Aisialdiaz euskaraz gozatzeko programa Bilbon

Aisialdiaz euskaraz gozatzeko programa Bilbon Gaur hasiko dira ekintzekin eta bisita gidatua egingo dute Bilboko Arte Ederren Museoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aisialdiaz-euskaraz-gozatzeko-programa-bilbon/@@download/image/darabilbo1bai.jpg
2021/09/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaur hasiko dira ekintzekin eta bisita gidatua egingo dute Bilboko Arte Ederren Museoan.
Aisialdiaz euskaraz gozatzeko programa Bilbon

Bilboko Udalak eta hiriko euskaltegien sareak aurten ere martxan jarri dute Darabilbo programa. Egitasmoa euskara ikasten ari direnei, euskara maila hobetu nahi dutenei eta euskaraz bizi nahi dutenei zuzenduta dago. Hainbat jarduera egiten dituzte ikasturtean zehar eta gaur hasiko dira ekintzekin.

Bisita gidatua egingo dute gaur 18:00etan Bilboko Arte Ederren Museora. Jose Ramon Prietoren bilduman oinarritutako Womanology  erakusketa ezagutuko dute bertan. Parte hartu nahi duenak aurrez eman behar du izena darabilbo@gmail.com helbidera idatzita edo 607 530 132 zenbakira deituta. 

Beste jarduera batzuk ere egingo dituzte hilabete honetan. Hilaren 24an elikadura osasuntsu eta bizitza sozialaren inguruko tailerra izango da online Andrea Larreak eta Nahia Zeziagak gidatuta eta hilaren 25ean, berriz, garagardoak dastatzeko aukera izango dute Garagardoaren katedralean Mario Birretiren eskutik. 

Darabilbo 2013an abiatu zen eta geroztik askotariko ekimenak egin izan dituzte. Jarduerak taldean egiten dira, irailetik ekainera bitartean, eta hiriko hainbat tokitan. Interesa duenak, gainera, jarduera berriak proposatu ditzake programari eransteko. Proposamenak whatsapp bidez egin daitezke 607 530 132 telefonora idatzita.