Aitor Gorosabel: “Flipatu egiten dut surfarekin"

Aitor Gorosabel: “Flipatu egiten dut surfarekin" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aitor-gorosabel-flipatu-egiten-dut-surfarekinquot/@@download/image/89p24gorosmoztu_1363213591.jpg
2008/10/03
elkarrizketa
Aitor Gorosabel: “Flipatu egiten dut surfarekin"
Milaka gara Su ta Gar-en kontzertuetan lepoa txikitzeraino burua astinduz ibili garenok. Han edo hemen, batean edo bestean, seguru noizbait ikusi ditugula. Ez da harritzekoa: 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte 20 urteko bide luzean. Aitor Gorosabel, taldeko frontman-a izaki, mito izan da (edo da) askorentzat. Nolakoa ote da mitoa? 

Eibarren hartu du GAZTEZULO 38 urteko gitarra jotzaileak. Autopistaren ordainlekuan egin dugu hitzordua, eta hantxe agertu da bere Ford zaharrean, Haika txakurra ondoan eserita, kopiloto. Bostekoa eman, eta entsegu lokaleraino eraman gaitu, Eibarko kaleetan dozena bat bider abiadura arauak hautsiz. Lokal txikia dute, ozta garajetxoa. Sukalde baten tamaina du, alajainkoa! "Txikia al da? Nahikoa!", esan du.

Begi txikiak ditu, eta muturra pixka bat kanporaka. Ile luzea du, sorbalda zabalak, lepo indartsua. Jenio txarrekoa ematen du, tabernatan ordu txikitan kolpeka amaitzen duten horietakoa. Hitz egiten hasi orduko, ordea, lehen inpresioaren okerraz jabetzen gara. Gizon alaia da, segituan konfidantza ematen duenetakoa. Hitz ere, hala egiten du, gogoz, nahi baino askoz ere gehiago. "Gustura nagoenean beti hitz egiten dut gehiegi", ohartarazi du. 

Elkarrizketa pertsonala egitekotan etorri naiz, baina pisu handia du Su ta Garrek; zuk zeuk, Aitor abeslaria eta Aitor gizabanakoa bereizteko arazorik izaten al duzu?

Tira, tokiaren arabera. Ni izatez oso lotsatia naiz, eta taldeak asko lagundu dit horretan, harremanetan-eta, jendezale edo ireki papera betetzen. Euskal Herrian nagoenean, oso zaila egiten zait abeslaria baztertzea, ez bada etxean, adibidez. Ez pentsa, batzuetan ahaztu egiten zait, baina gutxitan. Edozein tokira noala, bekokian idatzita eramaten dut: "Aitor, Su ta Gar".

Horrek ez al dizu errezeloa sortzen? Zurekiko harremanak zein neurriraino diren zintzoak, gerturatzen den horrek zer nahi ote duen benetan, eta abar.

Oso inuzentea naiz. Norbait hurbiltzen denean ongi pentsatzen dut, jendea zintzoa dela. Gerora konturatzen naiz, beti ez dela horrela. Hala ere, esango nuke jendea diskretoa dela, ez dela ni akaparatzen saiatzen. Bestetik, hau ere gertatzen da, askotan aldarte onean gerturatzen direla, baina benetan inbidia sentitzen dutela, eta gero gaizki esaka ibiltzen direla. Hori ere gertatu izan zait; baina ez da nirekin gertatzen den zerbait. Ezaguna izateak hori dakar. Gauza bitxia da. Gertatu izan zait jakitea gogoko ez nauen norbaitek kanpoan Eibarkoa dela esatea, "Su ta Garren herrikoa", eta horretaz harrotzea, eta gero, herrian, ni agurtu ere ez egitea.

Film argentinar batean esaldi hau entzun nuen behin: "aberria lagunak dira".

[Une batez pentsatzen geratu da] Joder, ba egia da, bai. Ados nago esaldi horrekin. Lagunak, familia… norbait zarela sentiarazten dizutenak, ezta? Kanpoan bizi ondoren herrira itzultzen den horrek, inor ezagutzen ez badu, zer esango du? Aberrira itzuli dela? Gerta daiteke ere norbera bere herrian arrotz sentitzea. Bazoaz betiko tabernara, ez duzu inor ezagutzen… Egia da, bai. Beste kontu bat da nazio kontua, ezta? Hizkuntza dela, edo nortasuna dela. Horrek ere garrantzia handia du.

Zuek fabrika hemen duze, Eibarren. Pixka bat deigarria da, legendak jende ospetsuak herria uzten duela esaten baitu.

Guk hemen dugu fabrika, hemen egiten dugu lana, eta horrek asko mugatzen gaitu. Duela 7 edo 8 urte, babestuta bizi nintzen ni Eibarren, baina gero hori aldatu zen. Ikusten hasi nintzen inbidia sortzen zela, lehen maite ninduen baten batek jada ez ninduela maite, zutaz ari direla hitz egiten… "Ostia, zer gertatzen da!", pentsatzen duzu. Ez dakit, ni ez naiz batere dibo sentitzen, ez dut uste fama burura igo zaidanik, mundu guztia agurtzen dut kalean. Mutil kozkor batek agurtzen banau, ni pozik. Onespena piloa eskertzen dut. Lehen esan duguna: ezaguna izatearen ajeak. Jende artetik burua pixka bat ateratzen baduzu, segituan sortuko dira, maite zaituztenak bezala, gorroto zaituztenak. Jendeak frustrazioak besteongana botatzen ditu, segituan aurkitzen du besteongan bazka.

Zarautzen ibili zinen, orain Ermuan…

Zarautzen ikaragarri bizi nintzen, hondartza ondoan, baina maitasunak (neskalagunak) ekarri ninduen Ermuara. Ermuan oso ondo bizi naiz, oso herria da, etxean bezala sentiarazten zaituena, baina, aldiz, gaztelau komunitatea handia da, eta, beraz, oso arrotza naiz. Eibar nahikoa zuloa da, eta horrek izaera asko ukitzen du, jendea oso barrura begira bizi da. Zarautzen, adibidez, hondartza hor duzu: itsasoa, zabaltasun handi hori, eta horrek, nolabait, badu eraginik. Txutxumutxu gutxiago dagoela esango nuke. Horrek ez du esan nahi Eibarren kristorena balio duen jenderik ez dagoenik, eh, kontuz.

Roberto Arlt idazleak Eibarri buruzko kronikatxo bat idatzi zuen duela 70 bat urte, eta esan zuen bizikleta fabrika batera sartu zenean ez zituela langileak ulertzen, euskaraz ari zirelako.

Eibar asko aldatu da, eta nahikoa desideologizatuta dagoela iruditzen zait. Hil amaierara iristeko nahikoa lan du jendeak, etxea ordaintzeko, eta abar. Bestelako arazoentzako indar gutxi. Baina Eibar oso herri langilea eta gorria izan da beti, oso ekintzailea. Pilotaleku handia dugu, futbol zelaia, zinemak… denetik, eta oso herri txikia da! Horrek zerbait erakusten du. Nire aitona gernikarra zen, eta halako batez hona etorri zen, langile bilera batera. Eibartarrek oso ospe txarra zuten, "los rojos" zirelako, deabruak. Aitona, ordea, Gernikara bueltatu zenean, harrituta zegoen: "A zer jendea aurkitu dudan, dotorea, jatorra, jende ona!".

Idazle batek esaten zuen bizitza nerabezaroa dela; horren ondoren, epilogoa baino ez dagoela, hau da, agurra, despedida luze bat.

Gaztea zarenean indarra duzu, baina gero gauzak baloratzen ikasten duzu. Gaztetasuna ihesi doa, eta hainbat gauzatan jokoz kanpo daude. Bilboko jaietan, txosnetan, ikusten duzu zu zarela zaharrenetakoa. Betiko tabernetan ere, horixe gertatzen da, gutxika apartatuta zaudela. Nire lanagatik, ordea, gazteekin etengabe egotea egokitzen zait, eta horrek asko gaztetzen nau. Kanpotik igartzen dut zahartzen ari naizela, baina barrundik beste gauza bat da. Ikusi, azkenaldian, hona jotzera etorri diren hainbat artista, zenbat urte eta zer nolako ispiritu gaztea! Gauza bat esango dizut: nik, orain, hasi nintzenean baino gehiago gozatzen dut eszenatokian. Hasieran, urduritasunagatik-eta, askotan sufritu ere egiten nuen. Orain, aldiz, ba gerta dakidake hasteko nagikeria pixka bat edukitzea, baina, hasi orduko, musika entzun orduko… Nola esan? Hor nabaritzen dudan indarra, gogoa, hori ikaragarria da. Inoiz baino potenteagoa.

Askotan entzun dut: "Su ta Garrekoak de puta madre bizi dituk", baina atzo entseatzen ari zineten, eta gaur kontzertua duzue: horrela 20 urte daramazue.

"Zuek raka-raka egin, eta bizitzera!", eta horrelakoak askotan esan dizkigute, bai. Duela gutxi eztarrian ebakuntza egin zidaten (kistea nuen, eta hura kentzeko), eta hilabete osoa hitz egin gabe pasatu behar izan nuen. Medikuak dena ongi atera zela esan zuenean Xabirekin [Xabier Bastida, taldekidea] ospatzera joan nintzen, Berrizko jatetxe batera, txuleta on bat jatera. Han aurkitu nuen ezagun zahar bat, eta hark: "Jode, hona etortzen zarete bazkaltzera, zuek bizi zarete!". Eta hura hantxe, txuleta erraldoia mutur parean. Badakizu, norberak beti uste du ondokoa hobe bizi dela. Nik, hala ere, askotan esaten diot jendeari: "Aizu, hartu gitarra bat, eta igo oholtzara!". Baina inork ez du egiten. Errazagoa da esatea, egitea baino. 700 kontzertu baino gehiago egin ditugu, eta hori ez da sofan etzanda egiten. Aitak esaten zuen: "Ez dago ekimen handiko tonto bat baino ezer okerragorik". Ni pertsona normala naiz, zer uste dute ba, egun osoa larrutan pasatzen dudala?

Ez da izango!

[Kar, kar] Ni baino askoz gehiago egin dutenak makina bat daude Euskal Herrian.

Makina bat?

[Kar, kar] Bueno, ez dakit! Baina hori ez da musikaria izateagatik. Horrek ez du ezer esan nahi. Bakoitzak bere izaera du, bere balioak. Askotan pasatu izan zait kalera harrapatzera atera, eta esku hutsik itzultzea; eh, badakizu nola den hori, behar gehien dagoenean, erraztasun gutxien!

Garai bati oso lotutako izena da Su ta Gar, baina duela 20 urte sortu zen taldea; gaur egun izenak esanahi berbera izaten segitzen du, tamalez.

Oso garai gogorrean sortu zen taldea (eta izena), eta orain, agian, garai gogorragoak dira. Kantak esaten zuen: "Urteak pasa, eta berdinetan gaude". Jende askok esaten du orain hobe bizi garela. Hobe? Zertan hobe? Askeagoak gara? Oso ikuspegi motza du jendeak. Injustizia asko dago, eta urte asko pasatu beharko dira konpontzeko. Hori, politikari dagokionean; baina, sozialki ere, ez dakit jendeak zergatik esaten duen ongi bizi garela: lan eta lan, ez dugu besterik egiten! Auto hobea izateagatik bizi al gara hobe?

[Aitorrek buruan bisera daramagula ikusi du, eta arretaz begira geratu zaigu: "Hik badaukak estiloa bisera janzteko, bat oparituko diat". Autora joan da, eta anabasaren erdian bilatzen hasi da. Haika inguruan du, saltoka, arreta eske. Su ta Gar-ekoak lokala mendi aldean dute, oso ingurune ederrean. Auto gutxi ibiltzen da. Gutxi horietako bat geratu da, ordea, eta gidaria (adineko gizon bat) gitarragatik hasi zaio galdetzen Aitorri. Berak talde batean jotzen zuela aipatu dio (ez dugu izena entzun). "Hemen gaude, nahi duzunean agertu zaitez, eta joko dugu pixka bat!", erantzun dio. Bisera aurkitu du azkenik. Beltza da. Jantzi dugu, eta Aitorrek ez du lausengurik gorde: "Ostia! Estiloa daukak bisera janzten!"].

Surfa ere egiten duzu.

Flipatu egiten dut. Bost urte daramat, eta ari naiz ikasten pixkanaka. Oso kirol zaila da, oso gogorra, eta asko eskatzen duena. Jende askok uste du hasi eta berehala ikasten duzula. Itsaso zakarra dagoenean, adibidez, hor ezin da ezer egin, ezin da arraun egin, eta olatuek ikara handia ematen dute. Olatu batek azpian harrapatu eta 'garbigailuan' sartzen zaituenean, hor gauza asko pasatzen dira zure burutik: "Aterako al naiz!". Ikasten zoazenean beldurra galtzen duzu, baina tira.

Ilusio handiz hitz egiten duzu, ezta?

Niretzako, ihes egiteko modua da. Nire mundua Eibar zen, musika, eta hortik kanpora gutxi. Orain Zarautz ere badaukat, oso jende sanoa. Surflari ospetsuek [Miriam Imaz, Hodei Collazo, Aritz Aranburu…] agurtu egiten naute, pentsa! Niretzako hori kristorena da, sekulako subidoia. Jende gaztea hurbiltzea eta "zelan Aitor?" galdetzera, txo, hori ikaragarria da, nire idoloak dira! Garai batean Bruce Dickinson edota Steve Vai zirenak, orain haur horiek dira: nola ibiltzen diren olatu gainean! Lehen aipatzen nizun gaztetasunarena; ba berdin gertatzen da hemen. Askotan ari naiz hitz egiten 25 urteko morroi batekin, eta ez naiz konturatzen 13 urteko aldea dugunik. Hori oso polita da.

Harrigarria egin zait surflari gazteen eta Steve Vairen arteko alderaketa hori.

[Kar, kar] Tira, horiek ere nire idoloak dira, baina ezberdina da. Nik sentitzen dut musikaren munduan asentaturik nagoela, badudala segurtasun bat, eta, aldiz, surfak erronka izaten segitzen du, hobetu nahi hori. Surfean bira bat egitea izugarria da. Uretik atera eta norbaitek esatea: "Txo, kristorena egin duk!". Hori? Hori baino handiagorik ez dago!

Nolatan Zarautzera joateko erabaki hura?

Duela urte batzuk (2001ean) aita hil zitzaigun, eta ama gaiso ibili zen. Bera izatez gernikarra da, kanpokoa, eta nahikoa bakarrik geratu zen, pixka bat hanka-motz. Ni ere ez nengoen Eibarren bereziki gustura, beraz, han eta hemen etxeak begiratzen aritu ginen, berarentzako erosoagoa izan zitekeena, lasaiagoa (orduantxe jubilatu zen). Zarautzen aurkitu genuen alokairuzko gauzatxo bat, eta bertan jarri ginen hil pare bat pasatzeko, baina, horren gustura egonda, hil horiek luzatzen hasi ziren. Hasieratik hasi zitzaizkidan animatzen: "Hi, proba ezak surfa, hau laostia duk!", eta horrela egin nuen lehen ikastaroa, Jokin Agoterekin. Lehen aparra hartu, eta berehala jakin nuen ordu asko pasatu behar nituena.

Asier Osoro taldekideak taldea utzi du, nola izan da?

Bigarren umea izan du, eta bazuen gogoa uzteko. Bizitza ordenatuago baten beharra zuen, ulertzekoa denez. Haurrak txikiak dira, ez dute autonomiarik, zuk egon behar duzu gainean, ezta? Pixka bat traumatikoa izan da. Borxarena bere garaian oso gogorra izan zen, eta urteetan eraman dugu orduan gertatutakoaren zama. Sekulako arazoak izan ditugu. Orain Asier joan da, eta zaila izango da ordezkoa aurkitzea. Lan hau horrela da, etengabe sortzen dira arazoak, baina aurre egin behar zaie.

Aitor Gorosabelen kuttunak



LIBURUAK: El perfume. Oso irakurle txarra naiz. Ikasle garaian asko irakurtzen nuen; prentsa, batik bat: Euskaldunon Egunkaria-ren lehen urteetan, adibidez, egunkaria hasieratik amaierara irensten nuen. Gauetan gitarra jotzen dut, eta telebista ikusten egoten naiz. 16 urterekin irakurri nuen El Perfume, eta oraindik asko gogoratzen dut: xurgatu egin ninduen.
DISKOA: Queen-en A Night at the Opera. Berandu deskubritu dut Queen, eta harrituta naukate. Queen entzuterakoan talde piloa entzuten duzu, ikusten duzu zer nolako eragina izan duten. Bohemian Rhapsodi da gehien gustatzen zaidan kantuetako bat.
FILMA: Aupa Etxebeste! Egia esan, asko dibertitu nintzen. Garai batean Bergarako neskalaguna izan nuen, eta film horretan herria ikusterakoan, asko gogoratu nintzen, pixka bat malenkoniaz, agian.
GITARRA: Gibson. Marka berezia da, ez duelako diseinuan-eta ezer arrarorik egiten. Gitarra "zaharrak" dira. Gaztetan, gitarra erosterakoan, baztertu egin nuen, kutsu hori zuelako, baina, egia esanda, kristoren soinua dauka. Badu bereizgarri bat: Gibson gitarra batek ez du denborarekin bere jatorrizko soinua galtzen.
GITARRA JOTZAILA: Satriani, Steve Vai