazle ezberdinak eta kolore guztietakoak egotea are beharrezkoagoa dela uste dut. Globalizazioak harekin dakarren mundu kolore bakar hori alaitzeko balio du eta.

Emakumea ahots sendoz ari da lekutzen euskal letren panoraman. Bereziki idazle gazteen kasuan. Hor ditugu, besteak beste, Jasone Osoro edo Ixiar Rozas. Non lekutzen du bere burua Aitziberrek? 
Ez zait inoiz gustatu neska edo emakume izateagatik aipamen berezirik egiterik, ez onerako eta ez txarrerako. Emakumea naiz eta harro nago horretaz, baina ez zait iruditzen horrek dohain berezirik adierazten duenik; emakume izatea nire izaeraren ezaugarri intrinsekoa besterik ez da.