Aitor Alonsoren 'Bizikletak' erakusketa ikusgai da Leioan

Aitor Alonsoren 'Bizikletak' erakusketa ikusgai da Leioan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aitor-alonsoren-bizikletak-erakusketa-ikusgai-da-leioan/@@download/image/20124179765Aitor_Alonso_Kartela_2.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Alonsoren 'Bizikletak' erakusketa ikusgai da Leioan
Hogeita bost urte luzez bizikleten piezak eta osagaiak batu ditu Aitor Alonso Arenazak, eta ibilgailuaren ibilbidea gogora ekartzeko asmoz erakusketa jarri du Leioan. Apirilaren 14az geroztik da zabalik, eta maiatzaren 20ra bitarte bisitatu ahal izango da bilduma. Frantzian asmatu eta Ingalaterran perfekzionatu zuten ibilgailuari omenaldi txikia egin dio horrela santurtziarrak.

Langileen eguneroko erraminta, industria berezi baten iturburua, bakarkako zein taldeko paseoetako laguna, eta bereziki, kirolerako funtsezko tresna da gaur egun bizikleta. Euskal Herrian, hain zuzen, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Eibarko hainbat enpresak berau fabrikatzen hasi ziren, arma-enpresen itxieren ostean.

Pixkanaka, denborak aurrera, bizikletaren ekoizpen osoa garatzeko lantegiak jarri zituzten martxan Eibarren eta inguruetan, eta industriak indarra hartu zuen. Motordun ibilgailuak agertu bitartean, gainera, oinarrizko ibilgailua izan zen, eta herritarren beharretara egokitzeko aldaketak jasaten joan zen, gaur egungo modeloetara iritsi arte.

Aitor Alonsok, baina, azken hogeita bost urteetako aldaketa horien bilduma osatu du. Euskal industria, eta bereziki Eibarkoa, omentzeko asmoa ere izan du, dibertsifikaziora moldatu behar izan baitzuen uneko beharrei erantzuteko. Bizikleta maite dutenentzat, erakusketa paregabea osatu du.

Ordutegia


Astelehenetik ostiralera
10:00etatik 20:00tara

Larunbatak, igandeak eta jaiegunak
11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00tara