Aitor Etxebarria: "Filmak esan dit zein zen behar zuen soinu banda"

Aitor Etxebarria: "Filmak esan dit zein zen behar zuen soinu banda" El_Txef_Ak bere izenarekin argitaratutako lehen diskoa aurkeztu du, 'Markak', Gernikako bonbardaketaren memoriaren inguruan Hannot Mintegiak zuzendutako dokumentalaren soinu banda bildu du bertan. Biekin izan gara berriketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aitor-etxebarria-filmak-esan-dit-zein-zen-behar-zuen-soinu-banda/@@download/image/gaztezulo_el_txef_a.jpg
2017/05/10
elkarrizketa

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Argazkiak: Galder Izagirre

El_Txef_Ak bere izenarekin argitaratutako lehen diskoa aurkeztu du, 'Markak', Gernikako bonbardaketaren memoriaren inguruan Hannot Mintegiak zuzendutako dokumentalaren soinu banda bildu du bertan. Biekin izan gara berriketan.
Aitor Etxebarria: "Filmak esan dit zein zen behar zuen soinu banda"

Aitor Etxebarriak (Gernika, 1985) alde batera utzi du El_Txef_A ezizena, eta bere izenarekin kaleratu berri du Markak, Gernikako bonbardaketaren memoriaren inguruan Hannot Mintegiak zuzendutako dokumentalaren soinu banda biltzen duen vinilo sorta. Tabakaleran bildu gara hirurok, Gernikaz, belaunaldi berriez, eta nola ez, musikaz hitz egiteko.

 

 

Bonbardaketaren 80. urteurrenean dokumentala egiteko enkargua jaso zenuten; hau al da elkarrekin lan egiten duzuen lehen aldia?

HANNOT: Aurretik kolaboratu izan dugu elkarrekin, esate baterako, Jai Alai Blues dokumentalean; beraz, aukera logikoa izan zen Aitor aukeratzea Markak dokumentaleko soinu banda egiteko. Dokumental hau enkargua izan zen, bai, baina biok gernikarrak izanik, segituan bihurtu zen proiektu pertsonal bat. Ez da film historizista bat; orainaldian pentsatuta dago. Bernardo Atxagaren Markak liburuaren adaptazio bat baino, abiapuntu bat izan da guretzat, egun bonbardaketak duen garrantziaz mintzatzeko.

 

AITOR: Soinu banda egiteko deia jasotzean ardura handia sentitu nuen; alde batetik, aurretik halako lanik egin gabea nintzen, eta bestetik, gernikarra izanik ere, lan honetan murgildu aurretik nahiko arrotza zitzaidan bonbardaketaren gaia; nire familian entzun izan ditut zuzeneko testigantzak, baina orain arte ez naiz erabat kontziente izan bertan gertatu zenaz.

 

Zuk Aitor, lehen aldiz sortu duzu soinu banda bat, eta gainera, El_Txef_A alde batera utzi, eta zure izenarekin argitaratu duzu diskoa; etapa berri bat hasi duzu?

AITOR: Izen aldaketarena nahiko inpultsiboa izan da; egin nuenean ez nuen oso argi zergatik. Gerora otu zait dokumental honetarako soinu banda egitea nire lana zerotik hastea bezalakoa izan dela, eta Gernikakoa izanik, zentzu gehiago zuela nire izenarekin sinatzea. El_Txef_Ak baino, zentzu gehiago dauka Aitor Etxebarriak egindako lana dela adieraztea.

 

 

 

Biok zarete gernikarrak; nola bizi du zuen belaunaldiak bonbardaketa eta atzetik etorritako guztia?

HANNOT: Nire kasuan, ez dut senideen artean zuzeneko testigantzarik edo loturarik bizi, eta beraz, errelato gutxi entzunda nituen orain arte. Ezagutzen nuen noski jendeak hemen bizi zuen infernua, eta beti egon da hor Piccasoren koadroak utzitako pisu sinbolikoa, ia gertakaria bera irentsi duena. Uste dut urte askotan egin diren ekitaldi instituzional eta ofizial horiek urrunak eta errepikakorrak izan direla, Dalai Lama ekartzea bezala... aldiz, 75. urteurrenean, LOBAK  izeneko plataforma herrikoia jarri zen martxan, eta oinordekotzaz hausnarketa serioa egiten hasi ziren, lehen aldiz, herritarrekin zuzeneko ekimenak martxan jarriz. Hori izan da gure informazio iturri nagusia dokumentalean.

 

Eta zure kasuan Aitor, nola moldatu zara musikaren bitartez dokumentalean bildutako testigantzei artistikoki erantzuteko?

AITOR: Sentsazioekin mugitu naiz, zerotik hasiz. Ez dut soinu bandarik ikertu; egia da azken hamar urtetan sakon ikertu dudala musika elektronikoa, eta etengabe ibili naizela gauza berriak xurgatzen, baina kasu honetan, filmak berak esan dit zelako musika eskatzen zuen une bakoitzak. Musikalki, ia zientifikoki zehaztu daiteke akorde bakoitzak guregan duen eragina, alaitasuna edo tristura transmitituz; kode horiek txikitatik ikasten ditugu. Konposatu dudan musika oso mantrikoa da, errepikapen askorekin, sentsazioak transmitituz baina ikusleari eragotzi gabe, zaratarik sortu gabe. Soinu klasikoagoak dira, nahiz eta zenbaitetan zikina ere baden.

 

Musika elektronikoak ba ote du soinu banda batek transmititzen dituen sentipenak loratzeko ahalmena?

AITOR: Egia esan, sekulako erronka izan da soinu banda bat konposatzea, baina esango nuke nire berezko musikatik ez dagoela horren urrun. Nire doinuak nahiko melankolikoak dira; etorkizunean film baten soinu banda egitea izugarri gustatuko litzaidake. Oraintxe, beste dokumental baterako soinuak prestatzen nabil. Egia da doinu klasikoagoak erabili ditudala, baina nire ustez, ikusleari trabarik jartzen ez dion bitartean, musika elektronikoak transmititu dezake irudiak eskatzen duen hori.

 

"Esan daiteke gu garela testigantza horiek entzutera iritsi garen azken belaunaldia"

 

Diskoa New Yorken aurkeztuko duzu bandarekin; ze beste emanaldi eskainiko dituzue?

AITOR: Soinu bandarekin 300 binilo kaleratu ditugu nire Forbbiden Colours Alemaniako zigiluarekin, eta dagoeneko ia guztiak agortu dira. Azken hilabeteetan nahiko geldi ibili naiz, eta badut berriro bidaiatzen hasteko grina. Aste honetan bertan hasiko dut bira bandarekin, Hibai Etxebarria anaia (pianoa), Hannot Mintegia (gitarra), Jatsu Argarate (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Leire Pikabea (biolina) eta Itziar Lertxundi (biolontxeloa). Gure datozen ziten artean Bartzelonako Sonar jaialdia eta New York ditugu. Ondoren, neguko birari ekingo diogu.

 

Dagoeneko testigantza gutxi gelditzen dira duela 80 urte Gernikan gertatu zenaz; nolako dokumentala grabatuko zenukete ehun urte barru?

HANNOT: Data horretarako dagoeneko ez dira zuzeneko testigantzarik izango; esan daiteke gu garela testigantza horiek entzutera iritsi garen azken belaunaldia. Dena den, aurretik aipatutako LOBAK plataformari esker, testigantza horien lekukoa eta oinordekotza ez da galduko. Sekulako lana egiten dabiltza, eta dagoeneko hasi dira 2037ko urteurrenari begira lanean. Beraz, mendeurrenean dokumentala grabatu beharko banu, zuzenean haiengana joko nuke.

EL_TXEF_A, 2015eko maiatzeko azala GAZTEZULOn

El_Txef_A: "Teknoaren alde kulturala gailentzen hasi da"